Izaskun Rekalde: «Euskararen normalizaziorako, politikoek erabaki ausartak hartu behar dituzte»
Izaskun Rekalde, Pantailak Euskaraz
BINKE / 2023ko otsaila
«Euskararen biziberritze prozesuan ezinbesteko oinarria da Binke gure herrietan»
- Izaskun Rekalde Abasolo
1977, Usansolo
Ekonomia eta Enpresa Zientzietan Doktorea, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan Lizentziatua, Doktorego Sari Berezia 2019an, ICF Coach Exekutiboa eta gaur egun Lanbide Heziketan eta EHUn irakasle dabil Izaskun Rekalde. Hiru seme-alabaren ama da eta Pantailak Euskaraz zein Binke proiektuetako sortzaileetariko bat. Binkeko batzordekide ere izan da hedabide honen lehenengo sei urteetan.
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Jabi Rojo / Binke / CC-BY-SA
Binkeren sortzaileetariko bat, EHUko irakaslea, banketxe handi bateko Giza Baliabideetako arduradun ohia, ‘coaching’ munduan aritua eta hiru seme-alabaren ama. Baina hori gutxi ez, eta euskaltzale porrokatua ere bada Izaskun Rekalde usansolotarra, azken boladan Pantailak Euskaraz plataforman buru-belarri dabilena, euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko borrokan lanean.
Pantailak Euskaraz ekimeneko bozeramaile izateagatik ezagutu zaitu askok. Baina ba al du Izaskun Rekaldek pantailei begira egoteko astirik? Berez Alex Aginagalde dugu Pantailak Euskaraz ekimeneko bozeramailea, baina momentu konkretu batzutan erantzukizun horrek suposatzen duen lan karga orekatu asmoz mugimenduko beste kideok ere betebehar horretan laguntzen dugu. Eta ez, aitortu beharra daukat ez daukadala pantailei begira egoteko asti handirik, hamaika saltsetan aritzearen ondorioak! (barreka)
Zergatik sortu zenuten ekimena? Azken urteotan ikus-entzunezko produktuak kontsumitzeko ohiturak asko aldatu dira. Amazon, Netflix etab. bezalako eragile globalen agerpenak streaming plataformen aldeko kontsumo joera nagusitu du, izan ere gurango ikusleria gero eta gutxiago gaude operadore tradizionalek ezarritako eskaintzaren mende egoteko prest. Merkatua irensten dabiltzan plataforma digital horietan euskarak duen presentzia, euskarazko audio eta azpidatziak kontutan hartuta, oso eskasa da, %0,45koa alegia. Egoera larri hau gutxi balitz, ETB1etik, 1983 eta 1989 bitartean, ikus-entzunezkoak euskarara bikoiztera —soilik ETB1erako— 1.800 bat ordu bideratzen ziren bitarten, 2018tik 2021era 200 orduren bueltan ibili da bikoiztutako ordu kopurua, gaztelania barne. Zein da euskarazko eskaintza urri honen ondorioa?
Hori zuk erantzun dezakezu, akaso. Bada, ikusleek, eta hoien artean ume, nerabe eta gazteek, ikus-entzunekoak gaztelaniaz —eta maila txikiago batean ingelesez— kontsumitzen dituztela, eta beraz, pantailetako erreferente guztiak erdaldunak dituztela, gure hizkuntzaren erabileran eraginez. Gainerako telebista kate, zinema, YouTubeko kanal eta abarretan ikus-entzunezko produktuen eskaintzan euskarak duen presentzia ere oso eskasa da, hizkuntza hegemonikoen eskaintza aldiz, erabat bermaturik dago.
Nortzuk zaudete ekimenaren atzean? Egoera kritiko honen aurrean, Pantailak Euskaraz (PE) ikus-entzunezkoen munduan euskarak duen presentzia eskasarekin arduraturik gauden hainbat herri ekimen eta eragilek sortu dugun mugimendua da. 2021eko ekainean, PE osatzen dugun herri ekimen eta elkarteek indarrak batu genituen euskarazko ikus-entzunezkoek eta ikus-entzunezkoetan euskarak duen egoera larria iraultzeko xedearekin batetik eta euskarazko etorkizun baten alde gure ekarpena egiteko bestetik.
Eta ibilbide laburrean sariren bat edo beste ere jaso duzue… Bai hala da, gure ibilbide labrurrean indarberritu eta lanerako gogoz bete gaituzten hainbat errekonozimendu jaso ditugu: Rikardo Arregi Komunikazio Sarian finalistak izatearena, Kanpaina Onenaren Argia Saria, eta Hau Pittu Hau konpartsaren eskutik Euskara Saria —azken honen saria, argazkiko makila—. Sari hauek gure mugimenduko kezka gizarteratzea lortu dela erakusten digute.
