
Galdakaoko auzoak hobetzeko 4 milioi eurotik gora inbertituko ditu Udalak
TESTUA ETA IRUDIAK: Irati Alonso García
Galdakaoko Udalak auzoetarako plangintza berria aurkeztu du, «hauetako bizi-kalitatea hobetu eta herri orekatu bat eratzeko» helburuz. Horretarako 4 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu, eta 12 ekintza nagusi burutuko ditu.
Aurretik hasitako bidea jarraituz, «auzoetako bizi-kalitatea hobetu eta herri orekatu bat eratzeko» plangintza berria aurkeztu du gaur Galdakaoko Udalak. Hurrengo bi urteetarako plana da, eta «izaera komuntarioa indartzeko» asmoa du ere.
«Herritarrekin izandako hartu-emanak eta parte-hartze prozesuetan batutakoa barneratuz sortutako plana da», azaldu du Iñigo Hernando alkateak udaletxeko pleno aretoan egindako agerraldian. «Aurreko urteetan egindako hobekuntzekin jarraitu eta jauzi bat emateko erabakia hartu dugu», adierazi du.
Guztira 4 milioi eurotik gora inbertituko ditu Udalak plan honen baitan eta 12 ekintza nagusi burutuko ditu, gehienak hirigintzarekin lotuta, Asier Egiraun arlo honetako zinegotziak azaldu duenez. Nagusienetakoak Txomin Eguileor martxan jartzeko plana—1.800.000 euro—, honezkero martxan dagoena; Urretako patioa eta jantokia hobetzeko lanak —98.000 euro—; eta Aperribaiko bosgarren igogailua —1.300.000 euro—, 9. zenbakitik 25.era hartuko duenak, eskolan geldialdia eginez.
Hauek dira beste inbertsioetako batzuk:
- Aperribain gune osasungarria eta kirol kantxa sortzea: 100.000 euro
- Olabarrietan irisgarritasuna hobetzeko plana idaztea: 18.000 euro
- Jugun argiteria, asfaltatzea eta ur hornikuntza hobetzea: 200.000 euro
- Musika eskolaren aurrean estalkia jartzeko lanak (martxan dagoeneko): 100.000 euro
- Zubiaurretarren kalean igogailua ezartzeko proiektua: 600.000 euro
- La Trokatik Bengoetxera doan bidea atontzea: 30.000 euro
Halaber, beste ekintza orokor batzuk martxan jarriko ditu Udalak Galdakaoko auzoetan zehar, eta horretarako beste 1.300.000 euro inbertituko ditu.
Bestalde, «aipatutako ekintza guztiez gain, herrian irisgarritasuna hobetzeko esku-hartzeak egingo ditugu, Bekeako pasarela adibidez. Hauetarako ordea ez dugu oraindik aurrekontu zehatzik eta aurrerago emango ditugu xehetasunak. Momentuz, pausoak ematen ari gara errealitate bihurtzeko», azaldu du Egiraunek.
Hemen Hernando eta Egiraunen hitzak auzoetarako planaren inguruan: