
«Tourmalet galdakoztarra», Joanes Urkixo
Zabalean
Joanes Urkixo Beitia
BINKE / 2021eko uztaila
Tourmalet galdakoztarra
Zabalean jaio edo hazitakook, garai batean, Galdakaora goitik behera so egiten genuen, artean zabaluneak zeuden garaian. Handik goitik ikusita, dena zen txikerragoa eta horrek halako nagusitasun ustea ematen zigun gu txikerroi. Gu goragokoak izanda, geu baino goragorik ere bazegoela jakitun geunden. Baita, zein handiagoa zaren ere beti handiago bat izango dela. Eta guretzat, adin hartan, herriko handiena, erraldoia, kolosoa, Elexalde zen, Tourmalet galdakoztarra.
Elexaldera joatea abentura zen: oinez eginez gero mendirako irtenaldi baten neurria hartzen zuen; bizikletaz ere joango ginen batzuetan, Sagardui galdakoztarra ginelako olgetan, ordea kanposantuaren parean lehertu eta oinez jarraitu behar izaten genuen.
Elexaldeko eliza misteriotsuan, urte haietan, barruko zoru azpian Erdi Aroko lurperatzeak aurkitu zituzten eta gogoan dut langileek elizpera atera zituztela harlauzak eta hezurrak baina bereziki gerritik behera osorik aurkitutako gorpu erdi bat, larru eta haragi, zurbil eta zurrun. Eta gu andrazkoa zelakoan, txilibiturik ez zeukala-eta.
Orduko futbol zelaia gainbeheran zetorren menditik elizarantz eta bazter bat beti lupeztuta egoten zen, udan orkatila hausteko moduko zuloz josita. Ba, hantxe jartzen ninduten lagunek, taldeko trauskilena nintzelako. Urteak igaro ahala atzera etorri nintzen Elexaldera. Autoz Tourmaletera di-da batean igo, eliza berriztu baten aurrean gelditu eta zelai orekatu, frontoi eta atletismo pistarekin topatu nintzen. Kolpe batez, umezaroko epika jausi eta kolosoa txikiago ikusi nuen. Adinak pertzepzioa usteltzen duen seinale.