
Ira Bengoetxeak Sumin Trans kolektiboa sortu du, Gurutzetako ospitalean pairatutako bortizkeria salatzeko
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Aritz Loiola/Foku
Gurutzetako ospitaleko genero identitatearen unitatean trans pertsonek pairatzen duten bortizkeria salatzeko kolektibo bat osatu dute lau lagunek, Sumin Trans izenpean. Sortzaileetako bat Ira Bengoetxea galdakoztarra da.
Sumin Trans kolektiboa sortu berri dute lau lagunek, «Gurutzetako ospitaleko genero identitatearen unitatean transek pairatzen duten bortizkeria salatzeko» helburuz. Bryn Hounsell Rio, Jare Prieto, Nils Irigoien eta Ira Bengoetxea galdakoztarra —eskuinetik hasita bigarrena— dira kolektiboaren sortzaileak.
Galdakoztarrak Berria hedabideari eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, «ez du pertsona bakar bat ere ezagutzen zerbitzu horretan bortizkeriarik jasan ez duena»: «Ez dira kasu puntualak izan: elkarrekin hitz egiten hasi garenean konturatu gara esperientziak antzekoak direla, eta bakoitzak, modu batera edo bestera, indarkeria jasan duela; kasu oso bortitzak daude».
Horregatik, kolektiboa sortu eta horrelako egoerak jasan dituztenei deia egin diete sortzaileek «Gurutzetako Genero Identitatearen Unitateko edozein profesionalengandik diskriminaziorik edo indarkeriarik jaso baduzu eta gure salaketa sozial kolektiboarekin bat egin nahi baduzu, idatz iezaguzu mezu bat sumin.trans.eh@gmail.com helbidera», adierazi dute sare sozialetatik.
«Garrantzitsua: adieraz iezaguzu zure testigantza publiko egitea gustatuko litzaizukeen ala ez, eta baiezkoa bada, anonimoa izatea nahiago ote duzun. Egin dezagun gure trans amorrua borroka kolektiboa! Gora trans borroka!», nabarmendu du kolektiboak.