Zabortegia Kortederran
BINKE / 2020ko uztaila

Zaldibarkoa baino hurbilago dugu Bistibieta

TESTUA: Iñigo Larrea Labarrieta
ARGAZKIAK: Gotzon Almaraz

Bistibietako zabortegia Kortederra auzoan dago, Galdakao eta Zornotza ondoan. Berez, Lemoan kokatuta dagoen zabortegia da, baina inguruko herriak bertatik oso hurbil daudenez, zabortegian bertan gerta litekeenak eragin zuzena izan dezake Galdakao eta Usansolon. Hainbat galdakoztar urteetan zehar zabortegiak sortzen duen kiratsaz eta zarataz kexatu izan direla kontuan hartuta eta Zaldibarkoa gogoan, etxe ondoko zabortegia gertutik ezagutu gura izan du Binkek.

Kortederrako auzokideek Lemoako eta Galdakaoko udaletara hainbat kexa bideratu izan dituztela aldarrikatzen dute, baina momentura arte ez zaie inolako irtenbiderik eskaini. Nabarmentzekoa da ere, Lemoako eta Galdakaoko Udalen arteko harremana aspalditik egon dela, baina herritarren kexei erantzuteko alferrikako ahaleginak egin izan dituztela. 

Hau guztia horrela izanik, Galdakao eta Usansolotik gertu dagoen zabortegiak Zaldibarko zabortegiarekin antzekotasunik duen aztertu gura izan du Binkek, horretarako gertutik ezagutuz zabortegia bera, baita kexu diren auzokideak ere.

Hori dela eta, erreportaje honen helburu nagusia Zaldibarko zabortegiari eta bertan gertatutakoari kritika egitea baino, Bistibietako zabortegia gertuagotik ezagutzea da, herritarrek hobeto ezagutu eta sortu ditzakeen zalantza zein beldurrak argitu ahal izateko, egitekotan. Horretarako, Lemoako Udalarekin, auzokideekin, bertara doazen kamioilari batzuekin eta zabortegi honen enpresa arduradunarekin izandako harremanak hartuko dira oinarri, besteak beste.

Auzokideak kexu. Erreportajea lantzen hasi baino lehen, Bistibietako zabortegiaz urte askotan kexatzen ari diren auzokideengana jo nahi izan du Binkek, haien ikuspuntua gertuagotik ezagutzeko. Kortederra auzoan bizi diren biztanleak dira zabortegiaz kexu direnak; hain zuzen ere, auzo horretan kokatuta dagoen gasolindegi eta biribilgunearen artekoak. Zehazki, sei auzokide batu dira Binkerekin: Jesus Artetxe, Fernando Epalza, Belen eta Txaro Almarza, Julian Urkiza eta Adrian Almodóvar. 

Auzokideen kezkak Galizian Prestige petrolio-ontziaren hondamendia gertatu zenean hasi ziren. Kortederrako biztanleek ikusi zuten gerturatzen ziren kamioek Galiziako zikinkeria zekartela, eta egoera horren aurrean, gertuko erakunde publikoetara kexatzen hasi ziren. Geroztik, hainbat modutan bideratu izan dituzte haien larritasunak. Adibidez, 2015. urtean 2.000 sinadura inguru batu zituzten Bistibietako zabortegian gertatzen ari zena argitzeko, eta posible izanez gero, zabortegiaren jarduera bertan behera uzteko. Galdakaoko Udalari hainbat kexa helarazi zizkioten —hau baita auzokideen gertuko erakundea, nahiz eta Galdakaoren eskumena ez izan—, baina auzokideek adierazi dute Udalak ez ziela inolako erantzun argirik eskaini. 

Herritarrek beste hedabide batzuetara ere jo dute, eta Interneten ere askotan agertu izan dira haien erreklamazioak. Haien kexak, nagusiki, auzoan arnasten den kiratsagatik eta enpresaren jardunak sortzen duen zaratagatik sortu ziren. «Askotan etxeko leihoak zabaltzen doguzanean kiratsa etxe barrura sartzen jaku, eta tenperatura altuekaz areagotu egiten da», salatzen dute bertako bizilagunek. Kontuan hartuz udan gaudela, eta egun eguzkitsuetan kiratsa auzo guztitik arnastu daitekeela, egoera jasanezina bihurtzen hasia da Kortederrako eta inguruko auzokideentzat. Gainera, auzokideek ere baieztatzen dute protestak egiten zituztenean, kiratsa gutxitu egiten zela, eta horrek susmo txarra hartuta utzi izan ditu bertako biztanleak. 

