«Ezkurra eta kalabaza», Manu Etxebarria
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2024ko iraila
Gure baserrietan artoa garrantzitsua izan da pertsona zein animalientzat. Behin iraileraz gero, artoa heldu egiten da eta bere uzta-beharrak hasi. Holako egun batean, baserritar bat joan zan bere artotza ikusten. Artotzan, artoa ezeze, kalabaza eta indabak be ereiten izan dira lur landua aprobetxatzeko. Baserritarra uzta ona ikusirik, muna bazterrean egoan haretx handi baten azpian ezarri zan pozarren artaburuz beteko artotzari begira. Horretan egoala, kalabaza handi bat ikusi eban aihen eta guzti artotzaren ertzeko muna ganera urtenda. Esku biak burura eroanik pentsatu eban berekautan: «Mundua txarto eginda jagok. Kalabaza-hazi txiki batetik kalabazatzar honek urten jok eta haretx handi honen ezkurrak txikiak dozak». Buruhauste horregaz ebilela, txast! ezkur bat jausi jakon buruaren erdira eta txirran joan zan muna behera kalabazaren ondoraino. Hori ikusirik bere buruari esan eutsan: «Oño, oker ibili nok neure hausnarketa honegaz, mundua ez jagok txarto eginda, ze, ezkurra egon dan lekuan kalabazatzar hori egon balitzok, nireak egin joan». Beraz, pentsatzea da bat eta izatea beste bat. Naturak bere legeak daukaz. Zeozergaitik izango da!