Lidia Gonzalez, ospitaleko aztarnarien koordinatzailea
BINKE / 2020ko urria

«Bide judizialetara jotzera behartuta gagoz berrogeialdien ez-betetzeen susmoa badaukagu»

Lidia Gonzalez Zabala
1990, Galdakao

Galdakoztar askorekin batera Lauaxeta Ikastolan ikasitakoa da Lidia. Batxilergoa bertan amaitu eta EHUren Leioako Erizaintza Unibertsitate Eskolan hasi zuen gaur egun bere ogibide duen ibilbidea. Gonzalez Zabala 2011tik da erizain, baina gaur egun bere jarduna pixka bat aldatu du, txertoak, botikak eta pazienteak tarte batez ahaztu eta telefono, ordenagailu, paper eta bolalumen artean nahasteko: Labeako ospitaleko aztarnarien koordinatzaile da galdakoztarra.

TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Aitzol Zamalloa

Pandemia batek denon bizimoduak aldatu dituenetik, gure sakelako telefonora sartzen diren dei ezezagun guztiak ez dira ustezko eskaintza zoragarri baten berri emateko deitzen dizuten telefono konpainia bateko telefonistak izaten, ez. Orain, erraz blokeatzen dituzun spam zenbaki horien artean beste garrantzitsuago batzuk sartu dira, eta hauek badira bai arretaz erantzun beharrekoak: Osakidetzako aztarnarien deiak. Dei horiek koordinatzen aritzen da Lidia Gonzalez galdakoztarra, eta bere jarduna gertuagotik ezagutzeko hurreratu gara ospitaleko bere lanpostu berrira.

Azken aldian askotxo entzuten ari gara aztarnari ogibidea. Zer da zehazki? Covid-19 kasu positibo bakotxaren ondorioz kutsatuta egon daitekezan kontaktuak detektatzeaz arduratzen dan profesionala da aztarnaria.

Argitzeko… Zuek zarete beraz Covid-agatik kutsatutakoei deiak egiten dizkiozuenak? Hori da, behin kasu positiboa konfirmatzen danean, gure lan-taldeak kasu horrei deitu, isolamendu neurriak gogorarazo eta izan dauzan kontaktu estu guztiak identifikatzen saiatzen gara. Behin arriskuko kontaktu estu horrein zerrenda daukagula, danak deitu, PCR frogak eskatu eta berrogeialdian jartzen doguz.

Zenbat dei egin ditzakezue egun bakarrean? Gure lan eremua Barrualde-Galdakao erakunde sanitario integratua da, hau da, Aiaraldetik Ondarroararte dagoan biztanleria biltzen dauan ESI edo gazteleraz OSIa. Bertan PCR bitartez biltzen diran emaitza positibo guztiak heltzen jakuz. Horretako bakotxak adibidez hamar kontaktu estu izan ezkero, imajinatu egizue dei kopurua…

Baina deiak egiteko lan horren atzean zeregin gehiago ere izango duzue, ezta? Covid-19 kasu positibo bat detektatzen dogunean, badakigu pertsona hori sintomakaz hasi baino gitxi gorabehera 48 ordu arinago kutsatzen hasi leitekela. Horrela, kasu positiboa deitzen dogunean, badakigu kontaktu estu horreik noiztik hasi arakatzen. 

Zeri deitzen diozue «kontaktu estua»? Kontaktu estua, definizioz, kasu positibo batetik metro bi baino gitxiagora eta 15 minutu baino gehiago egon dan edozein pertsona da, beti be sintomak hasi diranetik 48 ordu horrein barruan sartzen diranean. Kasu positibo asintomatikoak diranean, erreferentzia moduan lagina hartu dan data kontuan hartzen da, 48 ordu horreik zenbatzeko. Pertsona positiboak izan dauzen kontaktu estuen zerrenda pasatzen deuskunean, kontaktu horrek deitzen doguz. Honek, kasu positiboagaz egon diran azkenengo egunetik, hamar egun egon beharko dabe koarentenan edo berrogeialdian, hori dalako birusaren inkubazio epea.

Eta berrogeialdi horretan, zer? Kontaktuak ezingo dabe etxetik urten, eta sintomen agerraldiaz zuhur egon ez ezik, froga bi egingo jakiez: lehenengoa gugaz kontaktuan jarri bezain laster antigeno test azkar bat eta bigarrena koarentenaren zortzigarren egunean PCR froga bat. Biek negatibo emoten badabe, alta emoten jakie.

Hala ere, jendea kexu da, lehenengo positiboa ematen denetik bere kontaktuei deitzen lau egun pasa daitezkelako, eta tarte horretan jende asko kutsatu dezaketelako kontaktu estu horiek. Egia da zenbait eta kasu gehiago egon, gero eta eskari handiagoa egongo dala. Eta heltzen garanera heltzen gara. Zenbat gurako geunke gure baliabideak hobeak izatea, baina orain horrela moldatu behar dogu. Halanda be, zuk susmoa badozu edo baldin badakizu positibo bategaz egon zarana, etxean geratu beharko zeunke, guk deitzeko itxaroten egon barik. Gero guk deituko zaitugu, ados, baina norberak zentzudun eta arduragaz jokatu beharko leuke beste ezeren aurretik.

Zein da jendearen erreakziorik ohikoena zuen deia jasotzean? Danetarik dago, baina gehiengoa oso arduratsua da gai honegaz, nahiz eta inoren gustokoa ez izan etxetik urten barik egotea, danok ulertzen dogu norberaren gainetik dagoen arazo baten aurrean gagozala. Eta erreakziorik ohikoenak beraz onak izaten dira.

