«Hezkuntza eraikuntza nazionalerako», Gotzon Barandiaran
Kulturminez
Gotzon Barandiaran Arteaga
BINKE / 2023ko abendua
Eneko Anduezak poza agertu du EH Bilduk ez duelako bat egin Hezkuntza Lege berriarekin. Haren hitzetan, horrek frogatzen baitu, EH Bildurentzat hezkuntza eraikuntza nazionalerako tresna bat dela. Noski, estatua duten munduko nazio guztietan bezala. Zertarako da, ba, hezkuntza, PSErentzat? Espainiako eta Frantziako estatuen interesetara makurtuta dauden hezkuntza sistemek, zeinen menpe gauden euskaldunak lortu asmo dutena argia da: bihar etziko herritar frantsez eta espainolak hezitzea.
Hezkuntza jendartea eraldatzeko bitartekotzat dugunon helburua beste bat da. Euskal Hezkuntza Sistema Burujabea amesten dugunon helburua beste bat da. Guk, euskal herritarrak hezi nahi ditugu eta horretarako gure ardatzak euskara eta euskarazko kulturgintza dira. Eta horretarako murgiltze eredua da eraginkorrena. Pentsamendu kritikoa garatuz bere kabuz pentsatzeko gai izango diren euskal herritarrak hezi gura ditugu. Pentsamendu kritikoa garatzeko hizkuntz-gaitasuna behar da. Norbere kabuz pentsatzeko hizkuntz-gaitasun bat behar da. Gaitasun horiek erdiesteko kultur sorkuntza bitarteko izugarri baliagarria da. Ez dago ez gizarte kohesiorik lortzerik euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatu ezean.
Zer egin dezake hezkuntza sistema batek eskubide horiek bermatzeko? Hasteko eta bat ikasleek euskararen eta bere kulturgintzaren historia eta oraina ezagutu behar dute. Elkarbizitza positiboa lortzeko, inklusioa, berdintasuna, demokrazia… euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatu behar dira. Ez dago elkarbizitzarik, ez inklusiorik ez berdintasunik ez demokraziarik euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzen ez badira.