Olabarrietako auzokideak, ondare katalogoaren kontra
TESTUA ETA ARGAZKIAK: Irati Alonso García
Galdakaoko udalbatzak abenduko osoko bilkuran adostu zuen kultur ondarearen katalogoa berritzea eta babestu diren eraikinen artean Olabarrieta auzoko hainbat etxe daude. Auzokideak erabakiaren kontra agertu dira eta Udala «gezurretan» ari dela azpimarratu diote Binkeri.
Galdakaoko kultur ondarearen katalogoa berritzea adostu zuen udalbatzak abenduko oso bilkuran eta duela bi aste aurkeztu zuten aurrerantzean babestuta egongo diren eraikinen zerrenda. Lehen hamalau ziren eta handitze honekin hirurogeita zazpira igotzea onartu zuten, haien artean, Olabarrieta auzoko hainbat etxe.
Zehazki, 120 etxeei eragiten diela azaldu du Olabarrietako Bizilagunen Plataformak eta erabakiaren kontra agertu da, izan ere, aurretik etxeetan egindako modifikazioak atzera bota ahal dituzte babesteko prozesu honen ondorioz. Era berean, aurrerantzean aldaketak egiteko, «baimen gehiago eskatu beharko ditugu».
Honen aurrean Udalak bertan behera utzi du katalogoaren onarpena, baina auzokideentzat «ez da nahikoa»: «Gure etxeak katalogotik kanpo geldituko direla idatziz jaso arte mobilizazioekin jarraituko dugu».
Udalak erabakia auzokideen iritzia kontuan izan gabe hartu duela adierazi dute hauek. «Azalpenak eskatu ditugu behin eta berriz eta ez dugu ezer ez jaso», azaldu dio Binkeri Silvia Martínek, sortu berri den Olabarrietako Bizilagunen Plataformako bozeramaileak.
Informazio falta honetaz gain, Udalak «gezurrak» esan dituela salatu dute: «Osoko bilkuran onartu zen, eta beraz balio legala duen katalogoa eta publikatu dutena ezberdinak dira».
Auzokideek adierazi dutenez, udalbatzak adostutako testuan maila ertainean babestuta agertzen dira haien etxeak eta publikatu denean ordea, baxuan. «Honen bitartez ikusi dezakegu prozesua ez dela garbia. Ideia bat saltzen ari dira herritarren aurrean baina praktikan, adierazten dituzten baino traba askoz gehiago jasoko ditugu», azaldu du Martínek. «Ez du zentzurik eliza edo zubi bat maila baxuan babestea eta gure etxeak ertainean», azpimarratu du.
Bestalde, Olaia Parra Galdakaoko Udaleko Gardentasun, Parte-Hartze eta Kultur zinegotziak «bateraezintasun» prozesu batean sartu izan ahal dela adierazi dute plataformatik: «Babestuak izan diren Olabarrietako etxeetako batean bizi da eta beraz ezin izango luke bozketan parte hartu».
Azkenik, Udalaren helburuarekin ados daudela argi utzi dute, baina beste neurri batzuen bitartez: «Udal Gobernuak herriko eraikinak babestu nahi ditu eta baita guk ere, baina beste modu batzuk daude, Hirigintza Antolamenduko Planaren bitartez esaterako».
Guzti honen aurrean, Udalari hauen etxeak ondare katalogotik kentzea eskatzen ari dira. «Ez da nahikoa prozesua geldiaraztea edo bertan behera uztea, gure etxeak katalogoaren kanpo izatea nahi dugu». Horregatik, aurretik egin duten moduan, plataformako kideek eta auzokideek mobilizazioekin jarraituko dute lelo argi batekin: «Gure etxeak gureak dira. Kultur ondarearen katalogoari ez».