June Oleaga: «Normaltasunera bueltan Euskaraldian parte hartzeko dei zabala egingo dogu»
June Oleaga Ereño, Euskaraldiako koordinatzailea
BINKE / 2020ko maiatza
«Normaltasunera bueltan Euskaraldian parte hartzeko dei zabala egingo dogu»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Jabi Rojo
Bueltan da Euskaraldia, eta aurten luzeagoa, hedatuagoa eta indartsuagoa izango da. Luzeagoa, 15 egunekoa izango delako —azaroaren 20tik abenduaren 4ra—; hedatuagoa, taldeka ere antolatuko delako; eta indartsuagoa, koordinatzaile propioa izango duelako Galdakaoko Euskaraldiak. Euskara «gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan» aldarrikatzen duen ekimenaz hitz egin dugu June Oleagarekin.
Arraroa egin zaizu kamera eta grabagailuaren aurrean jarri behar izatea. Bai! (irribarretsu) Beti herrigintzan baina fokoaren atzean ibilitakoa nazelako. Gurasoek txikitatik herriko alkarte ezberdinetan eta kulturgintzan parte hartzen erakutsi eustien. Ganguren Mendi Taldean, Andra Mari Dantza Taldean, Musika Eskolan, Galdakao Saskibaloi Taldean, eta abar. Gerora, euskal kulturaren interesa nire bizitzako oinarri bihurtu izan dot, arlo sozial eta kultural desberdinetan parte hartu dodala. Holan edo halan beti egon naz herrigintzan lan egiten, Patakon kultur alkartean be, adibidez.
Eta orain Euskaraldiko koordinatzaile. Zelan hartu zenuen deia? Eskaladan, gazte bati segurua jartzen nengoala Euskaltzaleen Topagunetik deia jaso neban, ezin erantzun. Gaztea noz bajatuko zan zain nengoan, urduri… Behin lurrean egoala, hurrungo gazteari komunera atoan joan behar nebala esan neutson eta holantxe bueltatu neban deia, pozarren baiezkoa emon ahal izateko!
Zure herrian berriz bueltan, beraz. Bai, azken urteetan egia da herritik apur bat aldenduta egon nazala, Galdakaoko kulturgintzari jagokonez, nire egunerokotasuna herritik kanpo egiten nebalako. Baina lan-deialdia ikusi nebanean aukera ederra iruditu jatan herrigintzan bete-betean ostabere murgiltzeko. Eta hementxe nago!
Horrek eraman zintuen ardura hartzera? Gabezi bat nabaritzen neban nire egunerokotasunean, herrian oraindino nire txokoa topatzen ez nebala igartzen nebalako arlo sozialean, eta Euskaraldiaren proiektua oso polita dala iruditu jatan herrigintzatik eta euskaratik barriro ekiteko.
Datorrenaz berba egin baino lehen, egin dezagun berba aurreko Euskaraldiaz. Zelan bizi izan zenuen? Aurreko Euskaraldiak Bilbon harrapatu ninduan. Bertan bizi izan neban egitasmoa. Hamaika egunetan kontzientzia hartu eta ehuneko ehunean bizitzen saiatu nintzan. Halanda be, normalean nire lehenengo berba beti euskaraz da, horregatik ni egunero Euskaraldian bizitzen saiatzen naz!
Aurreko edizioan, Galdakaoko batzorderako ez zen koordinatzailerik kontratatu, eta horrek bereak ekarri zituen lan dinamikan. Horri buelta emateko edizioa da aurtengo Euskaraldia? Baietz espero! (barreka) Eta horretarako oso garrantzitsua iruditzen jat koordinazio egokia egotea, herrikideen artean giro polita sortu eta alkarregaz eraginkortasunez lan egin ahal izateko..
Zelan antolatu duzue aurtengo batzordea? Batzordea Galdakaoko alkarte desberdinetako pertsonek, Udalak eta aurreko egitasmoko kideek osatzen dogu. Halanda be, etxealdiak batzordea osatzeko prozesuan harrapatu gintuan. Normaltasunera bueltan dei zabal bat egin gura dogu!
Konfinamendu zorrotzenean hasi ginen Euskaraldiaren berri ostera izaten. Zer egin duzue? «Etxealditik Euskaraldira» dinamika abian jarri dogu, «hizkuntza-ohitura aldaketak etxetik hasten diralako» lemapean. Hainbat ariketa sortu izan doguz eta norberak bere erritmoan bete izan dauz.
Zelan joan da jarduna? Erantzun polita jaso dogu. Baldintza honeetan be kontzientziazio altua igarri dogu, jendea gogotsu egon da eta espero dogu aurrerantzean be holan izatea!
Koloretako puntutxo asko ikusten dira leihoetan. Polita da etxe askotan euskaltzaleak daudela ikustea! Baina zale bakarrik izatearekin ez dugu askorik lortzen, ezta? Herrian igartzen da «euskalakari» asko dagoala, baina askotan ez dakigu daukagun altxor hau errealitatera eroaten. Barne hausnarketa bat egin behar dogu danok, euskarak gure herrian benetako presentzia izan dagian.
Orokorrean, zeintzuk dituzu aurtengo ediziorako helburuak? Aurreko edizioan hizkuntza-ohiturak aldatzeko herritarrek modu kolektiboan zabaldu eben bideari jarraipena eta bultzada emon gura deutsat, baina baita mota guztietako entitateek euskaraz aritzea ahalbideratu eta babesteko erabaki barriak hartu. Gainera, Euskaraldiko herri batzordeak indartzea gurako neuke, eta Ahobizi zein Belarriprest praktikak errotu eta euskarari buruzko arau sozial barriak gizarteratzen txertatzen jarraitu gurako neuke.