Streaming plataformetan jarri izan duzue arreta. Zergatik? 2021eko abenduaren 4an, Durangon, Euskal Herri osoko 37 eragileren babesarekin aurkezturiko Euskarazko Ikus-entzunezkoen Aldeko Manifestuak ikus-entzunezkoetan eta euskal gizartean, euskararen etorkizuna ziurtatzeko estrategikoak diren neurriak eta eskaerak bildu zituen. Streaming plataformei dagokion neurria horietako bat baino ez da. Euskaldunok ez dugu merkatu segmentu bera osatzen, ikus-entzunezkoak kontsumitzeko orduan oso interes ezberdinak dauzkagu, eta gainera, argi izan behar dugu plataforma erraldoi horiek ez dituztela euskaldunon beharrizan guztiak asetzen: ez daukate gure nortasunera, lekukotasunera eta hizkuntzarekin lotutako gaietara heltzeko gaitasunik, eta ez da gainera beraien estrategia-enfokea. Azken hau bertoko ekoizleek baino ezin dute egin. Baina horretarako erregulazio aldaketa bat beharrezkoa da, politikak aldatu behar dira, finantzazio eta diru iturri berriak sustatu behar dira. Azken finean, gure hizkuntzaren normalizazio prozesuan aurrera egiteko arduradun politikoek erabaki politiko ausartak eta sendoak hartu behar dituzte, eta horretarako euskara erdigunean jarriko duen estrategia plan koherente eta integral bat garatu behar dute.
Netflix eta Amazon, esaterako, hasi dira edukiak euskaratzen. Zuen presioak badu horretan zerikusirik? Egia da OTT plataforma erraldoiek hainbat film bikoiztu dituztela haien hautu propioz, eta uste dugu merkatu ikuspegia kontuan hartu dutela, hau da, Pantailak Euskaraz gisako herri egitasmoei esker jakinarazi diegula zeintzuk diren gure beharrizanak eta zer den nahi duguna. Kontua da guk arrisku bat ikusten dugula hor: merkatuan nagusi diren Netflix, Prime Video, HBO Max eta Disney Plus plataformak ez daude legez euskarazko edukiak eskaintzera derrigortuta. Orain horren aldeko apustua egin dute, baina erabaki dezakete datorren urtean ez egitea. Edo denboraldi hau euskaraz ateratzea, baina hurrengoak ez. Horregatik uste dugu legez bermatu behar dela gure hizkuntza eskubidea, euskal ikus-entzunezkoen eta euskal zinemaren lege propioak behar ditugu.
Hala ere, zertarako balio du erakunde publiko zein plataforma pribatuek diru kopuru handiak inbertitzea euskarazko ekoizpenak sortzen, gero herritarrek ez badituzte kontsumitzen? Kontsumo ohituretan eta audientzietan eragiteko euskarazko eskaintzak oparoa, zabala eta kalitatezkoa izan behar du. Badakigu ez gaudela herri gisa norabide guztietara jotzeko posizioan, paretoren analogia oinarritzat harturik, ikusleengan, adin tarte guztiengan, euskarazko eskaintzarekiko konexioa eta asetasun maila handiena sortarazteko gaitasuna duen %20ko eskaintza horretara bideratu behar dira inbertsio eta esfortzuak. Herri txikia gara; ikus-entzuzkoen sektore txikia dugu, baina talentu handia dago. Etengabe ateratzen ari dira argitara hori berresten duten ekoizpenak, Goazenek eta Irabazi Artek umeengan duten eragina ikustea baino ez dago. Estreinatu berri den Irati ere izango da horren adibide. Euskaldunak gara, euskaraz kontsumitu nahi dugu, baina ez gara leloak, guk ere asetzen gaituzten kalitatezko ikus-entzunezkoak kontsumitu nahi ditugu euskaraz.
ETBk ez zaitu arduratzen? Ez nau arduratuko ba! Gure etxean telebista pizten denean, gure seme-alabek badakite lehenik eta behin ETB3 edo ETB1 piztu behar dutela, hortik abiatuta eskaintzak ez badu beraien beharrizana asetzen, orduan katez aldatzen dute. Eta hor ikaragarrizko aldea ikusten dut seme-alaben adin tarte ezberdinek eskaintzarekiko duten asetasun mailan. ETBko lehen urteak oso emankorrak arlo guztietatik, baina azkeneko hamarkadetan ETB1en bikoiztutako ikus-entzunezkoen generoa marrazki bizidunetara eta dokumentaletara mugatu da. Helduentzako fikzioak, bertan ekoitzitakoak zein atzerrikoak, bere espazioa guztiz galdu du gure euskarazko pantailetan, eta, ondorioz, gazte zein helduok ETB1enganako lotura galdu dugu era natural batean.
