
Santakurtzetako pregoilari izateko zortzi hautagaiak aurkeztu dituzte
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Ander Elordui
Aurten ere herritarrek aukeratuko dute Santakurtzetako pregoilaria eta hau hautatzeko epea zabalik dago honezkero. Hemen batu dugu hautagaien zerrenda osoa.
Aurtengo Santakurtzak irailaren 12tik 21era ospatuko dira, Jai Batzordeak eta Galdakaoko Udalak jakinarazi zutenez. Ohikoa denez, pregoilariak paper berezia izango du Galdakaoko jaietan eta aurten ere herritarrek aukeratuko dute.
Herritarrek proposamenak egin ostean, uztailaren 6ra arte dute bozkatzeko epea. Guztira zortzi hautagaien artean aukeratuko dute Galdakaon erroldatuta dauden eta 16 urtetik gora dituzten auzokideek.
Hauek dira aukeratu daitezkeen hautagaiak:
- Ibon Lopez de Letona, Surne Bilbao Basketeko entrenatzaile laguntzailea eta FIBA Europa Kopako irabazlea
- Maria Casillas Chueca, Espainiako eta Europako hainbat errekor hautsi dituen igerilaria
- Galdakao Txirrindulari Elkartearen Gela
- Guzur Aretxa
- Andra Mari Eusko Dantzari Taldea
- Adiskide Pilota Elkartea
- Torrezabaleko liburuzainak
- El Chico Diva, drag queen ikuskizunak eskaintzen dituen artista
Hautaketan ohiko partaidetza plataformaren bidez parte hartu ahal izango da eta pertsona bakoitzeko boto bat onartuko da. Plataforma digitalaz gain, hurrengo tokietan ere eman daiteke botoa, horretarako jarri diren orriak kutxatiletan sartuz:
- Torrezabal Kultur Etxea
- Udaletxea
- Aperribaiko liburutegia
- Urreta kiroldegia (uztailaren 1era arte)