
«Galdakaoko ondare historiko-artistikoa II», Estibaliz Apellaniz
Lurretik
Estibaliz Apellaniz Ingunza
BINKE / 2025eko apirila
Galdakoztarrok zorionaren txapeleko txori ginela esan nuen aurreko batean, herrian daukagun ondare aberatsa dela eta. Tokirik irtenenean eta jagienean Elexaldeko Andra Mari eliza jarri nuen. Izan ere, eliza hau Galdakaoko eraikin erlijiosorik itzalgarriena da. Elexalde auzoan jaso zen Gangurengo Santa Marina eliza zaharra ordezkatuz.
Egikera erromanikoa erakusten du. Orain arte XIII. mendekotzat hartu izan da, baina agiri zahar batzuetan esaten denez, badirudi XII. mendeko bigarren erdialdean hor zegoela jada, Gaztelaren handi-nahiko zapalketa arriskuari eusteko gertu, Nafarroako mugarriak zaindu guran. Handik gerora, handitu eta eraberritu egin zen XVI. mendean. Elizpe ederreko sarreran, ikustekoa da ataurre zoragarria. Eta behin barruan, erretaula errenazentista daukagu begien betegarri eder; bertan, Ama Birginaren XIII. mendeko irudi bikaina daukagula.
Elizari buruz bada han-hor-hemen jakingarririk asko, baina gure herriko ondarea aztertzen Xabier Orue-Etxebarria izan dugu bidegile nagusi, eta beste hiru laguntzaileren ekinez, orain arte ezagutzen ez ziren ikusalde ezberdinak eta garrantzitsuak aurkitu, argitaratu ditugu Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Buletinean.
Artikuluaren izena ondoko hau da: ‘Andra Mari de Galdácano, una iglesia fortificada navarra del siglo XII en territorio vizcaíno, cerca de una ruta del Camino de Santiago. Evolución del templo compuesto por tres partes de diferentes épocas’.
Artikulua irakurri daiteke esteka honetan.