Anton Miragaya: «Egunero transfobiari aurre egitea da gure erronka nagusia»
Anton Miragaya, aktibista
BINKE / 2024ko uztaila
«Emakume trans bat izatea eta gu geu izanda bizitzea ekintza politikoa da berez»
· Anton Miragaya Izquierdo
1999, Galdakao
Galdakaon hazi zen eta bertan ere egin zituen ikasketak txikitan. Erabaki bat hartu behar izan zuenean ordea, Madrilera joatea hautatu zuen eta han hasi zen Biomedikuntza ikasten, Francisco de Vitoria unibertsitatean. Aldiz, hau utzi eta Psikologiako Gradua ikasten hasi zen Madrilgo Complutense unibertsitatean, eta gaur egun han dabil ikasketak amaitzen.
Duela hiru urte, Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren bueltan, sortu zuen Espainiako Gobernuak Trans Lege berria eta honen eraginean sakontzeko helburuz hitz egin zuen BINKEk Anton Miragaya galdakoztarrarekin. Ordutik, berriz aldatu dute legea eta Anton beraren egoera ere ezberdina da. Bere esperientzia eta emakume transexual eta transgeneroen inguruan gehiago jakiteko hitz egin dugu berarekin.
Ikasten edo lanean zabiz orain? Psikologia ikasten nabil Madrilgo Complutense unibertsitatean. Biomedikuntza ikasten hasi nintzen baina Psikologiako gradura aldatzea erabaki nuen.
Zergatik egin zenuen aldaketa hori? Biomedikuntza asko gustatzen zait, baina kontzeptualki. Banekien ez nuela nire bizitza osoa eskaini nahi laborategi batean betiko ikertzera. Horregatik hartu nuen psikologia ikasteko eta horretan aritzeko erabakia, benetan nire bokazioa dena. Hala ere, nire aisialdian bioteknologiaren berrikuntzen berri izaten jarraitu nahi dut.
Uste duzu psikologiaren esparru horretatik autoaurkikuntza prozesuan dauden pertsonak lagun ahal dituzula? Ezer baino lehen, garrantzitsua iruditzen zait argi uztea psikoterapia behar dutenen eskura jartzen den tresna osagarria dela. Transexualitatea ez da patologia bat eta ez du laguntza profesionalik behar. Hori esanda, bai. Duela gutxi transexualitatea buruko gaixotasuntzat hartzeari utzi zion Munduko Osasun Erakundeak eta horrek esan nahi du asko pertsona baieztapen horrekin hazi egin garela eta baita gizartearen gaitzespenarekin ere. Ondorioz, nortasuna bilatzea prozesu bat izan da, eta batzutan oso mingarria eta lotsagarria ere izan daiteke sexua-generoa eskema bitarraren barruan egokitzen ez direnentzat. Hemen bai psikologiak funtsezko papera du, ingurune segurua ematen baitu, zure identitatea beldurrik gabe aztertu ahal izateko.
Zure kasuan, noiz hasi zen zure autoaurkikuntza prozesua? Badago esaera bat euskaraz, «Herri txiki, infernu handi» dioena, eta Bilbo denok elkar ezagutzen dugun hiria da. Lehen esan dudan bezala, nire belaunaldia hazi egin da disidentziak eta LGTBIQ+ pertsonak arbuiatzen zituen giroan. Trans erreferente bakarrak telebistako pertsonaiak ziren, feriako tximuak bezala tratatzen zituztenak, inolako garapenik gabeko fikziozko pertsonaiak trans izateaz eta horren txantxak egiteaz harago. Horregatik, askok kanpora bizitzera joan eta gu izaten hasteko ametsa dugu, inori konturik eman gabe. Eta horixe egin nuen: unibertsitateko ikasketak egitera joan nintzen Madrilera. Jende harrigarriz inguratu nintzen, eta laguntza-sare bat sortu nuen, zeinetan ez zegoen ezer txarrik ni neu izatean.
Eta kanpora begira, nola jakinarazi zenion munduari? Egia esan, beldur handia izan nuen nire inguruko jendeak nola erantzungo ote zuen, eta oso gaizki sentitu nintzen. Baina egun batean, nire unibertsitatetik etxera itzultzean, paseo bat ematea erabaki nuen eta bertan sentitzen ari nintzen guztia prozesatzea. Egun hartan bertan kemena hartu eta lagun bati kontatu nion. Ikusi nuenean ez zela batere aldatu berak ni ikusteko zuen modua, zintzoki beldur gehien ematen zidana zena, pertsona bera izaten jarraitzen bainuen, beldurra desagertuz joan zen eta pixkanaka nire inguruari, lagun taldeari eta familiari nor nintzen azaltzen hasi nintzen. Eta gainerakoekin, gizonen izenordainak erabili beharrean emakumeen izenordainak erabiltzen hasi nintzen harremanetan jartzeko. Oso organikoa izan zen.
Zure familiaren eta lagunen babesa izan duzu prozesu honetan? Hasieran ez nuen guztien babesa lortu, baina denbora kontua izan zen. Baina beti sentitu naiz oso babestua, batez ere nire lagunen aldetik.