Horretarako jende asko inplikatu beharko da, ezta? Bai, oso garrantzitsua da jendearen atxikimendua, gero eta herritar gehiago egon batzordeetan edo oinarri sozialean, orduan eta herritar gehiagorengana helduko gara.
Galdakaon 2020ko Euskaraldiaren aurkezpena egin zenean, aurreko edizioan Belarripresten garrantzia nahi beste aldarrikatu ez zela ondorioztatu zuten. Zergatik da Belarripresten papera ere garrantzitsua? Batean zein bestean izan, hizkuntza batek entzuleak behar dauz, bestela ez dago komunikaziorik, ez dago hartu-emonik. Horregatik, euskaraz entzuteko prest dagozan belarri asko behar doguz, euskaraz berba egiteko maila batekoa zein bestekoa izan. Belarri barik, ahotik irteten danak ez dauka zentsurik.
Aurten, Ahobizi eta Belarriprestekin batera izango al dugu kontzeptu berririk? Bai, lehenengo edizioa konpromiso pertsonaletan oinarritu zan, baina aurten talde zein erakundeek be parte hartu ahalko dabe eta horreekaz sortuko dira Ariguneak. Euskaraz lasai aritzeko guneak izango dira, bertako kide guztiek euskara ulertu eta danek edo gehien-gehienek ariketa taldean egitea erabakiko dabenak. Arigune horrek kanpokoak zein barnekoak izango dira.
Zein da kanpoko eta barneko Ariguneen arteko diferentzia? Barne-ariguneak ohiko funtzionamendurako taldeak izango dira —sailak, zerbitzuak, kirol-taldeak, lan-taldeak, asanbladak…— eta bertako kide guztiek euskara ulertzeaz gain, kideen %80 gutxienez Ahobizi edo Belarriprest modura ariketan parte hartzeko prest egon beharko da. Kanpo-ariguneak ordea, entitate batean herritarrekiko harreman espazioetan dagozan herritarrekin osatutakoa izango da —harreran, telefonoaren beste aldean, kutxetan, taberna bateko barran…—.
Eta zer egin behar da Arigune bezala antolatzeko? Euskaraldian parte hartu gura daben entitateek proposamena taldean aztertu eta parte-hartzeko erabakia hartu beharko dabe. Entitateak —taldeak— ekimenaren barri izango dau hainbat bidetik —bisitak, aurkezpenak, komunikabideak, gonbidapenak…— eta taldean hizkuntza praktika barriak finkatu gura badauz, Euskaraldian parte hartu ahalko dau.
Arigune izan daitezkeen taldeak identifikatu egin beharko ditu bakoitzak bere inguruan, beraz. Euskaraldian izena emoteko, entitate barruko arigune izango diranak identifikatu beharko dira lehenengo, noski. Horretarako, entitatearen egituran dauden funtzionamendurako taldeak zeintzuk izango diran zehaztu eta horien euskararen ezagutza argitu beharko da. Barne funtzionamenduko arigunea osatu ahal izateko, taldeko guztiek gutxienez euskaraz ulertu beharko dabe. Kanpo-arigunea izendatzeko, barriz, uneoro gutxienez euskara ulertzeko pertsona bat egotea bermatu beharko da, supermerkatuko kutxazainetan, banketxeko edo edozein lantokiko lehiatilan… Barne-arigune horretako kideen artean adostu beharko da hori.
Eta ariguneetan ez dauden herritarrek, zer? Aurreko edizioan egin zan moduan hartuko dabe parte ariketan 15 egunez, Belarriprest edo Ahobizi moduan, euren egunerokoan. Bere balorazio propioa egin eta neurriak egonkortu beharko dauz bakotxak. Behin ariketa bukatuta, bai norbanakoek zein taldeek Euskaraldian zehar hartutako zein neurri edo ohitura barri mantendu ahal izango dabezan erabaki beharko dabe, ohitura eta neurri on horreekaz jarraitu ahal izateko.
Aniztasuna izan da beti Euskaraldiaren ezaugarrietako bat. Zelan bermatu hori? Esparru, adin, pentsaera eta genero guztietako herrikideen parte hartzeagaz bakarrik lortuko dogu aurtengo Euskaraldia be anitza izatea. Hizkuntza batek ez dau ideologietan sinisten. Hizkuntza bat ez da inorena, baina aldi berean danona da eta horregatik, gure arteko desberdintasunak alde batera utzita, garrantzitsua da euskararen eta Euskaraldiaren alde alkarregaz lan egitea.
Zergatik egin behar dugu Euskaraldiarekin bat? Inoiz egin dan ariketa sozio-linguistikorik handienean parte hartzeaz gain, gure barneko bazterrak modu positiboan astintzeko, hausnartzeko eta, zergatik ez, hizkuntzaren armairutik behingoz irteteko aukera polita izan ahal dalako. Indibidualki zein taldean hartutako konpromezuei esker lortuko dugu gure herria euskalduntzea.
Non aurkituko zaitugu hemendik aurrera? Euskaraldiaren edozein sare sozialetan —Facebook, Twitter eta Instagramen— edo galdakao@euskaraldia.eus helbidean.