Atzera begira Korrikaren jatorrirantz
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Galdakaoko AEK
Martxoaren 14an Irunen hasi eta 24an Baionan amaituko da 23. Korrika. Galdakaotik eta Usansolotik ordea, bihar igaroko da lasterketa. Euskaldun askok eta askok parte hartuko dute berriz euskararen aldeko ekimenean eta honen historiari buruz gehiago jakiteko helburuz, Korrikaren jatorrian murgildu da BINKE ondoko erreportajean.
Korrika, euskararen aldeko ekimenik handiena, berriz antolatuko da aurten. AEK-k iragarri zuenez, martxoaren 14tik 24ra izango da, Irunen hasi eta Euskal Herriko hainbat txokotatik igaro ostean Baionan amaitzeko. Galdakaotik eta Usansolotik ordea, martxoaren 21ean igaroko da.
Aurtengoa 23. edizioa izango da eta Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko da, zehazki, baxoa eta brebeta euskaraz egiteko borrokan aritu eta ari diren ikasleak.«Euskara da haien aldarria, Korrikarena bezalaxe; beren ikasketen une erabakigarri batean, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egiten dute, Frantziako Gobernuaren aginduen gainetik eta beren notetan ondorioztatu kalteak onarturik», adierazi dute AEK-tik.
Aste batzuk barru hortaz, milaka pertsona izango ditu berriz ere Korrikak bidelagun euskararen alde, hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko asmoz. Iraganari erreparatuz ordea, ba al dakizu noiz eta non ospatu zen Korrika lehen aldiz?
Lekukoa, eskuz esku. Diktadura frankistaren ostean euskarak jasaten ari zen «egoera kezkagarria» abiapuntu hartuz, euskaldun guztiak batuko zituen ekimena egiteko helburuz antolatu zuen lehen aldiz AEK-k Korrika. Lehen edizioa 1980ko azaroaren 29an hasi zen Oñatin eta abenduaren 7an amaitu zen Bilbon; eta hainbat eta hainbat lagun batu zituen euskararen alde.
Remigio Mendiburu izan zen lekukoa egiteko arduraduna eta motrailu bat hartu zuen oinarri gisa diseinua egiteko. Mendibururen esanetan, motrailua eskuz esku zioan objektua zen eta lekukoak ere funtzio berdina bete behar zuen: euskara eskuz esku, belaunaldiz belaunaldi bidatzea. Edizio bakoitzean 10.000 pertsona inguruk dute bidaia hori errealitate bihurtzeko ardura.
1988ra arte Mendibururen pieza hau ibili zen Euskal Herrian barrena. 1988az geroztik aldiz, Juan Gorriti eskultoreak eginiko kopia da herriz herri dabilena.
Mezu sekretua. Lekukoaren barruan mezu bat idaztea eta Korrikaren azken egunean irakurtzea erabaki zuten antolatzaileek euskararen aldeko ekimena sortzean, eta horrela izan da edizio guztietan.
Mezua idazteko arduraduna euskaldun bat izan ohi da urtero, sarritan kulturgintzari lotuta dagoena, eta AEK-ko sei kidek erabakitzen dute nor izango den.
Hitz galduak. Egilea sekretuan mantentzen da mezua irakurtzen den egunera arte eta pasa den edizioan esaterako Karmele Jaio deidazlea izan zen. «Sinistu dezagun euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik», izan ziren Jaiok botatako hitzetako batzuk, euskara hizkuntza bat baino askoz gehiago dela azpimarratuz.
Maialen Lujanbio, Joseba Sarrionaindia, Amets Arzallus, Martxelo Otamendi, edo Xabier eta Miren Amuriza izan dira, besteak beste, Korrikaren lekukoaren barruan gordetzen den mezuaren beste egileetako batzuk.
Guzti hauen aurretik, Rikardo Arregi kazetari eta euskaltzalea izan zen lehen Korrikaren mezua idazteko arduraduna. Hitzak ordea, bidean galdu ziren.
AEK-k azaldu duenez, irakurtzeko momentuan konturatu ziren papera Oñati eta Bilbo arteko bidean galdu zela, Euskal Herriko txokoren batean. Arregik beraz hitzak inprobisatu behar izan zituen eta ordutik papera «oso ondo» gordetzeko eta kopiak egiteko erabakia hartu zuten antolatzaileek.
Hitzen garrantzia. Inprobisatuak izan edo egunetan zehar pentsatutakoak, garrantzitsuak dira eta oso hitzak Korrikan. Hitz musikatuak ere, hau da, kantuak.
