Koldo Saratxaga: «Gustatzen zaizun horretatik bizitzean dago arrakastaren gakoa»
Koldo Saratxaga, lider eta enpresaria
BINKE / 2020ko iraila
«Asko sufritzen nabil mundu guztia espetxeratuta ikusita: etxetik ezin irten eta musukoak jantzita»
Koldo Saratxaga Cabezas
1947, SopuertaEz dago espazio fisikorik bere biografia eta ibilbide profesionala islatuko duenik, baina ikasketaz ingeniari teknikoa da eta bi master egin zituen Deustuko Unibertsitatean eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Bere ibilbide profesionala Vidrierías de Llodio-Villosan hasi bazuen ere, Etorki, Euskadiko Kutxa, Urola eta Irizar enpresetan lortutako emaitzegatik jaso ditu, besteak beste, Gipuzkoako enpresarien saria (1997), Espainiako Urteko Sustatzailearen Saria (1997), Euskadiko Enpresari Onenaren saria (2001), Ospe Oneneko Kudeatzailaren Euskadiko saria (2005) eta Bihotz Berezia saria (2008). Baina gainera, maila internazionaleko hainbat aitorpen jaso ditu Saratxagak, hainbat liburu idatzi ditu eta beste hainbat idatzi dituzte berari buruz. Hainbat unibertsitatetan irakasle izan da eta NER taldearen zein K2K erakundearen sortzaile. Jarraitzeko eredu bat.
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Julio Legarretaetxebarria
Antolakundeen esparruan gure herrialdean egon daitekeen pertsonarik mirestuena ekarri dugu hilabeteko azalera, eta 25 urte dituenetik gure herrian bizi da, Galdakaon. Enpresaria, liderra eta filosofo handia da Koldo Saratxaga. Azken jardun hori du azken aldian deskubritu, eta horrela ulertu daitezke solasaldi honetan utzi dizkigun ondorio eta irakurketa handiak.
Hasi baino lehen: Zelan zaude? Zoragarri. Inoiz baino bake eta lasaitasun gehiagorekin, baina baita mundu honetara egitera etorri garen inoizko ikuspunturik onenarekin ere.
Zelan ari zara pandemiaren kontu guzti hau eramaten? Etxean ematen nabil denbora gehiena eta lasai nabil, pozik gainera teknologien benetako abantailak ezagututa.
Zergatik diozu? Nire bizitzan lanagatik milaka hegazkin hartu ditut, laurogei herrialde baino gehiago ezagutu eta lau kontinentetan enpresak eraiki ditut. Orain konturatzen nabil zenbat baliabide xahutu ditugun: zenbat diru eta denbora gastatu dugun, zenbat kontaminatu dugun… distantziara egin zitekeenean teknologien bitartez.
Ondo zabiltza, beraz! Ni oso ondo, bai, baina asko sufritzen nabil mundu guztia «espetxeratuta» ikustean, etxetik ezin irten eta mozalak aurpegian.
Beldur soziala sartzen ari zaizkigula uste duzu? Zalantza barik. Gizakiak beti izan du beldurra eta beldurra elikatzea interesatu egiten zaie askori, baina beldur honen bitartez galduko dugunak arduratzen nau gehiago. Gizakiak harremanak behar ditu, besarkadak, laztanak, musuak, agurrak… eta guzti hori debekatu egin digute. Adineko asko joaten ari dira guzti hori gabe, eta etxeko txiki asko hazten ari dira hori izan gabe. Atzera bueltarik ez duen galera bat sortzen ari dira.
Zeintzuk helburu izan ditzake, zure ustez, eragindako beldur horrek? Nik ez dut hartuko inor epaitzeko baimenik. Gainera ez dut uste nik errudunik bilatzeak ezertan lagunduko duenik, hedabideen morboa elikatzea baino ez. Eta ulertzen dut hedabideek morboa bilatzea, azken finean horrek «engantxatu» egiten gaituelako eta medioek hori behar dutelako gure bizitzak kontrolatzeko. Gertatzen dabilen hau nork edo zerk eragin duen eta zergatik hemendik urte batzuetara jakingo dugu ziur.
Medioek kontatzen diguten horretatik, zelan bereizi zer den egia eta zer gezurra? Ezin dugu bereizi. Ez daukagu informazio eta baliabide nahikorik medio nagusietatik kanpo. Are gehiago, ez dugu nahikorik eboluzionatu egia eta gezurra desberdintzeko. Gainera komunikabideekiko sinisgarritasun handia dago eta hori bikain datorkie gobernuei. Boterea duenak medioak kontrolatzen ditu, eta medioek gu kontrolatzen gaituzte. Hori da jendartea lo, iritzi bakarrekoa eta obedientea izateko giltza.
Hitz egin dezagun musukoaz. Zer iruditzen zaizu? Zergati bako espetxeratzea. Ohiko kartzeletara, arrazoiarekin edo arrazoi gabe, pertsona batzuk bidaltzen dira. Eta pertsona hauek preso egonda ere, badute patiora irten eta besarkatu, jolastu eta elkarrekin egoteko aukera. Aldiz, kutsatu daitezkeenak —zenbakiak asmatuko ditut, adibide bezala jartzeko— ehuneko bosta badira ere, krisi honetan gainontzeko %95 zigortu dute, gaur egun gure gizartean heriotz gehiago sortzen dituzten gaitzak daudenean gainera… Ulertzeko zaila da.
