Jonu, kantautorea
BINKE / 2021eko abendua

«Itxialdian izandako hainbat hausnarketa bildu ditut»

TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai

Jonu kantautoreak disko berria kaleratu du, itxialdiak sortutako hainbat hausnarketa eta bizipenen isla: «Leihotik begira». Bere azken lanaz eta herriko musikagintzaz aritu gara berarekin.

Leihotik begira» izeneko diskoa kaleratu berri du Jonu kantautoreak (Deustua, 1972). Koiu talde galdakoztarreko kideak bakarkako ibilbidean ere jarraitzen du, bere alderik intimoenean.

Zertan oinarritu duzu disko berria? Hala da, bai. Itxialdian zehar sortutako lana da hau, eta garai horretan izandako hainbat hausnarketa biltzen ditu honek. Gogo handia nuen konposatzeko, eta apurka-apurka oso intimoa eta barrukoa den lan bat gorpuztu nuen.

Itxialdia aipatu duzu, hortik diskoaren izenburua? Etxean egon beharra genuen garai hartan nuen ihesbide bakarra leihotik begiratzea zen, hortik dator izenburua, «Leihotik begira». Barrenetik zetozen sentimenduak, kanpoan ikusten nituen xehetasun txikiekin uztartu eta joan nintzen ideiak biltzen. Horregatik, «bizitzea» edo «izatea» bezalako kontzeptuak ardatz duten hainbat galdera aurki daitezke abestietan zehar.

Sarri ikusi zaitugu taula gainean Koiu taldearekin. Zeintzuk desberdintasun daude zure eta taldearen artean? Bi kontu desberdin dira. Batak nire alde basatia islatzen du, besteak ordea nire alde intimoa. Momentuaren arabera aukeratzen dut bata edo bestea, baina ezinezkoa zait bietako bat gustukoagoa dudala esatea.

Garai bereziak musikarientzat. Nire iritziz, kultura oso modu okerrean erabili dute agintariek pandemiaren aitzakipean, eta jendarteari berau «segurua ez dela» esan diete. Ez da zilegi San Mamesen batzen den jende kopuru handia kontuan izanik, esaterako, zenbat muga ezartzen dizkiguten guri. Beste sektore guztien aurrean gutxietsiena izan da kulturarena, duda izpirik gabe, eta beharrezkoa da jendearentzat.

Musikari ikuspuntutik, zer eskatuko zenioke Udalari? Benetako apustua kulturaren alde. Egia da gobernu berriarekin somatu direla aldaketa batzuk, Sormene horren adibide, baina lan luzea dugu oraindik aurretik. Kulturaren arloan, benetako politika integralak behar ditu Galdakaok, herriko musikariak eta oro har sortzaile guztiak kontuan hartuko dituztenak. Horretarako, guk, musikariok, beharrezkoak ditugu entseatzeko eta gure lanak jendeari bistaratzeko espazio publikoak, herri honek ez dituenak, eta uste dut aldarri hori kontuan hartu behar duela Udalak. 

Nola lortu jarraipen bat musikari belaunaldi berrientzat? Alde batetik, uste dut herri honek izan dezakeen potentzialtasuna aintzat izanik
beharrezkoa dela Galdakaon musika elkarte bat sortzea. Hala, talde guztiek hausnarketa bateratu bat egin eta beharrezkoak ditugun azpiegiturak aldarrikatuko genituzke modu global batean, elkarlanean aritu eta besteen proiektuak babestu. Bestetik, ez dut zalantza txikirik herri honek espazio autogestionatu bat behar duela, gaztetxe bat, esaterako. Honek gazteen motibazioa eta inplikazioa ekarriko luke, bai musikan edo beste hainbat alorretan ere bai. 

Diskoaren aurkezpen kontzertua, noiz? Gorde data! Hilaren 30ean aurkeztuko dut lan berria Ganguren Mendi Taldearen tabernako barrualdean, 19:30ean!

Kontaktua:
Telefonoa: 695750930
Spotify: Jonu Kantautorea
YouTube: Jonu Kantautorea
Mail: jonukantautorea@gmail.com