Sormene
BINKE / 2020ko abendua

Mutu utzi du Eñaut Elorrietak gaur Sormene, «Irteera argiak» bere azken lana aurkezteko

TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
BIDEOA: Binke

Eñaut Elorrietak biribildu du larunbata Sormenen, ikusleen hunkidura eta txalo artean. Bere azken lana aurkeztearekin batera, «Irteera argiak», bakarlari gisa egindako beste zenbait lan jo edota abesti zahar baten bertsioa ere egin du.

Aski ezaguna da gurean Eñaut Elorrieta. Fisikako ikasketak egin bazituen ere, ibilbide luzea izan du musikagintzan eta euskal kantagintzan, Lugarri taldearekin hasiz, ondoren 1996ko udazkenean Jon Mikel Arronategi Exkixuko baxu-jotzailearekin batera Ken Zazpi sortuz, eta azken urteetan berriz bakarlari gisa arituz. Hainbat izan dira urte hauetan guztietan gernikarrak, bakarka zein taldeka kaleratutako lanak. Ken Zazpirekin batera, adibidez, guztira zortzi diska kaleratu zituen, 2015ean argitaratutako «Phoenicoperus»  izan zen  azkena, eta ordutik ez dute berriz ere batera jardun. Bakarka, berriz, lau lan kaleratu ditu dagoeneko. «Deserriko kantak» 2013an, bost urte beranduago «Harian» eta ondotik etorri zen «Harian zuzenean», eta joan den urtean, azkenik, «Irteera argiak», gaur Galdakaora aurkeztera etorri dena.

Azken lan honetan, erreferentzia eta autore desberdinez baliatu da kantak gorpuzterako orduan. Tartean, Joseba Sarrionandiaren, Bernardo Atxagaren edota Uxue Alberdiren letrez, baina hauez gain bereak diren letrak ere erabili ditu diskako lau kantetan. Emanaldia doinu leun eta lasaiekin hasi du, Ruben Caballero gitarra jolea eta Ander Zulaika perkusio eta bateria jotzailea ondoan izanik, eta Eñautek berak ere gitarra bat lagun. Kanten letrei dagokienez, askotariko gaiak jorratzen dituzte, batzuetan maitasunarekin loturikoak, beste batzuetan aldiz herriminari, deserriari edota aberriari eskainitakoak, eta besteetan aldiz mezua bera zeharka jaurti eta entzulearen hausnarketari bide ematen dietenak ere bai.

Aretoan isiltasuna izan da nagusi kontzertu osoan zehar, eta ikusleen sentimenduen barrena aritu da kantaz kanta, hauek hunkituz, batez ere instrumentuak alde batera utzi eta ahotsekin jokatu dutenean. Nabarmentzekoa da euskal musikan dauden taldeek ahotsarekin izan ohi dituzten gabeziak, hau da, orokorrean bertoko taldeek ez ohi dute ahotsa beste instrumentu bat bezala erabiltzen, bai aldiz Eñautek, eta honek asko laguntzen du besaulkietan dauden horiengana iristerako orduan.

Gazte zela entzun ohi zituen talde edota kantautoreen garrantzia nabarmendu, eta batzuk aipatzearekin batera —Ez Dok Hamairu eta Hertzainak kasu—, Itoiz taldearen «As noites da Radio Lisboa» kantaren bertsioa ere egin du. Ondotik etorri dira «Inesa Gaxen», «Nire aitaren etxea» edo «Geografia» bezalako kantak. Emanaldia biribiltzeko Joan Oliver poeta katalanak idatzitako «Deserriko Kontradantza» kantarekin itxi du saioa, txalo artean.

Bihar izango da Sormeneren azken eguna. Hala ere, euskal kulturaren eta sormenaren plaza berri honek badu oraindik zer eskaini. Guztira zortzi emanaldi desberdin eskainiko dira goiz eta arratsalde artean, gehienbat musikarekin lotutakoak, baina ipuin kontaketa bat eta dantza emanaldi bat ere eskaniko dira. Ikus egitaraua.

Gogoratu saio guztiak Binkeren webgunearen hasiera-orritik jarraitu daitezkeela streaming bidez.