Eduren pasarte historikoak
BINKE / 2020ko urria

Herri-lurrak, herriaren sostengu

TESTUA: Edu Madina Etxebarria
ARGAZKIA: Edu Madinaren artxiboa

Erdi Arotik, Galdakao sortzearekin batera, gure ekonomia eta beharrizanen sostengu nagusiak gure mendi komunalak zein baso zuhaiztiak izan dira. Eta horretan, herri-lurrek—«exidoek»— eta egurbideek garrantzia handia izan dute —Legazpiko haranean «Goiburu» izenez ezaguna—. Lehengoak herriaren gastuei aurre egin ahal izateko eta bigarrenak auzokideen etxeen beharrizainei aurre egiteko. Gaur ordea, lehenengoaz berba egingo dizuet, herri-lurrez, eta bestea bertan idatziko dudan hurrengo aldirako.

Herri-lurrak —hau da, herriaren lursail komunalak— normalean haritzez beteta egoten ziren, eta hauen adarrak ikatza egiteko saltzen ziren. Bertatik jasotako etekinak herriak zituen eguneroko gastuak ordaintzeko erabiltzen ziren: errepide, galtzada, zubi, iturri, ermita eta abarren konpontze-lanetarako edota gerrara, suteak itzaltzera zein uholdeen ondorioak konpontzera etortzen ziren soldaduei ordaintzeko, adibidez.

Ikatza egiteko aipatutako adarren erosle nagusienak herriko burdinolak izaten ziren, eta Bizkaiko Foru Zaharrek horren aipamena egiten zuten dagoeneko, burdinolek baitzuten mendi hauek ustiatzeko lehentasuna. Baina herriko auzokideek ere izaten zuten beraien etxearen alboetan zuhaitzak landatu eta hauek ematen zutenaz probezteko aukera.

Dena den, izan utzikeriagatik edo ardura faltagatik, mendi hauen zuhaiztiak erdira murriztu zen. Herriaren arazo ere bilakatu zen, eta halaxe batu zion 1607ko abenduaren 30ean Elexaldeko Andra Mari elizaren atarian zegoen eskribauak Abendañoko Santiago abadeari, literalki gaztelaniaz jasota: «Santiago de Abendaño, cura y beneficiado de esta anteiglesia de Galdakao, comunico a los vecinos del pueblo, que como ellos bien sabían y pretender ignorancia no podían, él como tal cura de esta iglesia y uno de los vecinos de esta dicha anteiglesia, había tratado pleito ante el señor corregidor de Vizcaya contra los fieles y vecinos de esta dicha anteiglesia sobre y en razón de que se reparase la perdida y daño que se había seguido a esta republica de Galdacano, por haberse perdido, descepado y destruido más de la mitad de los montes concejiles que este pueblo tenía en sus ejidos y egurbides, por el gran descuido y negligencia y por el mal gobierno que los fieles que han sido de esta dicha anteiglesia de treinta años a esta parte».

Horrela ba, kontuan hartuta adarren moztea hamar urterik behin egin behar zena, hamar herri-lurretan banatu zituzten lursail horiek. Urte bakoitzean herri-lur bat ustiatuko zuten, eta modu honetan, lursail hori berriz ustiatzera zioazenerako pasatuko ziren hamar urte eta mozteko moduan izango ziren.

Hauek izan ziren bateratu eta taldekatu zituzten herri-lurrak 1607. urtean, garai hartan idatzita bezala, eta ordena honetan ustiatzeko: «Urrestiguren eta Ossagaray» —bi bateratuta Lekubason—, «Baraino arte» —Gumuzion—, «Elorregui, Exiduac eta Erroy aspe» —hiru bateratuta Lekubason—, «Riartadua» —Lekubason—, «Asisin, Guirlanda acha, Cimelduy eta Uberoaga» —lau bateratuta Lekubason—, «Aunsesieta, Isusquiza acha, Abaroegui eta Huesea» —lau bateratuta Lekubason—, «Bideastibidieta eta Asconar suloeta» —lehenari bigarrena gehitu zitzaion Gumuzion—, «Jaurola» —Artolan—, «Ujausiaga» —San Bernabe ermitaren azpian zegoena eta «Celay lusea» gehitu zitzaizkion, Gumuzion— eta «Gortachiburu eta Jauscune» —bi bateratuta Lekubason—.

Horietaz gain «Zaucusa» ere izan zuen Galdakaok, Ereñoko —gaurko Bedia— eta Igorreko «Yurrebaso» auzoen ondoan, baina urrun zegoelakoan ez zuten aurreko ordenean sartu.