Sormene
BINKE / 2020ko abendua

Miren Agur Meabek, Leire Bilbaok eta Lizar Begoñak errezitaldi musikatua eskaini dute Sormenen

TESTUA: Iñigo Larrea Labarrieta
BIDEOA: Binke

Sorkuntzen plazak amaiera eman dio bere bigarren egunari Lizar Begoñak, Leire Bilbaok eta Miren Agur Meabek elkarrekin eskaini duten errezitaldiarekin. Ez dira bakarrik egon, poema horietarako beren-beregi Arkaitz Miner musikariak sortutako zuzeneko doinuek lagundu baitituzte.

Gaurko egunean literatura gailendu da Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean. Sormenek goizeko 10:15ean egunari hasiera eman dio Imanol Epelderen literatur tailerrarekin, eta 19:00etako errezitaldiarekin agurtu du eguna. Ez da edozein errezitaldi izan, ordea.

Errezitaldian literaturaren munduan ibilbide emankorra izan duten hainbat idazle ibili dira solasean euren azken liburuak aurkeztuz. Horietako bat literatura-sorkuntzan, idazkuntzan eta itzulpengintzan lanean aritutako Miren Agur Meabe izan da. Gaur, bere azken obra aurkeztera etorri da Galdakora, «Nola gorde errautsa kolkoan». Ezin ahaztu abenduaren 19an ere Meabek liburu horren aurkezpena Sormenen egingo duela, baina horretan, solasaldi formatuan oinarrituko du aurkezpena.

Miren Agurrekin batera Lizar Begoña egon da, «Aro beilegia» liburua aurkezten. Begoñak literaturaren munduan ezagutzera eman zuen bere burua Donostia Kultura III. Poesia Lehiaketa aurkeztu berri duen liburuarekin irabazi zuenean.

Torrezabalen solasean ibili den hirugarren idazlea Leire Bilbao izan da. Txikitatik hasi zen Bilbao literaturaren munduan, eta geroztik, ekarpen oparoa egin dio euskal literaturari. Gaur, bere azken obra aurkeztu du: «Etxeko urak».

Oholtzan egon den azken artista Arkaitz Miner izan da. Minerrek euskal musikagintzan oinarritu du bere ibilbidea, eta gaurkoan biolina, gitarra eta mandolinarekin sortu dituen soinu efektuekin musikatu ditu idazleen hitzak.

Askotarikoak izan dira ere solasaldian aurkeztu diren gaiak: amatasuna, poesia, ardura sozialak… eta horretarako, idazle bakoitzak beren liburuak egoki girotzen dituzten pasarteak azaleratu dituzte; Meabek eta Bilbaok bosna pasarte, eta Begoñak sei. Idazleek pasarteak irakurri bitartean oholtza gainean Miner egon da, irakurritakoa musikatzen. Musikariak, pasarteek iradoki diotenarekin doinuak jarri dizkie idazleen hitzei, eta idazleen pasarteak modu nabarmenean indartu ditu horrek.

Bihar, asteartea, egun osoan zehar antzerkia uztartuko da Amancay Gaztañagaren antzerki tailerraren eta Tripak Kolektiboaren «Urruna» emanaldiaren bitartez. Goizeko tailerra Galdakaoko ikastetxeei eskainia izango da, baina arratsaldeko saioa, aldiz, publiko ororentzat. Sarrera edota gonbidapenak saioaren aurretik eskuratu ahal izango dira Torrezabaleko leihatilan bertan, eta bertaratu ezin duenak, Binkeren webgunearen hasiera-orritik ere jarraitu ahal izango du zuzenekoa streaming bidez.