«Arrakastarako bidea da akatsa», Antton Irusta
Autu-mautuan
Antton Irusta Zamalloa
BINKE / 2024ko ekaina
Binkekide laguna! Ba al dakizu arrakastarako bidea dela akatsa? Bai, egia da. Irakurri bestela pasadiso hau. Thomas Edisoni buruz hitz egiten du. Thomas Alva Edison, Ohio n jaio zen 1847ko otsailaren 11n, eta New Jerseyn hil, 1931ko urriaren 18an.
Asmatzailea eta negozio gizona izan zen.
Honako hau Thomas Edison argindar elektrikoaren asmatzailearen historia da. Asmatzaileak ia mila aldiz huts egin behar izan zuen argiak sortuko zuen harizpiaren material zehatza aurkitu arte.
Bonbillaren sortzaileak ezbehar eta etsipen ugari bizi izan zituen bide horretan. Haserre aurpegiaren aurrean proba huts asko zituzten batean, laguntzaile batek ezin izan zuen bere burua kontrolatu, eta zera esan zion:
—Maisu, ohikoa da adorerik gabe egotea, denoi gertatzen zaigu. Ia mila proba daramatzagu, eta baikorrenak ere amore emango luke.
—Zer huts eta etsipenez mintzo zara, gazte? Hemen ez dut hutsik ikusten.
Laguntzaile gaztea ia hitzik gabe geratu zen maisuaren tonu zorrotz eta seguruaren aurrean. Azkenean honela esan zuen:
—Bueno, ikusten dut ez dugula aurrera egiten.
—Oker zaude! Proba bakoitzak, nik deitzen diodan bezala, edo huts egite bakoitzak, zuk deitzen diozun moduan, berebiziko garrantzia duen zerbait ikusarazten digu.
—Eta zer ikusi dugu? –galdetu zuen laguntzaileak listua irentsiz, bere hitzek maisua irainduko zutela jakinda.
—Huts egindako ahalegin bakoitzarekin asmakizunak ez funtzionatzeko arrazoi bat aurkitu dugu. Orain ia mila modu ezagutzen ditut bonbillarik ez egiteko.
Aikor! Ekina barregarria da, eta ezina barregarriago!