Baina ez diguzu ukatuko jendea hiltzen ari dela Covid-19ak jota… Bai, eta errespetu guztia denei. Baina kopuruari erreparatzen badiogu, jende gehiago hiltzen da auto edo lan istripuetan, edo gizarte honek alboratu egin dituelako eta bere buruaz beste egiten dutelako, edo indarkeria matxistak erahilda, edo zer janik ez dutelako pobreziak akatuta… Eta kasu honetan, gure sistemak beti egin izan duen bezala, gaixotasunaren kontra egitean galtzen ari gara indarrak, ez osasunean bizitzean. Horrela ditugu ospitaleak gainezka, horrela bizi gara industria-farmazeutikoen esku… Pandemia hau joko horren parte da.
Txertoa beraz, negozioa ala konponbidea? Farmazeutikak munduko enpresa garrantzitsuenetarikoak dira, hori argi dago. Eta dirua sortzean dago txertoaren arrazoia, baina ez bakarrik Covid-19aren aurkako txerto honen borrokan bakarrik, orokorrean txerto guztien negozioan. Galdera harago eramango nuke: txertoak beharrezkoak ditugu?
Ukaezina da krisi ekonomiko mundiala bizitzen ari garena. Eta zu entzunda zalantza bat suertatu zait: sistemak gu gelditzea nahi du eta nahita eragindako krisi ekonomikoa da hau? Gure ekonomia gurpil-zoro batean sartuta egon da. Erakundeek diruz lagundu dituzte laguntzea merezi ez duten gauzak, «zerbait» egiten ari direnaren itxura emateko… Zoratu egin gara diruaren bueltan, eta orain dena berriz planteatu eta hausnartzeko beharra dugu. Ez dakit nahita eraginda edo ez, baina egia dena da gutxienez 20 edo 30 urte beharko dituguna gure egoera ekonomikoa lehengo horretara bueltatzeko. Bueltatzerik nahi duten edo ez, ez dakit.
Zure ibilbide profesionalaren azken urteak enpresak laguntzen eman dituzu. Erretiroa hartzeko aukerarik izan duzu? Ni erretiratuta bizi naiz, ez dudalako inoiz lan egin behar izan. Egin dudan horretan sinistu dut beti, eta gustura egin dut egin beharreko hori, horregatik lan egitearen sentsaziorik ez dut inoiz izan.
Egin eta lortu duzun guztiagatik harro sentitzen zara? Harro baino, pozik sentitzen naiz egindakoaz. Baina ez dut uste meritu handirik dudanik. Gehiago esango dizut, orain gutxi arte mundu honekin zorretan sentitu izan naiz beti.
Zer dela eta? Bizitzak ondo tratatu izan nauelako, eta nahi izan dudan horretatik bizitzeko zoriona izan dudalako beti. Baina oraintxe konturatu naiz zor hori ez dudala sentitu behar, konprenitu egin dudalako bizitza honetara horretara etorri naizela. Eta horretan dago gakoa: gustatzen zaizun eta abilezia duzun horretatik bizitzea.
Gaia pixka bat aldatuta. Zelan ikusten duzu gaurko hezkuntza sistema? Hezkuntzaren egoera oso gertutik jarraitu izan dut beti, Francoren garaitik hasita, ostean «trantsizio» deitutako garai horretan gure alabek ikastolan ikasi ahal izateko egin genuen lanetik pasa —Eguzkibegi hainbat gurasok sortu genuen urteetan— eta ikastola utzi eta unibertsitatean jarraitu behar izan zuten arte. Eta egia esan, uste dut hezkuntza sistemak ez duela askorik eboluzionatu.
Zergatik diozu hori? Nire alaben ostetik nire bilobek jarraitu dute, eta denak berdin jarraitzen du: noten norgehiagoka, buruz ikasi beharra, esperientziak eskaintzeko falta, askatasun eza… Nik ez diot horri hezkuntza deitzen, nik eskolaratzea deitzen diot. Ez baita hezkuntza, seme-alabak bertan sartzea delako. Hori bai, edozein arrazoigatik egun batean seme-alabak ezin badituzu eskolan sartu, arazo bat sortzen da familian.
Zuk beti esan izan duzu hezkuntza sistema ez dagoela zuzenduta gizarte honi ekarpenak egiteko baliogarriak izango diren pertsonak heztera, enpresetan lan egiteko «makinatxoak» eraikitzera baizik. Bai, horrela pentsatzen jarraitzen dut. Eta gurasoek euren seme-alabekiko dituzten zalantza edo beldurrak ikustea baino ez dago. «Zer egin dezake nire semeak lan —eta beraz soldata— on bat izateko, zerk emango dio prestigio handiagoa, ze karrerak du irtenbide handiagoa…». Gerrate horretan daude guraso gehienak. Sistema honek eta gurasoek ez dute pentsatzen eta lantzen pertsona bakoitzak zertarako balio dezakeen eta zer egiten izan daitekeen ona eta zoriontsua.
