Andra Mari Dantza Taldeak ‘Momotxorroak’ dokumentala aurkeztuko du Durangoko Azokan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Durangoko Azoka
Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi galdakoztarrek ‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala aurkeztuko dute bihar, abenduak 5, Durangoko Azokan. Andra Mari Dantza Taldeak sortutako dokumentalak Altsasuko inauteriak berreskuratzeko eta biziberritzeko prozesua jasotzen du.
Andra Mari Dantza Talde galdakoztarrak ‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala sortu du, Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi taldekideen zuzendaritzapean. Lanaren helburua nagusia Andra Mariren lana eta tokiko komunitateak ospakizun hori berpizteko hartu zuen konpromisoa erakustea da, XX. mende hasieran azken aldiz antzeztu zenetik, 70eko hamarkadan berpiztu zen arte.
Dokumentala bihar, abenduak 5, aurkeztuko dute Durangoko Azokan. Irudienean, Durangoko Zugaza zineman kokatuta, izango da saioa 17:30ean eta proiekzioaren ondoren solasaldia egingo dute.
Andra Mari Dantza Taldeak Altsasuko inauteriei buruzko ikerketa eta berreskuratze lanari ekin zion Juan Antonio Urbeltz folkloristak bultzatuta, azken horrek Jose Maria Satrustegiren ‘Neguko solstizioa’ lanean oinarrituta.
Urteetan ikertu ondoren, 1978an Andra Marik lehen aldiz plazaratu zuen inauteria Altsasun, «interes handia piztuz eta Altsasuko komunitatea mugiaraziz, bereziki belaunaldi berriak, non, jai hau biziberritzeko erronka hartu baitzuten». 1982an, inauteriak ospatu ziren berriro Altsasun, eta, ordutik, tradizio horri eutsi dio urtez urte, 2012an Nafarroako Gobernuaren interes turistikoko festa gisa aitortuta.