
Hauspotuk euskararen erabilera aztertuko du Galdakaon antolatzen diren ekintzetan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Peio Zamalloa
Hauspotu ekimenak euskararen erabilerari buruzko behaketa egin zuen pasa den irailean ospatutako Santakurtzetan. Orain azterketarekin jarraituko du, eta Galdakaon hurrengo hilabeteetan herritarrentzat antolatuko diren jardueretan egingo du behaketa.
Galdakaoko Udalak, BAGABIZ euskara elkarteak eta BINKEk Hauspotu ekimena jarri zuten martxan elkarlanean iaz. Hizkuntza-eskubideen inguruko defentsa eta zabalkunde positiboa dira egitasmoaren helburu nagusiak eta horretan lan egiten dabiltza ordutik.
Besteak beste, Hauspotuk euskararen erabilerari buruzko behaketa egin zuen pasa den irailean ospatutako Santakurtzetan. Guztira 25 ekintza behatu ziren eta hainbat ondorio atera zituzten ostean, BINKEk jaso zuen moduan.
Azterketa hau abiapuntua izan zen eta Hauspotuk herrian eta herritarrentzat antolatzen diren ekintzetan euskararen erabilera aztertzen jarraituko du hurrengo hilabeteetan.
Bestalde, Hauspotuk gogorarazi du herritarren batek hizkuntza-eskubideen urraketarik salatu, iradokizunik egin edo esker ona erakutsi gura badu, Hauspotu ekimena duela eskura.