Beste gai eztabaidatu bat Bistibietako zabortegira heltzen diren kamioiak dira. Aztertu izan dutenez, Zaldibarko istripua gertatu zenetik Bistibietako zabortegira heltzen diren kamioien kopurua nabarmen handitu da, eta horrekin batera, ingurumen arazoak ere neurri handi batean areagotu dira. Kortederrako biztanleek zabortegiaren inguruko zuhaitzak ahultzen hasiak direla salatu dute, eta azken aldian kamioi gehiago sartzen direla ikusita, bertako zuhaitzak sikatzen ari direla ziurtatzen dute. 

Auzokideek aldarrikatzen dute kamioien jatorria ezagutzen dutela, baina kargari dagokionez, ez dakitela zer nolako materialak ekartzen dituzten, eta horien inguruan hainbat zalantza dituztela.

Duela pare bat urte zabortegira hurbiltzen ziren kamioiak Nafarroa, Errioxa edota Kantabriatik zetozela diote auzokideek. Hori egiaztatzeko, eta erreportaje hau lantzeko egunean, zabortegira gerturatzen ziren kamioien jatorria eta garraiatzen zuten materiala zein zen egiaztatzeko ahaleginak egin zituen Binkek, bertara hurreratu ziren lau kamioi zabortegiaren sarreran geldituta.

Gelditutako kamioietatik bakarra izan zen Bizkaia aldetik zetorrena, Bilbotik, gainontzekoak Errioxatik eta Nafarroatik iritsi ziren zabortegira, kamioilarien esanetan. Kamioian zeramaten materialagatik galdetuta, berriz, batek harriak eta lurrak zeramatzala adierazi zuen; besteek ez zioten galdera horri erantzun nahi izan eta kamioiarekin aurrera egin zuten sarrerako kontrolera iristeko metro gutxiren faltan.

Udalen esku-hartzea. Aipatutako kexak Galdakaoko eta Lemoako udaletara bideratuak izan dira, baina momentura arte herritarrek onartu dute ez dutela inolako babesik ikusi. Lemoako alkatea den Saioa Elejabarrieta eta Lemoako ingurumen teknikaria den Yolanda Parrarekin batu zen Binke. Lemoako udaletxean egindako bileran, bai teknikariak eta bai alkateak adierazi zuten Udaletik ezin dutela irtenbide handirik bilatu, eta Elejabarrietak azken urteetan zabortegiak sortu dituen arazoei aurre egiteko asmoarekin Galdakaoko Udala Lemoakoarekin harremanetan jarri dela ziurtatu izan du: «Ibon Uribe alkate zanean hainbat aldiz deitu izan nau, herritar batzuk zabortegiaz kexuka izaten zituala helarazteko, baina guk Eusko Jaurlaritzan galdetzen bagenduan be, ordurako zabortegiaren kontrola ez egoan gure esku».

Udalaren esku bazegoen Bistibietako zabortegiaren kontrola, baina bere hastapenetan, Bistibieta SL eta Ekonor izeneko enpresek kudeatzen zutenean. Ordea, Ekonor enpresak zabortegia itxiko zuen zurrumurruak hasi zirenean, FCC Ámbito enpresak jarraitu zuen lurren esplotazioarekin, eta orduantxe aldaketa garrantzitsu bat gertatu zen: jardueraren kontrola Lemoako Udalaren esku egotetik, Eusko Jaurlaritzaren esku egotera pasa zen.

Une horretatik aurrera herritarren kexak handitu egin ziren, eta Zaldibarko zabortegian gertatutako ezbeharraren ondoren, auzokideen ardura areagotzen hasi da. Hondamendi ezaguna gertatu zenetik, askoz kamioi gehiago heltzen omen dira Bistibietara eta auzokideak beldur dira Zaldibarko hondakinak Bistibietara sartzen ez dabiltzan. FCC Ámbito enpresak aldizkari honi ziurtatu egin dio Zaldibarko zabortegiaren hondakinak ez direla Bistibietara eramaten ari. Lemoako alkateak ez du informazio hori bere esku, esan bezala, zabortegiaren kontrola Eusko Jaurlaritzaren esku baitago. Elejabarrietaren berbetan, «lizentziak, baimenak eta zabortegiaren aktibitatearen xehetasunak ezagutzen doguz, baina arazoa kontroletan» dagoela dio, eta gaineratu: «Udala ez da enteratzen kontrolak egiten diranik be, ez dalako gure eskumena, nahiz eta guk kontrol horien berri eskatu egiten dogun sarri».

