Roberto Moreno, patinete elektrikoaren erabiltzailea
BINKE / 2020ko iraila

«Patinetean askok ez du abiadura errespetatzen»

TESTUA: Iñigo Larrea Labarrieta
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai

Patinete elektrikoak oinezkoen garraiobide preziatuena izango direla dio askok, egun ezagutzen ditugun ibilgailuekin alderatuz, patinetea aukera merke, erabilgarri eta eskuragarriena omen delako. Gure herrietan gero eta gehiago ikusten dira, eta patinete baten erabiltzaile galdakoztar bat ezagutu dugu.

Azken hamarkadan aldaketa nabarmen bat gertatu da gure herri eta hirien paisaian, eta argi dago teknologiaren arloak zerikusi handia izan duela aldaketa horretan. Teknologia berriak gure bizitzako hainbat esparruetan barneratzen hasiak dira, eta askotan ez gara konturatzen horiek ekartzen dituzten aldaketez. Esan bezala, herri eta hiriak aldaketa teknologiko berri horien irudi argiak dira, eta ez dago ukatzerik, errepideetan ikus daitezkeen garraio berrien agerpena horren isla direla.

Gure errepideetatik garraio elektriko eta hibridoak ikustera ohitzen hasi gara. Hau da, duela hamar urte pentsaezina zena, edota zientzia fikziozko filmetan soilik ager zitekeena, gure egunerokotasunean ikustera ohitu gara. Garraio elektriko berri horien adibiderik adierazgarriena, gure gizartean moda modura sartu zen patinete elektrikoena da. Begi bistakoa da, garraiobide berri hau hirietan herrietan baino erabiliagoa dela, baina hala ere, Galdakaon eta Usansolon gero eta erabiltzaile gehiago ikus daitezke. 

Erreportaje honek horietariko erabiltzaile bat ezagutarazi gura izan du, aurretik patineteen egungo egoera ezagututa.

Lege baten beharra. Patinete elektrikoek estatu mailan izan zuten hazkundea ikusita, 2019. urtean Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak bere burua behartuta ikusi zuen horren inguruko lege bat sortzera. Lege hori mobilitate pertsonaleko ibilgailuei bideratuta dago, hau da, diseinuz 6 eta 25 km. orduko gehienezko abiadura har dezaketen patinete elektrikoei. Kaletik ikusten diren patinete gehienak talde horren barruan sartzen dira, eta legea jarri zenetik, erabiltzaileek hainbat neurri hartu behar izan dituzte kontuan.

Hasteko, patinete elektrikoetan pertsona bakar bat joan daiteke gainean. Gainera, beste edozein ibilgailutan gertatzen den moduan, erabiltzaileak ezin du alkoholik ezta drogarik kontsumitu. Telefonoa edo aurikularrak erabiltzea ere debekatuta dago, eta iluntasunean beharrezkoa izango da argiztapen egokia eramatea. Aipatzekoa da ere, mota honetako ibilgailuak ez direla matrikulatu behar, ez dutela inolako asegururik behar, eta erabili daitezkeen ibilbideei dagokienez, guztiz debekatuta dagoela oinezkoen bideetatik eta espaloietatik ibiltzea.

Azkenik, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak azpimarratzen du, abiadura handia hartzeko manipulatutako ibilgailuak —25 km. orduko abiadura baino gehiagora joan daitezkeenak— guztiz debekatuta daudela, eta horiek erabiltzeak 500 euroko isuna ekar dezakeela. Baina, ba al dute Galdakaon patinete elektrikoa erabiltzen dutenek horren berri?

Erabiltzaile baten ahotan. Estatu mailako egoera zelakoa den aztertu ondoren, gure herrian zehar patinete elektrikoan mugitzen direnek aurki ditzaketen gabezi, erosotasun, arrisku edo arazoak zeintzuk diren ezagutu nahi izan ditu Binkek. Horretarako, patinete elektrikoan herritik zehar hiru urte mugitzen daramatzan Roberto Morenorekin (1972, Barakaldo) jarri da kontaktuan.

Robertori elektronikaren mundua betidanik gustatu izan zaio, eta horren inguruan askotan arakatzen bili ohi da. Behin, Internet bidez erosketa batzuk egiten zegolea, patinete elektriko merke baten eskaintza agertu zitzaion, eta aukera paregabea zela ikusita, patinetea erostera ausartu zen; geroztik poz-pozik ibili da erositakoarekin, eta bere hitzetan, «azken urteetan egindako erosketarik probetxugarriena dela baiezta dezaket».

Morenori Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak jarritako neurrien inguruan galdetu diogunean, berak estatu mailan ezarritako araudia zehatz-mehatz ez duela ezagutzen nabarmendu du. Hala ere, berarentzat jarritako neurriak ez dira batere zorrotzak, azken finean, kaletik ikusten diren patineteak gehienez 25 kilometro orduko abiadura har dezaketen ibilgailu soilak baitira.

Herriko ibilbideei dagokienez, nahiko eskasak direla aitortu du Robertok: «Ezinezkoa egiten zait bidegorriak soilik erabiliz herriko alde batetik bestera joatea». Hori dela eta, askotan espaloietatik edo errepideetatik joaten da, baina hori bai, betiere oinezko gutxi dauden ordu estrategikoak kontuan hartuz. «Dena den, herri mailan ikusten dudan gabeziarik handiena patineteak lotzeko lekuak dira», azaldu du.

Aurkako iritzien aurrean. Jakina denez, herritar askok patineteen aurkako iritzia daukate. Herriko egoera zein den jakiteko, Galdakaon bizi den barakaldoarrak egoeraren berri eman digu: «Nik neuk inoiz ez dut inolako kexarik jaso, baina aitortu beharra daukat noizbait oinezkoren batek aurpegi arraroarekin begiratu izan nauela espaloitik patinetearekin ibiltzeagatik».

Nolanahi ere, Morenorentzat oinezkoak askotan haserre egotea guztiz ulergarria da, «patinetean doazen erabiltzaile askok ez dutelako abiadura errespetatzen», eta horren aurrean, bere ustez, «patinetea daramaten herritarrak arduratsuagoak izan behar gara».

Azkenik, etorkizunari begira Robertok uste du patinete elektrikoak aurrerapen bat direla. Berarentzat argi eta garbi hainbat ezaugarri on dituzte, gehienbat kutsaduraren ikuspuntutik aukera paregabea direlako eta erabiltzaileak ez duelako bere ibilgailua aparkatu behar. Azken horregatik, berak igarri duen abantailarik handiena egunerokotasunean asko laguntzen duela da; lehen oinez egiten zituen ibilbide guztiak gaur egun patinetean egiten baititu. •