Rapa, doinu berrien xerkan
Rapero galdakoztarrak
BINKE / 2020ko azaroa
Rapa, doinu berrien xerkan
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Azken urte hauetan indarra hartu duen musika generoa da rapa. Datu bat ematearren: dozena bat dira dagoeneko Galdakaon musika mota honen baitan dabiltzan gazteak. Hau gertutik jasotzeko, rapean diharduten lau galdakoztarrekin batu, genero honen ezaugarriak ezagutu eta rapak ondotik dakartzan hainbat gai ekarri dira lerroarte honetara.
Musikarekin lotura estua duen herria da Galdakao. Denboraren makina hartu eta atzera eginez gero, hor dugu Maximo Moreno. Bera izan zen askoren ustez gure herriko musikagintzaren aitzindari, gazte zela Zaletasuna koroa sortzearekin batera, Dinamitaren bandako oboe jolea zen, adibidez. Beranduago albokarien alardea antolatu eta parrokiako organo jotzaile izendatu zuten eta, 1940az geroztik, musikaren irakaskuntzara bideratu zuen bere bidea musikari galdakoztarrak.
Badira 40 urte Maximo Moreno zendu zela. Urte hauetan guztietan hainbat izan dira sortu diren taldeak, estilo desberdinetakoak gainera. Baina, beste guztien gainetik, batez ere azken urte hauetan rapa izan da gainontzeko generoekin alderatuz pisurik handiena hartu duena. Zer esango luke ba, Maximo Morenok, une batez jaiki eta Galdakaon dozena bat rapero daudela ohartzean?
Zaharrenetik gazteenera, Mikel Sanchez —M.Sanchez—, Peru Del Hoyo —Raperu—, Adrian Da Silva —ADR—, eta Garikoitz Robles —MiniRobles— dira hurrengo lerroi ahotsa emango dieten galdakoztar raperoak.
Zergatik hasi rapeatzen. «Ez da ba erraza azaltzen zaletasun honen jatorria» izan da erreportaje honen protagonisten ahotatik besteak beste gehien errepikatu den esaldia. Hauetako gehienen aburuz, jatorri ludikoa du normalean rapeatzearen lehen pausuak egitearen arrazoiak. Batez ere Galdakaon duela sei urte hasi eta egun oraindik ospatzen diren «freestyle» txapelketak izan ziren hauetako biren mugarri, ondo pasatzea xede zuen denbora pasa honek denboraren poderioz bai Adrianen eta bai Garikoitzen bizitzetan pisua hartu eta gehiago sakontzea erabaki zuten arte.
Mikelek aldiz bere inguruak raparekiko zuen lotura falta uste du izan zela musika genero honen munduan horren berandu hastearen arrazoietako bat. Txikitatik raparen zale amorratua izan arren, aurretik aipatutako arrazoi horrekin batera lotsarengatik ez zen duela bost urtera arte ausartu. Rap kontzertu batetik etxera itzuli eta antzeko zerbait egiteko ahalmena zuela ohartu ostean erabaki zuen lehen aldiz rapeatzea.
Rapak badu ere Euskal Herrian horren erroturik dugun bertsolaritzatik asko. Peruk horretan ziharduen txikia zela, baina ez zen arrazoi honegatik rapeatzen hasi. Nerabezaroan rocka edo punka bezalako generoak entzun arren, lagun batek rapeatzera animatu eta ordutik aurrera aise murgildu zen.
Zeri idatzi? Batik bat «Sentimenduak kanporatzeko tresna gisa» erabiltzen dutela diote lau protagonistek. Eguneroko baten gisara ulertu eta egunean zehar bizi dituzten pasarteak, sentitzen dituzten egonezinak, maitasun kontuekin dituzten gora-beherak edota epe labur zein luzera izan ditzaketen ametsak azaleratzeko erraminta bezala ulertzen dute musika estilo hau, «sentitzen duten hori, inguratzen dieten haiei adieraztea ezinezkoa dena azaleratzeko lanabesa da rapa».
