Xabier harategia
BINKE / 2021eko otsaila

«Hasieratik herriko lehenengo harategia da gurea»

Harategi galdakoztar historikoa da Xabier, Xabierrek berak gidatzen duena eta bertako produktuak saltzen dituena. Pandemiak ez du bere negozioa hainbeste kaltetu, baina igarri ditu, halere, tabernak itxita eta herrietako konfinamendua.

Duela zenbat zabaldu zenuten negozioa? Orain urte asko zabaldu zan lehenengoz negozio hau Galdakon, baina nik euroa etorri baino urtebete arinago hartu neban harategia; hau da, 1998. urteaz geroztik nabil lanean bertan. Baina esandakoa, ni baino arinago beste bi jabe izan dauz negozio honek, eta hori bai, hasiera-hasieratik herriko lehenengo harategia izan da hau.

Prentsan askotan entzuten da okela gorriaren kontrako jarrera. Aldaketarik nabari duzue? Guk ez dogu askorik igarri. Egia da salmenten asuntoa sasoika doala, eta hilabete askotan beste batzuetan baino gehiago saltzen dala, baina berez, okela gorriaren gaia atera zanetik ez dogu aldaketa handirik igarri. Hori bai, konfinamendua dala eta tabernak itxita egotea bai igarri dogula. Askotan ondoko tabernatan ibiltzen ziran bezeroak gurera hurbiltzen ziran gauza puntualak erosteko, baina tabernak itxita egon diranetan bezero horrein falta igarri dogu. Eta zer esanik ez beste herrietatik etorri ezin diran bezeroena. 

Zelako ondorioak izan zituen konfinamenduak zuen negoziorako? Berez konfinamenduak ez eban izan ondorio zuzenik gurean. Egia da gure bezero asko ondoko herrietakoak dirala; Zornotza, Usansolo, Igorre, Basauri, Larrabetzu… eta ezin ziranez herriz aldatu guk hori igarri genduan, baina gure kasuan adibidez, ez dogu sufridu ostalariek sufridu daben beste.

Jende asko kontsumitzen dituzten produktuen kalitateaz arduratzen hasi da. Igarri al duzue? Jendeak betidanik galdetu izan dau produktuen jatorriagaitik, eta guk bertako produktuekaz bakarrik egiten dogu behar. Txorizoak adibidez nik neuk egiten dodaz, eta txarrie be neuk aukeratutako baserri batetik erosita eta hiltegira eroanda dago. Produkturen bat badaukagu gehienez Espainian erositakoa, baina horreik handik ekarritakoak dira kalitate onekoak diralako, baina bezeroek badakie zeintzuk diran produktu horreik.

Zelan ikusten duzu, gurean, negozio txikien egoera? Nahiko eskas. Negozio txikiak bata bestearen ondoan ibiltzen gara askotan eta batek ez badau ondo funtzionatzen horrek beste guztiengan izaten dauz ondorioak. Tabernak ez badira mugitzen, dendak gitxiago, eta azkenean dana da kate bat. Horregatik pentsetan dot berton konsumitu baleike gutzako, herri moduan, hobeto joango jakule! Ez dozue uste?