Lehen Korrika antolatu zutenean, publizitatea egiteko abesti bat egitea ona izan zitekeela pentsatu zuen AEK-k eta Xabier Amuriza deitu zuten egiteko honetarako. Bi eguneko tartearekin bakarrik abisatu zuten arren, honezkero euskaldun askoren imaginarioan gordetzen den kantua konposatu zuen Amurizak: «Bat Korrika, bi Korrika, milaka korrikari. Euskal Herri guztietan denok bai euskarari».
Ereserkiak. Hau izan zen lehenengoa baina ereserki bihurtu diren beste hainbat kantu izan ditu ere Korrikak. Nork ez du oroitzen Betagarriren «Kantatu dezagun, ongi etorri lagun…», edota Fermin Muguruzaren «Begira ezazu, Big Beat Beñat, begira ezazu, Big Mac behera, Korrika Badator, Big Beñat buru uh, uh, uh, uh, uh, uh… Mundu bat bildu!»? Edota Gozategiren «Bat, bi, hiru, lau, bost sei, zortzi, bederatzi, hamar Euskal Herria Korrika»?
Aurtengo kantua ordea Maite Arroitajauregi ‘Mursego’ musikariak konposatu du eta «Harro herri» lema hartu du oinarri. «Harro herri, hona gu euskaldunak, euskararen lagunak, hats eta izerdi», dio abestiaren zati batek.
Bidelagunak momentu oro. Bai lekukoa eta baita doinu hauek Euskal Herria osotik zehar zabaltzeko arduradun nagusiak herritarrak dira. Kolektiboek edo pertsonek kilometroak erosten dituzte eta dirua euskararen aldeko ekarpenean inbertitzen da ostean.
Lasterketa luze honetan ordea, laguntzaile berezia dute parte-hartzaileek. Furgoneta famatuaren inguruan ari gara eta, noski, horren barruan doazen pertsonei buruz.
AEK-ko kideak dira eta hamar egunetan zehar herritarrak animatzen dituzte «tipi-tapa, tipi-tapa» euskararen alde korrika egitera. Egun edo gau izan, parte-hartzaileek beti dute aurrean norbait eta horretarako, hamar orduko txandak egiten dituzte boluntarioek. Egun gogorrak izan ohi dira haientzat, baina emozioz beterikoak ere kide beraiek hainbataten aitortu eta erakutsi dutenez. «Euskaldun izateak duen nekeza irudikatzen dugu Korrikaren egunetan zehar», adierazi dute AEK-ko kideek.
Euskal Herritik haratago. Lagunak, familia, eta baita ezezagunak batzen dituen ekimena da Korrika eta hori da lasterketaren xarma: momentu oro dagoela norbait euskararen alde korrika egiten. Martxoaren 14tik 24ra doazen hamar egunetako edozein momentutan ere, norbait egongo da Euskal Herriko txokoren batean gure hizkuntza defendatzen.
Eta baita Euskal Herritik kanpo, izan ere, ehundaka eta milaka kilometrotara daudenek ere bat egiten dute Korrikaren edizio bakoitzarekin. Besteak beste, Bartzelonan, Amsterdamen, Grezian, Nikaraguan eta Estatu Batuetan animatzen dira hizkuntzari babesa ematera. 22. Korrikak esaterako, lau kontinente eta berrogeita bost hiri hartu zituen.
Honetaz gain, Ziberkorrika izeneko ekimena ere garatzen da. Honetan munduko txoko desberdinetatik ziberkilometroak erosten dituzte, interneten Korrika birtual eta paralelo bat osatuz.
Badator 23. Korrika. Laskerketa bat baino gehiago dela argi utzi du beraz Korrikak urte guzti hauetan eta horren lekuko da ekimenaren harira egin ohi den Korrika Kulturala. Hitzordu honetan musika eta dantza protagonista dituzten hainbat saio antolatzen dira Euskal Herriko hainbat herritan, tartean Galdakaon eta Usansolon.
Gure herrietako AEK-ko arduradunek azaldu zutenez, aurten ere Korrikaren inguruan zenbait ekintzatan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek eta aurrerago emango dute honen berri.
Bitartean, antolatzaile eta herritarrak prestatzen hasi dira honezkero martxoaren 21ean eguerdi aldera Galdakaon eta Usansolon beste behin euskararen alde egiteko. Tipi-tapa, tipi-tapa, badator 23. Korrika!