Kontuak kontu, norberaren sentimenduetatik harago eta raparen historiari gainbegiratu bat emanez, gizarteko sektore eta arraza desberdinek pairatu izan dituzten bidegabekeriak salatzeko zutarria izan da azken hamarkadetan rapa. Gai honi helduz, askotarikoak izan dira lau hauen ahotatik jasotako erantzunak. Batzuen ustez, genero honek izan dezakeen aniztasunak aberasten du rapa, hots, «genero honen funtsa ez da zerbait salatzera mugatzen». Hau da hain zuzen Mikelek, Peruk edota Garikoitzek ezeren gainetik defendatzen dutena.
Hiru hauen aburuz, «garrantzia bera dute atzetik mezu politikoa duten edo ez duten rapek, mezuak hor dirauen heinean». Egia da, atzeko lerroetan aipatutakoa esanda ere, gai zehatz batzuen inguruan aritzen diren kantak eta hauen letrak gaitzetsi egiten dituztela. Aurretik izendatutako horien adibide dira haien ustez drogen apologia egiten duten, edota letra matxistak zein arrazistak dituzten kantak, beste biek Mikelekin bat egin eta «kultura honek bere orubeetan dituen balio historikoak errespetatzea ezinbestekoa dela» gehituz. Hau dena esanda ere, ez dute baztertzen rapa aisialdirako ez denik, kanta baten letra mespretxatu arren sortzailearen rapa egiteko modua, «flowa», gustatu ezin zaienik ezta.
Aldiz, Adrianen ustez oso bestelakoa da genero honekiko izan behar den jarrera. Berak esandakoaren arabera, gainontzeko musika generoekin alderatuz gero, «errebindikazio-generora» mugatzen du rapa, «bide honetatik jarraitu ez, eta koherentea ez izatekotan, neurri batean rapa izateari uzten diola» gaineratuz. Aurretik esandakoari heldu eta horrekin batera «beste gai batzuei buruz hitz egiten duten musika-genero ugari daudela» eta «genero honek atzetik mezu politiko bat izatea ukaezina dela» eransten du galdakoztar gazteak.
Rapa, moda bat? Izan edo ez, datuak hor daude. Hamabi dira dagoeneko musika genero honen baitan murgildurik dauden gazteak Galdakaon, hamabi. Datu honi heldu eta honekin batera zera galdetu dio Binkek laukoteari: ez duzue uste rapa —eta honen adaxketatik sortutako trapa— moda bat denik? Oso bestelakoak diren erantzunak jaso dira euren ahoetatik.
«Moda bat den arren, bere sorreratik gaur arte egiteari utzi ez dela» dio Mikelek. 24 urteko galdakoztarrak dionez «hedabideak dira azken urte hauetan rapak halako pisua hartzearen arrazoi nagusia, orain arte itzalean zegoen generoa argitara eraman eta gazteek hau kontsumitzera ekin dioten arte». Mikelek ere badio: «Azken urteetan rapak izan duen bilakaera, eta hein batean honen aldaera batzuek hartu duten «mainstream» kutsua direla medio, bere entzuleen kopuruak itzelezko gorakada izan du».
Hala ere, Adrianek ez du Mikelekin bat egiten. Honen iritziz, gaurko gazteek musika honekin identifikatzeko duten erraztasunak lagundu du genero hau modakoa bihurtzen, baina zerbait «likidoa» dela uste du, «gutxi izango baitira olatu hau pasata rapa entzuten eta sortzen jarraituko dutenak».
Peruk, berriz, hizkuntzaren sokatik tira egin eta «gazte erdaldunen artean modan dagoela uste du, ez aldiz gazte euskaldunen artean». Bere hitzei heldu eta gazte erdaldunen artean egun asko entzuten den genero bat dela uste duen arren, adin guztiei gainbegiratu bat emanez gero ez du uste hein batean modan dagoenik, hau da, bere ustez, «egun rapa entzuten duen horrek hemendik eta urte askotara rapa entzuten jarraituko du». Azken horrekin egiten du bat Garikoitzek, lauetatik gazteenak: «Ez du inolaz ere uste moda bat denik, gogokoa duzun zerbait dela baizik».
Generoen arteko arrakala. Binkek ez ditu ba apropos aukeratu erreportaje honetako lau kideak gizonezkoak izatea. Aurretik aipatutako dozena rapero horien artean ez dago emakumezko aurpegirik, eta hau zer esan handiko gaia dirudienez, erantzunen xerka ibili da haiekin.
