Gorosibaiko hondakinen planta berria
BINKE / 2021eko apirila

Kezka eragin duen eraikina sortu gura dute

TESTUA: Iñigo Larrea Labarrieta
ARGAZKIAK: Binke

Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen instalazio berria eraiki gura dute Usansoloko Gorosibai auzoan eta horrek kezka eta ardura sortu du herritarren artean. Pasa den apirilaren 10ean auto-karabana antolatu zuten eta sinadura bilketa ere abian jarri dute.

Usansoloko Gorosibai auzoak eraikuntza eta eraispen hondakinak ikertzeko eta eraldatzeko instalazioa hartuko du laster, hala onartuta dagoen proiektuaren arabera.  Eraikina Usansolo eta Bedia artean dagoen 93.000 metro karratuko lursail batean kokatuko da, Gorosaibai auzoan. Herritarrak, hainbat arrazoi tarteko, erabaki horren kontra agertu dira. Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen —EEH edo gaztelaniako RCD hizkiekin laburtuta ezaguna— eraikina indusketa lur, eraikuntza, eraberritze, konponketa eta abarrek  sortutako hondakinen kudeaketa eta balorazioari eskainitako instalazioa da. Horrela izanik, leku zehatzetan sortzen diren hondakin mugatuak lantzen dira bertan; hau da, errepide, indusketa, eraikuntza edota erauzteko industrietan sortzen diren hondakinak lantzen dira. 

Hori guztia kontuan hartuta eta material arriskutsu batzuk kenduta, EEH eraikinen bitartez birzikla daitezkeen hondakinak ugariak dira. Ezin ahaztu askotan zabor obren artean material arriskutsuak agertzen direla: amiantoa, esprai boteak… baina horiek prestakuntza berezia jaso duten langileek soilik tratatzen dituzte. Bestalde, material hori tratatzeko langileek berez baimena duten beste planta batzuetara eraman behar dituzte hondakinak.

Proiektua martxan. Moyua eraikuntza taldea izango da hondakinak ikertzeko eta eraldatzeko planta sortzearen arduraduna. Taldeak komunikabideei helarazi dienez, RCD eraikina ingurumenean integratutako eta inpaktu txikiko proiektua izango da. Produkzioak biltegian bertan garatuko dira, maila tekniko eta ingurumenekoak eskatzen dituzten betebeharrei erantzunez, eta proiektua garatzeko 15 milioi euroko inbertsioa egingo da. Aurreikusi denez, urte amaierarako amaituta egon daiteke, eta Moyua taldeak aldarrikatu duenez, zuzeneko eta baita zeharkako enplegua bultzatzeko bitartekari eraginkorra izango da, etorkizunean eraikuntzan erabiltzeko materialak berreskuratu eta eraldatuko baitira.

Oraindik administrazio prozedura desberdinak eta lizentziak lortu behar badituzte ere, momentuz martxan jarraitzen du proiektuak. Horren aurrean eta Galdakaoko Udalak komunikabideei ziurtatu dienez, Udalak aurreproiektua baztertu du, baina kontuan hartzekoa da erabakia ez dagoela erakunde honen esku soilik.

Autonomia erkidegoak eta tokiko entitateak dira eraikuntza eta eraispen hondakinen kudeaketari dagokionez legedia betearazteaz arduratzen direnak. Horrekin, lantegia kontrolatzeaz, ikuskatzeaz eta baimentzeaz arduratzen dira. Horiekin batera, administrazio publikoak eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak birziklatzetik sortutako materialen erabilera egokiaz arduratzen da eta baita  lan publikoetan baliabide naturalen aurrezpena sustatzeaz ere.

Auzokideak kexu. Gorosibaiko auzokideen arteko lehen bilera etxe ondoan emango zen eta ezagutzen ez zuten industria jarduera baten berri izan zutenean gertatu zen. Geroztik, bizilagunak antolatu eta Gorosibaiko Auzo Elkartea sortu zuten. Horrekin batera, «RCD hemen ez!» plataforma herritarra ere sortu da. Honen bitartez, EEH eraikinaren kontrako sinadurak biltzen dabiltza eta momentura arte 1.605 pertsonek eta 28 elkartek hartu dute parte. Bestalde, plataformaren bitartez ere Usansolon, Galdakaon eta inguruko herrietan ere ikusi den auto-karabana antolatu zen apirilaren 10ean, eraikinaren kontrako jarrera erakusteko. «Manifestazio mugikor» honetan 200 ibilgailu inguru batu ziren.

Auzokideen kexak gehienbat instalazioak sortu dezakeen hautsa, ingurumen arazoa, kamioien joan-etorrien zarata eta kokapen hurbilean oinarritzen dira. Izan ere, 2021eko urtarrilaren 22an, Udalak Gorosibaiko herritarrei jakinarazi zien eraikuntza eta eraispen hondakinak tratatzeko lantegia eraikitzeko aurreproiektua aurkeztu zela. Hori ikusita, lantegi mota hauek instalatuta dauden herrietako elkarte eta bizilagunekin harremanetan jarri, eta horiek gehiegizko trafiko, zarata eta hautsaren berri jaso zuten Gorosibaikoek.

Auzoko bizilagunek Moyua enpresa eraikitzailearekin bilera bat ere izan zuten. Bertan, hauentzat adierazgarriak ziren hainbat datu bildu zituzten: lantegiak 250.000 tona hondakin kudeatzeko gaitasuna izango luke. Kalkulua egin ostean, Gorosibai erdian kokatuta dagoen Maria Nieves Gallastegi kaletik kamioi bat 10-15 minuturik behin lanegunetan igaro beharko litzateke arratsaldeko 19:00 arte.

Etxebizitzetatik hurbilegi.
Egoera berri honen aurrean, Gorosibaiko Auzo Elkarteak txosten tekniko bat aurkeztu zuen proiektu honen bideragarritasunaren aurkako sei alderdi zehazten. Hasteko, auzoan kokatuta dauden etxebizitzak «RCD eraikina baino lehenago sortu zirenez, etxebizitzek lehentasuna dutela» aldarrikatzen dute. Bigarrenik, enpresak aurkeztutako proiektuan «plantak ekar ditzakeen arriskuei ez zaie behar bezala heltzen eta horregatik ingurumeneko arriskurik ez dagoela bermatzeko argudioen gabezia» adierazten dute.

Hirugarrenik, EEH plantaren isurketetan oinarrituz, «horren jarduera legez osasungaitz, gogaikarri eta kaltegarri» gisa ulertzen dute auzokideek. Laugarrenik, jarduera zein den kontuan hartuta, «planta hirigunetik gutxienez 1.000 eta 2.000 metrora egon beharko litzateke kokatuta, eta ez 350 edota 152 metrora», orain aurreikusita dagoen bezala. Bosgarrenik, «Udalak lantegiaren kokapenari uko egin beharko lioke, berez legeak zehazten dituen neurriak ez direlako errespetatzen». Eta azkenik, «herritarren bizi kalitatea, interesak, inbertitutako baliabideak eta baita gizartearen ongizatea larriki kaltetuta geratuko direla» aldarrikatzen dute Gorosibaiko auzokideek.

Galdakaoko Udala, bere aldetik, «proiektua juridikoki aztertzen» ari dela azaldu dio Binkeri, instalazio honek baldintza guztiak behar bezala betetzen dituen edo ez jakiteko eta «noski, inguruari eta herritarrei kalterik egiten ez diela bermatzeko».