Hauspotu zerbitzua

«Euskara hizkuntza gutxitua da bere herrian, hizkuntza hegemonikoez inguratuta —gaztelania eta frantsesa— eta egoera zaurgarrian dagoena. Horregatik, hizkuntza aniztasuna eta berdintasuna babesteko ezinbestekoak dira botere publikoek eskaini ditzaketen araudi eta neurri positibo guztiak. Horretarako, euskararen normalizazio prozesuak ezinbesteko du gizarteko esparru guztietan herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuak izatea».

Hala dio Euskalgintzaren Kontseiluak kaleratu duen Protokoloaren hasierak (azaroa, 2023). Horregatik, Galdakaon ere protokolo bat abian jartzea erabaki da, bai eremu publikoan zein pribatuan, galdakoztarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko asmoz. Protokolo berri horrek Hauspotu du izena.

Hauspotu ekimena BAGABIZ euskara elkartearen, BINKE komunikabidearen eta Galdakaoko Udaleko Euskara Arloaren arteko lankidetzatik sortu da. Hiru helburu nagusi ditu proiektuak: galdakoztarren hizkuntza-eskubideen berri hedatzea, herritarren hizkuntza-eskubideen urraketa, iradokizuna edo esker ona bideratzea eta euskarari buruzko pertzepzio positiboa eta ikusgarritasuna udalerrian handitzea.

Beraz, herritarren batek hizkuntza-eskubideen urraketarik salatu, iradokizunik egin edo esker ona erakutsi gura badu, Hauspotu ekimena izango du eskura, orain arteko bideez gainera: Elebide eta Behatokia. Eta behin urrats hori emanda Hauspotu Protokoloa jarriko da martxan.

Please enable JavaScript in your browser to complete this form.
Intzidentzia:
Click or drag a file to this area to upload.
Datu pertsonalen babesa
=

HAUSPOTU PROTOKOLOA

1.- Eragin eremua. Galdakaoko udalerria.

2.- Zereginak.

  • Hizkuntza eskubideei lotutako iradokizunak jaso eta izapidetzea.
  • Hizkuntza eskubideei lotutako kontsultak jaso eta izapidetzea.
  • Hizkuntza eskubideei lotutako esker onak jaso eta izapidetzea.
  • Hizkuntza eskubideei lotutako kexak jaso eta izapidetzea.
  • Ekintzak eta kanpainak sustatzea, herritarrak hizkuntza eskubideen gainean sentikortu eta informatzeko

3.- Eskaerak/intzidentziak aurkezteko era.

  • Kontsultak, iradokizunak eta esker onak idatziz, telefonoz edo audio-mezuz azalduko dira, beti ere interesdunarekin harremanetan ipintzeko kanal zuzenen bat zehaztuz (telefono zenbakia, posta elektronikoa…) eta argi adieraziz kontsultaren, iradokizunaren eta esker onaren azalpenaren muina eta arrazoiak, lekua eta data.
  • Kexa, ostera, idatziz azalduko da, izen-abizenak, nortasun agiria, pertsona interesdunaren helbidea jakinarazpenak jasotzeko, eta azalpenaren muina diren arrazoiak, lekua eta data adieraziz.
  • Kontsulta, iradokizun esker onak edo kexak jasotzen duen mezuak beharrezko baldintzak betetzen ez baditu, pertsona interesdunari 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko eskatuko zaio. Egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko da.
  • Anomimoak eta fede gaiztoko urratzeak (kexak) ez dira onartuko.

4.- Izapidetzea.

  •  Hauspotuk kontsulten, iradokizunen, esker onen eta kexen erregistroa eramango du, beti ere barne erabilerarako. Eta guztiei buruzko informazioa jasoko da bertan, tartean haien izapidetze-prozedura eta, dagokionean, emandako erantzuna.
  • Galdakaoko Udalarekin zerikusia daukaten kontsulta, iradokizun, esker on eta kexak Udalak berak bideratuko ditu, dagokion espedientearen bitartez, hizkuntza-eskubideen aldeko barne protokoloa abian ipiniz.
  • Sektore Publikoarekin zerikusia duten kontsultak, kexak, iradokizunak eta esker onak Behatokiaren edo Elebideren bitartez bideratuko dira, eta hala egiteko adieraziko zaio interesdunari.
  • Udalerriko sektore pribatuarekin zerikusia daukaten eskabideak Hauspotuko lan-mahaian aztertuko dira eta eman beharreko erantzuna adostuko da, beti ere indarreko araudian aitortutako hizkuntza-eskubideak oinarri izanik.
  • Udalerriaz kanpoko eskabideak Behatokiaren edo Elebideren bitartez bideratuko dira, eta hala egiteko adieraziko zaio interesdunari.

5.- Datu pertsonalen babesa.

Hauspotuk idazkietan eta jakinarazpenetan jasotako datu pertsonalen babesa bermatuko du, Datu Pertsonalen Babesa arautzen duen abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat.