Usansoloko Udalaren lehen sei hilabeteak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: BINKEri bidalitakoak
Bizkaiko 113. udalerria da Usansolo iazko abendutik eta ospakizunen osteko hurrengo pausoa Udala eratzea izan da. Zerotik hasi behar izan zuen bidea Usansoloko Udalak eta pixkanaka-pixkakana erabakiak hartzen joan da, «usansolotarren beharrak asetzeko asmoz». Sei hilabete bete dira lanean hasi zirenetik eta berakien hitz egiteko aukera izan dugu epe honetan egindakoaren eta etorkizunaren inguruan.
Urte askotako borrokaren ostean, Usansolo Bizkaiko 113. udalerria da iazko abenduaren 22tik. Estatuko Abokatutzak atzera egin zuen Usansoloko segregazioa baimentzen zuen Bizkaiko Batzar Nagusien erabakiaren aurka aurkeztutako helegitean eta Espainiako Gobernuak egun horretan egin zuen Usansolo Tokiko Erakundeen Erregistroan sartzeko eskaera. Ordutik aurrera, aurretik ere lanean zegoen Usansoloko Udala izan da udalerrian erabakiak hartzeko arduraduna.
Usansoloko Udalerako lehen hauteskundeak 2028an antolatuko dira eta horregatik, pasa den urteko maiatzaren 28an Galdakaoko udal-hauteskundeetan usansolotarrek bozkatu zutena oinarri hartuz eratu zen Usansoloko Udalaren funtzioak betetzen dituen kudeaketa batzordea. Honetan hamaika kide daude: Usansolo Herria plataformako zortzi, EAJ-PNVko bi eta EH Bilduko bat; eta hiru hilerik behin egiten dute osoko bilkura, azkenaldian gehiago izan badira ere premiazko egoareraen ondorioz.
Gobernu taldea. Usansoloko Udalaren gobernu taldea ordea, hau da, plenora eramaten diren proposamenen inguruan erabakiak hartzen duen taldea, Usansolo Herriako zortzi kideek osatzen dute. Agustin Aizpuru da alkatea eta hau da hortaz alkatetza sailaren arduraduna. Bigarren saila aldiz, antolakuntzari dagokio, eta ekonomia, ogasuna eta eraberritze administratiboa batzen ditu, Enrike Barrenetxea eta Jose Angel Garciaren gidaritzapean.
Hiritartasuna da beste sailetako bat eta honetan kultura, euskara, jaiak eta beste hainbat alor uztartzen dituzte Javier Aurrekoetxeak, Leire Aranak eta Alvaro Ruizek. Azkenik, lurralde sailaren arduradunak Julen Urgoiti eta Diego Ortega dira.
Guzti hauen artean, pausoak ematen ari dira gutxinaka-gutxinaka zerotik udala eratzeko eta honezkero sei hilabete bete dituzte egiteko honetan. «Bidea nahiko zaila izaten ari da baina saiatzen gara gure onena ematen gero eta independenteago izateko udal moduan», azpimarratu dio BINKEri Agustin Aizpuru alkateak.
Hitzarmena Galdakaoko Udalarekin. «Hasieratik izan dugun erronka nagusia hauxe izan da: udalerri izan baino lehen Usansolok zituen zerbitzuak mantentzea». Eta prozesu honetan ezinbesteko bidelagun izan dute Galdakaoko Udala, izan ere, honek eskaintzen ditu Usansolon oraindik zerbitzuetako asko, ordainsari baten truke.
Duela aste batzuk iragarri zutenez, bi urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute Galdakaoko eta Usansoloko Udalek eta honek bi adar ditu.
Batetik, Usansolon zerbitzuak eskaintzen dituzten kontratuak mantentzeko lan egin da. Bakoitzaren barruan Usansolon ematen den zerbitzuaren balioa kuantifikatu da eta guztira 3,5 mililoi euro dira eta kopuru hau ordainduko
dio Usansolok Galdakaori urteko amaieran egingo den likidazioan. Besteak beste, kale garbiketa, eraikinen garbiketa, olioaren bilketa eta ahalduntze eskolak eskaintzen jarraituko ditu Usansolon Galdakaoko Udalak.
Lasaitasuna. Bestetik, Usansolo udalerri ofizial eratu zenetik Galdakaok ezin izan ditu zerbitzu batzuk eskaini. Orain ordea, hitzarmen honi esker, segurtasun juridikoa du adibidez Usansolon larrialdiko laguntzak eskaintzeko, hirigintza lizentziak emateko, edo espazio publikoak erabiltzeko baimenak emateko.