Herritarren zintzotasunaz gain, herritarren konpromisoak ere garrantzitsua izan beharko du kutsatze-katea eteteko, ezta? Bai, kontaktu estuei egiten jakiezan PCR horreitariko batek positibo emon ezkero, kasu positibo barri hori etxean berrogeialdian egon baldin bada, askoz jota bere etxebizitzako kontaktuak izango dauz, eta ez lanekoak, eskolakoak, kuadrilakoak…. beraz hor transmizio-katea ebagiten dogu. Hori da gure lanaren helburua.

Zelan bermatu kutsatuek kasu egitea? Ez daukagu zulotxo bat bakotxaren etxean zer egiten dan ikusteko, jendeak daukan gizarte-arduragaz fidatzen gara. Egia da bai, berrogeialdian zehar jarraipen-deiak egiten dirala eta berrogeialdien ez-betetze susmoa badaukagu bide judizialetara jotzera behartuta gagozala. Kontuan hartu: berrogeialdi bat ez-betetzearen ondorioz norbait kontagiatzen baldin bada, osasun publikoaren kontrako delitua izan daiteke.

Eta zelan amaitu du ba Lidiak lan honetan? Maiatzean hasi ginan proiektu honegaz. Oraingoa izan da Osakidetzak lehenengoz Familia eta Komunitateko erizain espezialista lanpostuak sortu dauzana eta nire ordurarteko lehen mailako arretako kontratoa itxi eta honetan sartu nintzan.

Beraz, Covid-arekin batera sortu den lanpostua da, ezta? Hori da, konfinamendu ostean deskonfinamendu faserako zaintza eta kontrol planagaz batera sortu zan gure sarea.

Lan honetan aritzeko erizaina izan behar duzu derrigor? Hasiera baten bost erizain espezialista ginan taldean. Kasu kopurua eta lanak gora egin heinean, gure taldea ere handituz joan da eta orain hasierako bostok kudeatzaile rola hartu dogu talde barruan.

Zenbatek eta nortzuek osatzen duzue lan-taldea? Gure taldean erizain, fisioterapeuta, hezitzaile eta administratibo profileko jendea daukagu, eta gainera lehen mailako arretako erizainen ezinbesteko laguntza jasotzen dogu, bai laginak egin eta eskatzeko, zein pertsonen jarraipenak egiteko be.

Zenbaterako izan da bigarren olatua zuen jardunean? Guk ez deutsagu olatuak surfeatzeari itxi uda osoan! Lanera bidean, irratian, edonon agerraldi bat egon dala entzutean badakigu jaurdunaldi gogorra izango dogula.

Oporrik hartzeko aukerarik izan duzu? Astetxo bi!

Orain, behin ikasturtea eta eskolaz kanpoko ekintzak martxan, igarri duzue zuen lanaren areagotzea? Ez, beldur ginan ikasturte hasieragaitik, baina kurtso hasieragaz umeen kasuen gorakada nabarmenik ez genduan igarri. Eskolak oso ondo egiten dabilz, nire ustez.

Eusko Jaurlaritzak gogortu egin ditu pandemiaren aurkako neurriak, eta Nafarroako Gobernuak are gehiago. Beharrezko neurriak? Argi dago moldatu egin beharko garana bizitzeko modu desberdinera. Jendearen mugimenduagaz mugitzen dalako birusa: zenbat eta bizitza sozial handiagoa izan, gero eta kutsatze-arrisku handiagoa izango dozu. Eta honetan garrantzitsuena osasun sistema ez kolapsatzea da, horregaitik neurri honek beharrezkoak dira zoritxarrez.

Ausartuko zinateke kasu gehienak non ematen diren esatera? Hedabideetan agertzen diran datuetan ikusten da: eremu ezberdinetan zenbat eta kontaktu estu kopuru gehiago izan, gero eta kutsatzeko arrisku gehiago dagoala.

Herritarren kontaktu askorekin ari zarete lanean, datuak babesteko lege zorrotza bete beharko duzue, ezta? Bai, hori gure lanagaz bat doa beti. Osasungintzako langileok konfidentzialtasun kode etiko bat jarraitzen dogu eta hori beti errespetatzen dogu, ezin deutsagu edonori kontatu gure paziente baten egoera. Hori bai, koronabirusaren kasu honetan, Nahitaez Aitortu Beharreko Gaixotasuna da —NABG ala gaztelaniaz EDO legez ezaguna dana gure artean—, norberak publiko egin behar daualako «gaixotasun» hori, horren arabera hartu beharko diralako gainontzeko neurriak. Dana dala, guk ospitaletik kanpo ez dogu datu pertsonalik inoiz emoten.

Musukoaren alde ala kontra zaude? Kutsadura murriztu leikean edozein neurriren alde nago, hori bai, musukoaren erabilera zentzuduna danean.

Ulertzen al duzu «ukatzaileen» mezua? Martxoa eta apirilean ospitale eta osasun zentroetako egoera ezagutu dauan inork ez leuke ulertuko. Egoera horretan ospitalera bisita bat egitera edota osasun langile bati galdetzera animatuko neukez «ukatzaileak».

Pandemia honek albistegi eta elkarrizketa negatibo askotxo bereganatu ditu. Solasaldi hau mezu positibo batekin amaitzeko aukera emango diguzu? Nire ustez, konfinamendutik urteten hasi ginanean, danok izaten genduan buruan egunero ohikotzat bihurtuak ziran gauzak gehiago baloratu behar genduzala: mendira joatea, lagunak, familiagaz alkartzea, besarkada bat… Orain gure esku dago gauza txiki eta hain handi hori zaintzen jarraitzea!