
Zabalik dago Gabonetako kirol udalekuetan izena emateko epea
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Andy Gin
Izena eman daiteke honezkero aurtengo Gabonetako kirol udalekuetan. 5 eta 12 urte arteko umeei zuzenduta egongo dira, eta Urretako eta Unkinako kiroldegietan egingo dira bi txanda ezberdinetan.
Zabalik dago honezkero Gabonetako kirol udalekuetan izena emateko epea. Hauek 5 eta 12 urte bitarteko ume eta gazteei bideratuta daude eta bi txandatan gauzatuko dira: abenduaren 23tik 27ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 3ra —abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean ez da saiorik egongo—.
Izena Urretako zein Unkinako kiroldegietan eman daiteke, eta baita online abenduaren 20ra arte. Galdakaoko Udalak jakinarazi duenez, honako hauek dira txanden prezioak: abonatuentzat 56 euro eta gainontzekoentzat 67,2 euro.
Jarduerak Unkinako eta Urretako kiroldegietan izango dira, 09:00etatik 14:00etara eta kirol eta joko ugari egingo dira, besteak beste, padela, eskalada, igeriketa, futbola, saskibaloia, bolei, zelai-errea eta sokatira. Haurtzandegi zerbitzua ere egongo da erabilgarri 08:30etik 09:00etara eta 14:00etatik 14:30era.
Informazio gehiago ezagutu daiteke kiroldegietako harrera kontroletan galdetuz.