Udaletik ezin daiteke kontrol handirik egin, baina zabortegiari dagozkion hainbat xehetasunen berri badu Lemoako erakundeak. Bi motatako hondakinak onartzen dira zabortegian: ez arriskutsuak eta hondakin esterilizatu edo solidoak. Baina esan bezala, Udalak ezin du guztiz ziurtatu gerturatzen diren hondakin berriak Zaldibarretik datozen ala ez, ezta bertan sartzen dena egokia denik ere.

Ezjakintasun hori, zabortegiaren ikuskapena Eusko Jaurlaritzatik IPPC legeak jarri zirenetik dator. Izan ere, zabortegiaren kontrola zortzi urterik behin Eusko Jaurlaritzak beren-beregi egiten du. Legeak esaten duenez, kontrolak gutxienez zortzi urterik behin egin behar dira, eta Bistibietan epemuga hori azken momentura arte luzatzen da. Lemoako ingurumen teknikariaren aburuz, kontrolak denbora tarte txikiagoetan egin beharko lirateke, baina Eusko Jaurlaritzako IPPC departamentuak EAE osoarentzat bakarrik hiru teknikari dituenez, denbora tarteak muturrera eramaten dira.

Zaldibarkoarekin alderatuz, Bistibietako zabortegia egonkorragoa eta seguruagoa da

Zaldibar vs. Bistibieta. Egoera zein den ikusita, Bistibieta inguruko herritarrak beldurtuta daude ez dakitelako Zaldibarko hondamendia Bistibietan gerta litekeen edo ez. Baina Yolanda Parrak, Lemoako ingurumen teknikariak, mezu lasaigarri bat helarazi nahi die kezka hori duten herritarrei: «Zaldibarkoarekin alderatuz, Bistibietako zabortegia egonkorragoa eta seguruagoa da».

Bi zabortegien arteko ezberdintasun nagusia horien kokapena da. «Zaldibarkoa malda baten kokatuta dago, eta Bistibietakoa, aldiz, ibarbide batean», argitzen du Parrak. Hori dela eta, teknikariaren ustez, «Kortederra inguruan kokatuta dagoen zabortegian, hondakin gainkarga egonda ere, ez litzateke inolako istripurik egon beharko». Bestalde, hondakinak zabortegian dauden bi zulo handitara botatzen dira, eta bi zulo horiek oihal iragazgaitzekin babestuta daude. Berriro ere, ez litzateke inolako ingurumen arazorik egon beharko, oihal horiek hondakinek lurrarekin kontakturik izan ez dezaten jartzen baitira.

Denborarekin zabor hori finkatzen hasten da, eta denbora aurrera joan ahala, hondakin horiek likido bihurtzen hasten dira. Isurki horiek oso kutsagarriak direnez, ezin dira aire zabalean luzaroan gelditu. Hori dela eta, likidoa drainatze-sistema baten bitartez aparte dagoen beste biltegi batzuetara doa, hain zuzen ere, lixibiatuak batzen diren tokira. «Zabortegira eramaten diren hondakin guztiek botatzen duten likidoak dira lixibiatuak, eta nahaste hori oso kutsagarria da ingurumenarentzat, horregatik ateratzen dira aparteko depositu itxietara», zehazten du Saioa Elejabarrietak, eta gaineratu: «Hortik dator hainbeste kexa sortzen dituen kiratsa».

FCC Ámbito. Herritarren kexak eta ardurak batu ondoren, Binke gaur egun Bistibietako zabortegiaren jabe den FCC Ámbito enpresarekin kontaktuan jarri da, eta herritarren kexak helarazi nahi izan dizkio. Auzokideak kamioi kopuruaren hazkundeagatik arduratuta egon dira, baina enpresak argi utzi nahi izan du Zaldibarretik ez dutela inolako zaborrik ekarri. Enpresaren arduradunak azaldu duenez, herritarrek igarri izan duten kamioien hazkundea bi arrazoirengatik izan daiteke: «Lehenengoa, urteko sasoi batzuetan besteetan baino kamioi gehiago ekartzen dituztelako; eta bigarrena, ADIF enpresa Abiadura Handiko Trenari dagozkion obrak egiten ari denez, enpresa horren lurretara sartzeko zabortegitik pasatu behar direlako AHTko kamioiak ere». 