Bi adar hauetan Galdakaoko Udalako teknikariek eskaintzen duten laguntzak 500.000 euroko balioa du eta kopuru hau ere Usansolok Galdakaori ordainduko dio urte amaierako likidazioan. Hortaz, guztira 4 milioi inguru eman beharko dizkio.
«Hainbat hilabeteetan zehar lan egiten egon ostean, guretzat lasaitasun handia izan zen hitzarmena sinatzea, izan ere, honekin ziurtatzen genuen zerbitzuak eskaintzen jarraitzen zela», nabarmendu du Javier Aurrekoetxeak.
«Hala ere, udal bien arteko prozesu honetan oraindik gauza bat falta zaigu: usansolotarrek oraindik Galdakaoko Udalean ordaintzen dituzten zergen diru kantitatea zehaztea eta hona ekartzea, 2022ko abendutik gurea delako. Hauek pixkanaka egiten ditugun gauzak dira», azaldu du Aizpuru alkateak prozesuaren inguruan.
Webgune berria. Pixkanaka-pixkakana baina badoa aurrera Usansoloko Udalaren lana. Galdakaoko Udalarekin egindako hitzarmenaz gain, badira bere kabuz antolatzen hasi dituen ekintzak, hala nola, umeentzako udalekuak, herriko taldeentzako diru-laguntzen kudeaketa eta zenbait izapide. Azken hauei dagokienez, honezkero webgune bitartez egin daitezke, Usansoloko Udalak duela aste batzuk martxan jarri zuen webgunetik.
Honetan, Udalaren antolakuntza, honek eskaintzen dituen zerbitzuak, albisteak, plenoen aktak eta beste hainbat gai batzen dira, «usansolotarrek gure herriarekin zerikusia duten gaien berri izateko».
Ertzaintzarekin akordioa. Usansoloko Udalak esku artean duen beste gaietako bat langileena da. Oraindik ez du langile propiorik baina idazkari bat eta administrabo bat kontratatzeko prozesua martxan jarriko dute laster. Halaber, hauek eta Udaleko kideek lan egin ahal izateko lokal baten beharra dute ere.
Bitartean, Usansolon lan egiten duten baina Galdakaoko Udalaren langile diren lau pertsonen egoeraren inguruan erabaki bat hartu behar dute, kontu juridikoak oinarri hartuz, baina haien nahia ere. «Noski, haiei Galdakaoko Udalaren barne geratu edo Usansolokoaren langileak izan nahi diren galdetuko diegu», azpimarratu du Leire Aranak.
Bestalde, Usansoloko Udala akordio batera heldu da Ertzaintzarekin herrian segurtasuna bermatzeko, izan ere, Galdakaoko Udaltzaingoak ezin du Usansolon lan egin honezkero eta Usansolon ez dago oraindik eratuta.
Metroaren arazoa. Gai guzti hauei gainera, Metroaren arazoa gehitu zaie. Metroaren 5. linearen proiektuan Usansoloko gaur egungo tren geltokia kendu eta erdigunea geltoki barik utziko dutela salatzen ibili dira usansolotarrak azken hilabeteetan.
Udalak auzokideekin bat egin du eta Geltokia Erdigunean plataformak egiten ari den lana eskertu du: «Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak egindako proiektua datuetan oinarrituta dago, eta ez dute usansolotarron ahotsa entzun. Guk bizi-kalitatea galduko dugu proiektu honekin eta ez dut uste helburua hau denik», aldarrikatu du Aranak.
«Metroaren arazoarekin beste egiteko guztiekin egin dugun bidea jarraitu dugu: usansolotarrek behar dutena entzun eta irtenbidea bilatu. Konponbide bat nahi dugu», adierazi du alkateak.
Aurrera begira. Orain arte sei hilabete hauetan egindako lan guzti honi begira, Arana, Aizpuru eta Aurrekoetxea bat datoz: «Hilabete gogorrenak jadanik igaro direla espero dugu. Oso kontziente gara asko dagoela egiteko baina egindako bidea izugarri baloratzen dugu, zerotik hasten den udala eraikitzeko lehen pausoak eman ditugulako».
«Orain arte eta hurrengo hilabeteetan egunero eta minuturo suertatzen diren arazoei konponbidea bilatzeko lan egiten gabiltza, baina etorkizunean gure gobernu-taldeko lan ildoak ere finkatu nahi ditugu, besteak beste, euskara, kultura eta beste hainbat alor indartuz», azaldu du Aranak.
«Pertsonalki ere abentura itzela izaten ari da, baina prest gaude gure Udala gero eta independenteago egiteko eta gure auzokideen beharrak asetzeko eta eskubideak bermatzeko», adierazi du Aizpuru alkateak. •