Euskarak ez zaitu pantailetan bakarrik arduratzen, eskola eremuan ere asko sufritu baituzu guraso bezala. Zergatik? Sufrimendua asetu gabeko espektatiba baten ondorio izan da. Norbere bizipenek, ikastolako estatutuetan jasotako xedeak eta marketin ikuspuntu batetik saldutako proiektu ereduak elikatutako espektatiben aurrean jasotako zaplaztekoa ikaragarria izan da. Aitortu beharreko damu bat daukat: nik 2009ko Ibilaldiaren alde eta nire bikoteak, sarri hiru seme-alabak airean utzita, asteburu zein aste barruan, euskararen aldeko usteko proiektu baten alde alferrik egindako auzolanari eskainitako gure denbora.
‘Hizkuntza-asiloa’ edo ‘asilo linguistikoa’ eskatu zenuten zuen seme-alabentzat, zer esan gura du horrek? Gure egonezina kuadrilako bati helarazi ostean berari bururatutako kontzeptua da «asilo linguistikoa». Kraiger ikerlariaren arabera, behagarriak diren portaeretan aldaketa bat eragiteko edo portaera konkretu bati eusteko beharrezkoak dira norbanakoengan aldez aurretik hurrengo lau dimentsioak lantzea: malguntasuna, auto-eraginkortasuna, auto-kontzientzia eta ingurukoen baldintzarik gabeko babesa. 12 urtez gure seme-alabak euskararen erabilpenarekiko ahalduntze-ekinean ibili ondoren, arestian aipatutako lau dimentsioak kolokan jartzen hasi ziren, eta gure seme-alabetatik bik euskararen erabileraren gaineko uste etsigarriak garatu zituzten, gaztelania ez erabiltzeak ekar ziezazkiekeen integrazio arazoen beldurrarekin lotutakoak. Ikastolan gure egonezina jakinarazi eta gero jasotako erantzunak —argi gelditu dadila konkretuki gure seme-alaben irakasleen aldetik jasotako erantzuna ezin hobea izan zela—, euskaldun familietako haurrekin eta soziolinguistikoki zein jaiotzez oso jatorri desberdinekoekin euskaraz bizi ahal izateko babeslekua bilatzea erabaki genuen.
Eta orain, Galdakaotik kanpo ikasten, zelan dabiltza? Oso oso pozik. Izaera ere aldatu zaie, ahaldunduta ikusten ditut. Ez dira arrotzak, talde anitzean bat gehiago dira.
‘Arnas dezagun’ ekimenaren parte ere izan zara, ikusten duzu ekimenak nahi beste indar duenik? Ikaragarri markatu nau ekimen honek, baita bertako parte diren kideegandik jasotako babesak ere. Egonezin bera duten beste Euskal Herriko gurasoekin bat egiteko aukera eman dit. Ekimenaren helburua gure seme-alaben bitartez gure hizkuntza transmititzea da, antena eta motore efektuari esker. Baina irizpide pedagogikoen, aniztasunaren eta inklusibitatearen izenean ukatu izan dute batzuk ekimenaren proposamena. Aniztasuna eta inklusibitatea gaztelaniaz baino ezin ei da bermatu, haur euskal hiztunak sistematikoki sakabanatuz, eta ondorioz, gure seme-alabak erdaldunduz, dela estrategia okerrari jarraitzen zaiolako edo, okerrago dena, estrategiarik ez dagoelako. Nola liteke euskara indartzeko arnasgunea izan beharko litzatekeen lekua erdalduntze gune bilakatzea? Arnas Dezagun ekimenak indar handiz eragin du eta aurrerantzean ere eragingo du.
Askok esango dute, akaso, ‘hizkuntzaren taliban’ bat zarela. Hizkuntzaren taliban etiketa paradigma oso erredukzionista batetik abiatutako etiketa da, eta oso erosoa aldi berean, aurrez-aurre taliban bat izanda norbera biktima rolean lasaitasunez kokatzen gaituen horietakoa. Eskolak espainolez ematea dagokit EHUko laugarren mailako ikasleei, Doktoretza tesiko defentsa euskaraz eta frantsesez egin nuen, eta BBVA Burtsan nengoenean nire ingeles kaxkarrean hitz egin behar izaten nuen nazioarteko brokerrekin. Hizkuntzak ikasi eta berenganatzeari ez diot inongo erreparurik jartzen. Baina nire herria Euskal Herria da, eta nire hizkuntza euskara.
‘Elemakarra’ izateko jendeak nahi beste gogo eta indarrik duela uste duzu? Ezin diot galdera honi erantzunik eman, ez daukat besteen kontzientzietan dauden pentsamendu mugakorrak identifikatzeko gaitasunik. Egiten dugunak egiten gaitu.
Binkeren sortzaileetako bat ere bazara, zein balorazio egiten duzu hedabide honen ibilbide laburretik? Usansoloko eta Galdakaoko euskararen biziberritze prozesuan ezinbesteko oinarri bat da Binke. Lekukotasunetik eta hurbiltasunetik bi herriak euskaratik eta euskaraz irakurtzeko aukera eskaintzen digun ikarakarrizko balio erantsia duen altxorra da gure Binke. Harro sentiarazten nau! •