Zeintzuk dira emakume trans gisa izan dituzun erronkarik handienak? Erronkarik handiena egunerokotasuna da: egunero transfobiari aurre egin eta eustea. Zure eskubideak solasaldietan eztabaida bat diren ikustea eta goizero irainak, indarkeria eta abar jasatea. Maila burokratikoan, amorragarria da. Oso ezagunak izan ziren lege berria onartzearekin batera erregistro zibilean generoa aldatu dutela zioten gizonen kasuak. Benetan diotsut, hori errealitatetik oso urrun dago. Bestalde, Osakidetzan itxaronaldi oso luzeak dira, kontuan hartuta genero-identitatearen unitate bakarra dagoela Euskadin, eta kontsulta asko egun hilean behin bakarrik egiten direla askotan.
Askatasun osoz bizi zarela sentitzen duzu? Inola ere ez. Are gutxiago egungo giro politikoarekin eta Europan izaten aro den ultraeskuinaren hazkundearekin. Aske biziko naiz ni neu izateagatik jipoituko nauten beldurrik gabe kalera irtetzen naizen egunean.
Iaz trans lege berri bat onartu zen Espainian. Zeintzuk dira arau honek ekarri dituen aurrerapen nagusiak? Transexualitatearen despatologizazioa batez ere. Honako hauek onartu behar ez izatea: talde mediko baten onarpena, tratamendu hormonalean bi urtez egon beharra, eta, jakina, identitate ez bitarren aitorpena eta diskriminazioaren aurkako babes-neurri berriak.
Era berean, askoren ustez oraindik tabua den gai garrantzitsu bat eztabaidaren erdigunean jartzeko balio izan zuen legeak. Pedagogia gehiago behar da? Pedagogia oso beharrezkoa izaten jarraitzen du. Oraindik ere jende askok ez daki zein alde dagoen sexuaren eta generoaren artean, eta horiek ez direla bitarrak, pertsona intersexualak daudela. Zure karga genetikoak genitalia bat bakarrik baldintzatzen duela, eta ezta kasuen % 100ean ere, ez generoa. Badira zakila duten emakumeak eta bagina duten gizonak, eta errealitate bat da.
Sare sozialek lagundu ahal dute pedagogia prozesu honetan? Bai. Azkenean sareak errealitate zailak dituzten pertsona askoren leku segurua dira, gurasoek ez dietelako laguntzen, edo ikastetxean indarkeria sufritzen dutelako.Pertsona disidenteak bizitza guztiz zoriontsuak izaten ikusteak itxaropena ematen die hauei. Gainera, oso bozgorailu handia dira aurreko galderan adierazitakoaz kontzientziatzeko, berdintasunaren arloan hezteko eta LGTBIQ+ pertsonen eskubideen alde borrokatzeko. Ez da ahaztu behar 64 herrialde inguruk oraindik dituztela kolektibo horretakoa izatea kriminalizatzen duten legeak.
Kontrakoa ere izan daitezke sare sozialak, gorrotorako arma. Zuk bizi izan duzu jazarpen-egoeraren bat edo baten bat ikusi duzu sareetan? Egunerokoa da. Zorionez, nik ez dut horrelako indarkeriarik jaso sare sozialetatik, baina neska trans ezagunen profiletan ikusten dut. Nesken bideoetan ikusi daitezke iruzkin iraingarriak, arropa erakusten dutenean edo argazkiak igotzen dituztenean. Haien genitalei erreferentzia egiten diete iruzkinek, diktadura itzultzeko eskatuz edo jipoitzearekin mehatxatuz. Beldur handia ematen du horrek.
Zu oso libre agertzen zara sareetan, batez ere modarekiko duzun pasioa erakutsiz. Zure nortasuna eraikitzeko balio izan dizu modak? Bai. Ni beti agertu izan naiz naizen bezalakoa, eta modak asko lagundu nau nire nortasuna bilatzen. Hala ere, bi ahoko arma bihur daiteke, askotan erabiltzen dugulako gure burua baliozkotzeko, trans emakumeen kasuan, genero femeninoari lotutako arroparekin. Ez dira nahastu behar identitatea eta genero-adierazpena. Identitateak «Nor naiz?» galderari erantzuten dio, eta adierazpenak «Nola aurkeztuko naiz besteen aurrean?» galderari. Modu hegemoniko femeninoan ez janzteak ez zaitu emakume gutxiago egiten, eta alderantziz.
Emakume batzuek diote emakume trans bat izatea eta askatasunean bizitzea zuk egiten duzun bezala, berez, ekintza politikoa dela. Zuk horrela sentitzen duzu? Bai, ehuneko ehunean. Esan dudan bezala, gure bizitza gu geu izanda eta gorroto guztiari aurre eginez egunero bizitzea ekintza politikoa da.
Zer esango zenioke bere nortasunaren autoaurkikuntza-prozesuan dagoen baina hura azaleratzen ausartzen ez den pertsona bati? Nik esango nioke prest sentitzen direnean adierazteko, eta uste duenean segurua dela. Bereziki azpimarratuko nuke pertsonen segurtasun-sare bat sortzeko garrantzia, beren trantsizioan lagundu eta lagunduko dietela jakin dezaten. Eta posible ez bada zure familia-egoera zailean dagoelako, LGTBIQ+ elkarteak bilatzea, astero antzeko egoeran dauden pertsonekin talde-bilerak egiteko. Eta beharrezkoa bada psikologo baten laguntza profesionala eskatzea, egoerak ekar diezaiokeen estresa eta antsietatea kudeatzen lagun diezaion. •