Tira, baina sistemaren barne badaude proiektuak, ezta? Baina zuk esan duzu, sistema beraren barruan egoten jarraitzen dute. Hala ere, erakutsita dago horrelako proiektuek balio dutela, bai, nahiz eta ez dakidan zelako neurria hartzen duten ikastetxe bakoitzeko proiektuetan eta norarte eramaten den praktikara. Eta aurrerapausoak dira, baina XVIII. mendeko sistema bateko aurrerapausoak.
Askotan entzun zaitugu gela bakoitzeko ikasle kopurua kritikatzen… Eta orain konturatzen ari dira agian klase bakoitzeko ikasle gehiegi daudena. Hezkuntza herrialde bateko gauzarik garrantzitsuena balitz, ziurrenik gauzak beste modu batera egingo lirateke.
Kritikatu bai, baina izan duzu klase politikoari ekarpenik egiteko aukerarik? Barkatu, ni orain esaten nabilen guzti honekin ez nabil ezer kritikatzen, nire iritzia baino ez nabil ematen. Eta zure galderari erantzunez, esango dizut ezetz. Ez dut uste politika bidea denik gainera.
Baina politikoren bat hurbilduko zitzaizun ziur! Bai, goi-mailako politikari asko etorri izan zaizkit, eta azken 25 urteetako politikari guztiek ezagutzen naute. Askorekin harreman ona ere badut, baina kito, ez dago besterik. Inoiz mahai baten bueltan esertzeko aukera izan badugu ere, inoiz ez gara ezertara heldu, ez garelako elkar ulertzera iritsi.
Zuk proposatzen duzun Harreman Estilo Berriek ez al dute politikan balio? Bai, noski. Gobernuak organizazioak dira, edozein familia, lagun talde, enpresa edo erakunde bezala, eta pertsonez osatuta daude. Baina urteak proposatzen ari garen Harreman Estilo Berri hauek transparentzia, berdintasuna, boterea galtzea… dakarte, eta beraz ez da interesatzen.
Sistemaren kontra al dago Koldo Saratxaga? Ni ez nago sistemaren kontra, baina pertsonak zenbaki bihurtu eta maila desberdinean jartzera derrigortzen gaituen sistema bat ez dut lagunduko. Badago egiteko beste modu bat, pertsonak erdigunean jarrita beti ere.
Hala ere, eta pandemiara bueltatuz, imajinatzen dut inor ez dela arazo honi aurre egiteko prest egon, eta inprobisatzera derrigortuta daudela gobernuak ere. Ez duzu horrela ikusten? Bai, ados. Baina transparentzia balego eta informazioa ez baligukete manipulatuko eta musturretatik kenduko, benetako eztabaida aberasgarri bat sortuko litzateke eta izugarri ikasiko genuke honetatik ere, arazoak eskarmentu bilakatuta. Erraustegiekin antzeko zerbait gertatu da: inflexio eta eztabaida gai bat arazo politiko bilakatu da. Euskal Herria hondakinen kudeaketan munduko herrialde onenetarikoa izan zitekeen, eta aukera zoragarria genuen horretarako, baina horren beharrean nahiago izan dira gauzak ezkutatu eta erabakiak batzuen interesen alde hartu. Horren ondorioa? Jendeak erraustegiak arazo bezala ikustea eta bertatik ezer ez ikastea. Beldur naiz pandemia honekin antzeko zerbait ez ote dugun lortuko: ikasteko aukeraren beharrean arazoa izan —hau da, beldurra— eta ezer ez ikastea.
Amaitzen joateko, zer esango zenioke lanera desmotibatuta edo egiten duen horretan sinistu gabe doan horri? Ni ez naiz inor inori ezer esateko, baina bai esango dizut nire ustez zer den egin behar dena, orokorrean. Ez dugu bilatu behar soldata bat emango digun lanposturik, diruaren truke bakarrik lan egiteak hil egingo zaituelako —badakit dirua behar dugula, gure buruei jarri dizkiegun beharrek behartzen gaituztelako diru hori behar izatera—, baina egunero gogo biziz eramango zaituen lana aukeratzera animatuko nuke jendea. Lan edo ekarpen hori egiten zoriontsu egingo zaituen lana bilatzera. Baina horretarako ekin egin behar da, bilatu eta bilatu bai, baina zer aurkitu nahi dugun argi izanda, sarritan bilatu egiten dugulako zer aurkitu nahi dugun jakin gabe. Horregatik gelditu barik ibiltzea da hain garrantzitsua, gaur, bihar edo etzi bada ere, azkenean lortuko duzulako nahi duzun hori.
Zer esaten diozu zure barnerari oheratzen zaren bakoitzean? Berak esaten dit niri, eta nik eskerrak baino ez dizkiot ematen, mundu honetaz eta nire inguruaz bizitzeko, ikasteko eta gozatzeko grina emateagatik. Egiten dudan eta daukadan horrekin asko gozatzen dut, orainean bizi naiz, iragana dagoeneko ez delako existitzen, eta etorkizuna oraindik ere ez. •