«Urruna» antzezlan esperimental gaztearekin amaitu du bere hirugarren eguna Sormenek
Sormene
BINKE / 2020ko abendua
«Urruna» antzezlan esperimental gaztearekin amaitu du bere hirugarren eguna Sormenek
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai
Sormene plazaren hirugarren egunean antzerkiak hartu du oholtza. Goizean Amancay Gaztañagaren tailerrez gozatu ostean, arratsaldeko saioan Urruna antzezlanaz gozatu ahal izan dute ikusleek; emakume gaztez osatutako Tripa Kolektiboak sortutako lana.
Badira hiru egun Sormene hasi zenetik. Denbora tarte labur honetan, hainbat izan dira euskal kulturaren eta sormenaren plaza berri honek eskaini dituen ikuskizunak, disziplina artistiko desberdinetakoak gainera. Musika, antzerkia, literatura errezitaldia edota Galdakaoko ikastetxeetako ikasleei eskainitako tailerrak izan dira besteak beste egun hauetan izandako emanaldi zein ekintzetako batzuk dagoeneko, eta asko du eskaintzeko oraindik jaialdiak. Gaur, asteazkena, Amancay Gaztañaga aktorea, musikaria eta antzerki zuzendariak sormenaren garrantziaren inguruko antzerki tailerra eskaini du, eta arratsaldean, aldiz, Urruna antzezlanak hartu du lekukoa.
Marina Suarez, Natalia Suarez, Maite Mugerza eta Andrea Berbois bibolin jolea dira Tripa Kolektiboa osatzen duten lau kideak, eta haiek antzeztu dute gaur, asteazkena, Urruna Sormene plazan. 2013az geroztik ari dira kolektibo honen baitan lanean, eta hainbat eremu desberdinetan garatu dute haien jarduna, hala nola: Baratza aretoan, Azalan, Pradillo antzokian edota Bulegoan.
Marinak eta Maitek abiarazi zuten proiektua, eta ondotik etorri ziren besteak. Aitaren Larrua izan zen taldeak sortu eta eskaini zuen lehen antzezlana, 2015ean, eta prozesu luze bat izan zuten hau lortu baino lehen, aitatasunaren gaia ardatz. Haien prozesuek aurrera egin ahala, imajinazioa astindu eta bilakaera handia izan dute urte hauetan guztietan. Koloreekin jokatzen dute askotan, baina aldi berean kontraesanekin pertsonaiak gorpuzterako orduan.
Gaurko antzezlanean, modu misteriotsuan ematen diote hasiera ikuskizunari. Orokorrean, esperimentazioarekin jokatzen dute antzezlan osoan zehar, modu ilun eta zalantzakor batean. Oihuak, hots desberdinak, bakarrizketak edota dialogorik gabeko hizketaldiak dira antzezlanean zehar erabiltzen dituzten baliabideetako batzuk, bibolina edota teklatu txiki bat bezalako instrumentuekin batera. Dantza, jauziak, haizemaile eta objektu desberdinak tarteka erabiliz, ikuslegoaren harridurarekin eta zalantzak sortuz. Ez diete modu zuzenean mezurik helarazten ikusleei.
Bihar aldiz, Andra Mari Dantza Taldea izango da goizez Galdakaoko ikastetxe desberdinentzako dantza tailerra eskaintzen, bi txandetan. Arratsaldez, aldiz, Kirats Teatroak Mariage d’Amour dantza eta antzerki emanaldia egingo du. Bertan izango dira Nerea Iglesias eta Xabi Madina aktore, musikari eta dantzariak, Maite Agirreren zuzendaritzapean. Doako sarrera da eta gonbidapenak saioaren aurretik eskuratu ahal izango dira Torrezabaleko lehiatilan bertan. Bertaratu ezin duenak, Binkeren webgunearen hasiera-orritik ere jarraitu ahal izango du zuzenekoa streaming bidez.