Lemoako ingurumen teknikariak azaldu zuen Bistibietako zabortegia Zaldibarkoa baino seguruagoa dela. Enpresari ere horren inguruan galdetu zitzaion, eta honen erantzuna hurrengoa izan da: «Zaldibarren gertatutakoa ez dugu zehatz-mehatz ezagutzen, baina guk ziurtatu dezakegu segurtasun legedi guztiak betetzen ditugula». Horren harira, enpresak ustiatu ditzakeen lurrengatik galdetuta, FCC Ámbitoren erantzuna oso argia izan da. Bistibietako lurretan hainbat lursailen jabe dira, eta gainera, Lursail horietako askok hondakin ez arriskutsu eta inertizatutako zabortegien jardueraren garapenerako baimena daukate; hau da, nahi izanez gero, enpresak lur horietan zabortegiaren jarduera luzatu ahalko lukeela. 

Beste alde batetik, zabortegiaren kontrola Eusko Jaurlaritzaren esku dago, eta Udalak kontrol horri dagokion ezjakintasuna erakutsi zuenean, Eusko Jaurlaritzarekin kontaktuan jarri nahi izan da hedabide hau. Aldizkaritik egon den kezka nagusia herritarren kexei irtenbideren bat emango ote zaien jakitea izan da; baina hainbat saiakera egin ondoren, Binkek oraingoz ezin izan du Eusko Jaurlaritzako IPPC legeriaren arduradunen erantzunik jaso.

Zabortegiak polemikaren ikusmiran. Azken aldian zabortegien gaia oso gai eztabaidatua izan da gure gizartean eta herritarrak gero eta kontzientziatuagoak daude ingurumenaren zaintzari dagokionez. Fokoaren erdigunera ekarri da gure zaborrak kudeatzeko eredua. Baina ardura hori ere bazuen 2012. urteko Galdakaoko Udalak.

Urte hartako Udal Gobernuak, lurzoruen gida-plana aurkeztu zuen. Plan horren bitartez, Udalak 22 milioi metro kubikoko edukiera zuten zortzi lursail aurkeztu zituen, bertan biltegiratuko ziren hondakinak mota guztietakoak izanik: inerteak, inertizatutakoak edota arriskutsuak. Azkenik, alderdien arteko eztabaida gogorren ondorio, Udal Gobernuak Galdakaon hartu gura zituen zabortegien planak ez zuen aurrera egin, eta ez zen zabortegi gehiagorik eraiki herrian.

Aurrera egiten duenak ordea, FCC Ámbito da —Bistibietako zabortegiaren enpresak—, eta ondo egin ere. Eusko Jaurlaritzaren kontrolak zein punturarte diren eraginkorrak egiaztatzea ezinezkoa egin zaionez Binkeri, komunikabide horrek ezin du horren frogarik jaso. Baina frogatzeko erraza bada behintzat kontrolak jaso behar dituen enpresaren aberastasuna. FCC —Fomento de Construcciones y Contratas— enpresako jabea Carlos Slim enpresaburu handi-mandi mexikarra da, eta bazkide ditu Esther eta Alicia Koplowitz ahizpak.

Carlos Slim, hainbat enpresako jabea izateaz gain, Mexikoko Telmex enpresako presidentea ere bada —Mexikoko enpresa publiko izateari utzi zionetik—, 2020ko uztaileko Forbes zerrendaren arabera 51.500 milioi dolarreko ondarea duena. Koplowitz ahizpak berriz, Frankismo garaiarekin lotuta dauden enpresariekin harreman sentimentalak dituzten ahizpa dirudun bi dira, eta aipatutako zerrendaren arabera Espainiako aberatsenen artean daude. Eurek dira FCC enpresaren buru, nahiz eta izen antzekodun azpi-enpresa gehiago izan tarteko, FCC Ámbito tarteko.

Horregatik FCC Ámbito FCC enpresa orokorraren parte da, mundu osoan 92.000 langile baino gehiago dituen multinazionalarena. Bada, horixe da gaur egun etxe ondoan dugun zabortegiaren jabea. •