Usansoloko Metro geltokiaren proiektua herritarrekin batera erabakitzeko eskatu du Udalak
TESTUA: Irati Alonso
ARGAZKIA: Usansoloko Udala
Usansoloko Gobernu Taldeko eta Usansoloko EH Bilduko ordezkariak Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiarekin batu ziren, Usansoloko Metro geltokiaren proiektua prozesu parte-hartzaile baten bitartez erabakitzea eskatzeko.
Usansolotarrek erdigunean Metro geltokia eskatzen jarraitzen dute eta aldarrikapen honetan bidelagun izaten ari da Usansoloko Udala. Sare sozialetan iragarri dutenez, Usansoloko Gobernu Taldeko zenbait kide, Usansoloko EH Bildurekin batera, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiarekin bildu ziren gaiaren inguruan hitz egiteko.
Bilera honetan Agustin Aizpuru alkateak, Diego Ortega Urbanismoko zinegotziak, Ariane Elejabarrieta EH Bilduko zinegotziak eta Enrike Barrenetxea Antolakuntzako zinegotziak parte hartu zuten eta Usansoloren gaur egungo egoera azaldu zioten Etxanoberi: «Gure udalerriak tren geltoki bat du erdigunean, irisgarria, sarbide onekoa eta puntu beltzik gabea, Bilborekin konexio-zerbitzu ona ematen duena eta usansolotarrek horrela baloratzen dutena».
Metroaren 5. linearen proiektuan geltoki hau desagertuko dela nabarmendu zioten Ahaldun Nagusiari eta «anezkaren azken proposamenak gaur egun dugun kalitatezko zerbitzu bera bermatu behar duela» aldarrikatu zuten, horretarako erdigunean geltoki bat eskatuz.
Azkenik, Usansoloko Gobernu Taldeak eta Usansoloko EH Bilduk herritarren kexak entzun eta
aintzat hartzeko eskatu zioten Etxanoberi, baita herriarekin prozesu parte-hartzaile bat egiteko ere.