Peruk esandakoaren arabera, «rapa ez kontsumitzearen kalte ordaina da honen entzuleen gehiengoa gizonezkoak izatea». Bere ustez, zeharo «maskulinizatuta» dagoen generoa da rapa, eta «komertzialak ez diren kontzertuetara joanez gero bertaratutakoen hiru laurdenak gizonezkoak izatea oso ohikoa da», nabarmentzen du, «askotan kantek izan ditzaketen letrek emakumeak zapaldu ditzaketela» gaineratuz. Hala ere, denbora kontua dela, eta urte gutxiren bueltan emakumezkoen aurpegiak rap eszenan ikustea ohikoa bihurtuko dela azpimarratzen du Peruk. Ziztada edo La Basu Euskal Herrian, edota Sara Socas espainiar estatuan adibide jartzen baditu ere, emakumezkoei dagokienez rap eszenan erreferente falta nabarmena dagoela uste du.
Denbora kontua, hori da gainontzeko hirurek uste dutena. Garikoitzek Binkeri helarazi dionez, baditu emakumeak diren eta rapean diharduten pare bat lagun: «Baina hauek ez dira sortzen duten hori argitara eramatera ausartzen, lotsarengatik askaso». Hala ere, errealitate hau hemendik eta bi urtera aldatuko denaren esperantza du. Berdin Adrianek, Euskal Herrian gertatzen ari den loraldia Galdakaon ere gertatuko dela uste du, baina ezinbestekoa deritzo hau gerta dadin baten batek lehen pausua ematea: «Behin lehen harria jarri eta gero ondotik etorriko baitira beste asko gure herrian».
Bi mundu desberdin. Hip hop mugimendutik sortu ez arren, termino honek bere baitan biltzen dituen lau zutabe garrantzitsuenetako bat da rapa. Hala ere, azken hamarkadetan genero honek izan duen bilakaera medio, ezbaian egon den gaia izan da hau: rapak hip hopari estuki loturik jarraitzen duen edota eszena propioa duen dilema, alegia.
Garikoitz eta Adrian bat datoz gai honen inguruan iritzia ematerako orduan, hain ustez, «rapak ez du hip hopetik ihes egin, hor dihardu egun, tinko». Bi hauen esanetan, «egia da ezin dela egun genero hau aspaldikoaren parean jarri, batez ere azken urteetan aldaketa ugari izan dituelako, baina hau hala izanda ere hip hoparen barnean kokatzen dugu rapa».
Peruk eta Mikelek berriz ez dute aurreko biekin bat egiten. Lehenengoaren ustez, «gutxi gorabehera 30 urtetik gorako haiek lotuko dute musika genero hau hip hop kulturarekin, ez ordea adin horretatik beherakoek, egun rapean zein trapean aritzen diren gazteen gehiengoak ez baitu kultura horren berri». Aldiz, Mikelek aurretik aipatutako hiru iritzien beste irakurketa bat egiten du. Hip hoparekin lotura izan arren, rapak azken urteetan sortu dituen errama berriengatik egungo musikan pop abestietan aurkitu daitekela ere badio, eta ez du uste kasu hau hip hoparen parte denik.
Hizkuntzaren hautua. Euskaraz aritu gara solasean, euskaraz egin dizkiegu galderak, eta modu berean jaso ditugu erantzunak. Baina, lau hauetatik bakarra da bere kantak euskaraz egiten dituena, are gehiago, Galdakaokoak diren eta rapean aritzen diren hauetatik guztietatik soilik Peruk erabiltzen du hizkuntza hau kantak egiterako orduan.
Gainontzekoei dagokienez, haien egunerokotasunean erabiltzen duten hizkuntza gaztelera den arrazoi soilarengatik eta honi esker duten hiztegiaren aberastasunarengatik egiten dituzte kantak gazteleraz. Hala eta guztiz ere, ez dute euskararen aurkako jarrerarik. Are gehiago, hauetako bik ez dute etorkizun batean haien kantak euskaraz egitea baztertzen.
Euskaraz ala ez, etorkizun oparoa du rapak aurretik Galdakaon. Urte askotarako!