«Josafaten landa», Manu Etxebarria
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2024ko azaroa
Gure kalendarioan, zemendi edo azaroaren 1a Domu Santu dogu eta 2a Arimen Eguna. Arimak dirala-eta, errespeto handiko siniskera handia egon da gure eleiztarren artean eta batean bestean hainbat mito eta esaunda be sortu dira euren gauetako agerpenak bitarteko. Gauetako noraezeko arimak laguntza eske ibiltzen ei ziran euren munduko hutsegiteak bete arte Purgatoriotik zerura joateko. Gure aurrekoen artean beste siniskera berezi bat be egon da eta Biblian dauka bere jatorria. Leku hori Josafaten Landa da. Joel profetak aipatzen dau azken judizioko haran hau. Baina, gure herritarrei era honetara deukotset entzunda: antza danez Josafaten Landa, mundua eta zeruaren artean dagoan leku bat ei da. Landa honetan munduko bizitzan egin diran hutsegite guztiak agertzen dira eta euren zigorrak sufritu behar, beste mundura garbi joateko. Herrian esaera bat be sortu da eta aholku moduan erabili: «Josafaten Landan gaiztoa triste, zintzoa alai». Errealitatera bagoaz, Josafaten Landa, Israelgo Cedron haranean, Jerusalem eta Monte de los Olivosen artean dagoan hilerria da, baina urteen porasuz mitifikatu egin da. Sinistu zein ez, zintzoa izatea hobe!