Sormene
BINKE / 2020ko abendua

Abesti bat 27 minututan sortzen irakatsi du Imanol Epeldek gaur Sormenen

TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
BIDEOA: Binke

Atzo abiatu zen euskal kulturaren eta sorkuntzen plaza berria Galdakaon, Sormene. Irrimarrako Karmele Gorroñok ekin zion lehendabizi, Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek lekukoa hartuta. Gaur goizeko tailer biak berriz Imanol Epelde irakasle eta sortzaileak eskaini ditu, 27 minututan abesti bat nola sortu ikasleei azaltzeko.

Gaur, asteartea, Imanol Epelde zarauztarra izan da Sormenen. Euskarako irakaslea bera, musikaren, literaturaren eta teknologia berrien arteko oreka bat aurkitu eta hau eskaini die bertaratu diren ikasleei, abesti bat denbora gutxian nola sortu daitekeen azalduz. Badok.eus euskal musikaren atari digital nagusienetakoa erakutsi ondoren, egungo teknologia berriek eskaintzen dituzten baliabideak erabiliz musika sortzea eta egitea erraza dela nabarmendu du Epeldek —musikaren inguruko ezagutzarik izan barik ere—. Baina gainera, Euskal Herrian kalitate handiko sorkuntzak egon badaudela azpimarratu du sortzaileak.

Kantu bat egiteko bi bide daudela behin azalduta, euskarri desberdinei heldu eta oinarri eta musika estilo desberdinetako soinuak erabiliz Imanol kantari historikoaren «Mendian gora haritza» abestiaren bertsioa egin du hainbat adibide desberdin erabiliz. Trapa, regetoia, edota estilo desberdinekin jokatu, eta horren ezaguna den kanta honi beste forma bat ematea lortu du, ikasleen ezusterako eta haien arreta bereganatuz.

Aldiz, kanta bat hutsetik sortu nahi izatekotan, hasteko gaia aukeratu, ondoren bururatzen zaizkion ideia guztiak ordenatu, eta ondoren baliabide desberdinak erabilita —errimak, lokuzioak, edota esaera zaharrak, adibidez— kantari forma ematea lortzen duela azaldu die zarauztar irakasleak gazteei.

Ikasleak musika taldeak sortzera ere animatu ditu, hau baita, bere ustez, «euskal kulturgintzak etorkizunean behar duena». Argi du egun teknologia berriek eskaintzen dituzten euskarriek berebiziko garrantzia dutela, hala hasi baitzen hein batean bera ere, aditz trinkoei zein literatura testu desberdinei ikasleentzako erakargarriak izan daitezkeen doinu desberdinak jarriz. Bukatzeko, ikasleek egin dizkien galderak erantzun ditu, eta bide honetan etorkizuneko «Berri Txarrak edota idazleak sortuko direla gogorarazi die».

Sormenerekin jarraitzeko, Lizar Begoña, Leire Bilbao eta Miren Agur Meabe izango dira gaur arratsaldeko saioan, eta literatura errezitaldia eskainiko dute Arkaitz Miner musikariarekin batera. Doako sarrera da eta gonbidapenak saioaren aurretik eskuratu ahal izango dira Torrezabaleko lehiatilan bertan. Bertaratu ezin duenak, Binkeren webgunearen hasiera-orritik ere jarraitu ahal izango du zuzenekoa streaming bidez.