
Errautsen azpiko kolorea berreskuratzen
La Palmako boluntarioak
BINKE / 2022ko urtarrila
Errautsen azpiko kolorea berreskuratzen
TESTUA: Xabi Ealo Díaz
ARGAZKIAK: Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartea
Hiru hilabete inguru beteko dira boluntario batzuk La Palma uhartera heldu zirela, ia 150 euskaldun, eta guztiak GBGE elkarteak koordinatuta. Sumendiak kaltetutako pertsonei laguntza ematen ari dira orduz geroztik, eta bai hango herritar zein hemengo bolondres batzuekin hitz egin du Binkek.
Irailak hemeretzi zituenenean, arratsaldeko hirurak pasatxo zirenean ohetik altxatu zen natura La Palma uhartean (Kanariak). Bazeramatzan egun batzuk esna, baina egun horretan Cumbre Viejako sumendiak leher egin eta hondamendia eta drama hasi ziren.
Laurogeita bost egunez, naturak indar erakustaldia egin du bertan eta ia hiru hilabetez, La Palmako gauak infernua zirudien, gorria zerion lurrari. Duela hilabete eskas, baina, lokartutzat ema zuten sumendia.
Egoera horren lekuko izan da Jonay Perez Gonzalez, El Pasoko (La Palma, Kanariak) bizilagun kaltetua eta bertako segurtasun zinegotzia. Berak dioenez, «oso zaila da deskribatzea» bizitakoa, baina horrela kontatu du oraindik asimilatzen ari diren egoera: «Benetako hondamendia izan da, familia askok dena galdu du, gauza asko lortu ahal izateko bizi osoko lana sumendiak aurretik eraman du».
Bien bitartean, laba-ibaiek ia hamar egun eman zituzten itsasorako bidea topatzen; batzuetan azkarrago, besteetan motelago, euren kasa egin zuten bidea, berebiziko indarra erakutsiz eta bidean harrapatzen zuten guztia suntsitzen. Orotara, 1.219 hektarea eta ia hiru mila eraikin txikitu dira. Labak bakarrik ez, sumendiak jaurtitutako hautsak eta errautsak ere enbarazu hainbat eragin dute.
Edozein ezbeharretan moduan, La Palman ezinbestekoa izan da larrialdi zerbitzuen eta boluntarioen lana, azken horiena gehienbat. Beste modu batean esanda, auzolana izan da beharrezkoa. Eta hain zuzen ere, Jonay eta El Pasoko eta inguruetako beste hainbat bizilagun laguntzen dihardute oraindik Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteko (GBGE) kide batzuek.

Elur beltza.Oso denbora motzean, La Palma uharteko zati handi bat belztu egin zen, egunak joan egunak etorri, are belztuago. Sumendiaren erupzioa hasi eta hilabete eskasera, urriaren 29an, heldu zen GBGEko lehenengo bolondres taldea La Palmako El Paso herrira. Guztira sei kide. Aldez aurretik, euren laguntza eskaini zieten bertako agintariei, tartean Jonay Perezi. Kike Garcia Lalaguna boluntario horietako bat da eta «sentimenduen nahasketa» izan zuen lekura iristerakoan: «Sumendia handik metro batzutara ikusten zen, eta naturaren ikuskizun ederra zirudien. Baina, beste aldera begiratu eta atsekabea eta hondamena ikusten ziren». Alvaro Saiz Ruiz ere bolondres joan da eta berak esan duenez, «dena errautsez ezkutatuta zegoen, modu perfektu batean estalita, elurra egin izan balu bezala, elur beltza».
Errautsa eta sumendiaren burrunbak gutxi ez eta lurrak etengabe egiten zuen dardar. «Denak dardar egiten zuen», dio Saizek; baina hori ez zen aitzakia izan lanean ez jarraitzeko, «egora oso zaila» zen arren, Kike Garciak deskribatzen duen moduan. Izan ere, lehenenengo egunean zortzi ordu egon ziren zero gunean, «errauts eta piroklasto-euripean». «Nahiko itogarria eta neketsua izan zen, ordu asko izan zirelako palarekin teilatuetatik gora eta behera betaurrekoak, eskularruak, maskarak… jantzita», aitortu dio Kikek Binkeri.
Hori izan zen bolondresek lehen hamar egunetan egin zuten lana: zero gunera El Pasoko segurtasun-konboiarekin sartu, eta teilatuetako errautsak kendu etxeetako estrukturek zutik iraun zezaten eta bizilagunei euren etxeetako sarbideak garbitzen lagundu, etxetresna elektrikoak eta altzariak jaso ditzaten.
Animalien artean, ere bai. Teilatuetako errautsa kentzeaz gain, agintzen zizkietan bestelako lanak ere egiten dituzte boluntarioek, tartean, «obretako hesiekin eta toldo batzuekin inpobisatutako zoologikoa» zaindu. Alvaro Saizek hedabide honi azaldu dio 800 abere-buru inguru egon direla pilatuta bertan: «Ardiak, astoak, ahuntzak, oiloak, txitak, untxiak… denak pilatuta, hesiez bananduta». Alvarok dioenez, «animalia horietako asko norenak diren ez dakite, jabeek hiltzat eman dituztelako, edo korrika atera eta galduta aurkitu dituztelako». Orduan, baserritar batek egingo lukeen moduan, bolondres taldea «animaliak elikatzeaz, lastoa garbitzeaz, gorotzak batzeaz… azken finean, maitasuna emateaz» arduratu da.
Hortaz, bolondres talde batek teilatuak garbitzen dituen bitartean, beste batek animaliez arduratzen da, eta neguarekin batera herrigunea garbitzen hasi dira, orotara 150 bat bolondres aritu dira eta aritzen dira bertan laguntzen.
Gaur egun ere aritzen dira, izan ere, sumendiak behin lo hartuta, «lanik gogorrena geratzen da», GBGEko bi kideek diotenez: «Teilatuetako errautsa lorategietara bota zen, baina lorategietatik kalera atera behar da eta bertatik zabortegira». Beste modu batean esanda, «labak eta errautsak estalitako guztia garbitzea» geratzen da bertan. Horretarako makineria astuna behar da, eta «orduan lana %100 eraginkorra izango da, dagoeneko ez delako errautsik eta bestelakorik erortzen».
«Euskaldunen koadrila». Ia 150 euskaldun La Palmako El Paso herrian, guztiak Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak banatutako arropa soinean dutela. Gehienak kamiseta zuria daramate jantzita, errautsaren kolore beltzarekin kontrastea egiten, izar distiratsuak gau beltzean izango balira moduan.
Horiek guztiak, alegia, bolondres guztiak, GBGEk bideratu ditu. «Ez da egon Gobernuz Kanpoko Erakunderik bolondresen kontua bideratzeko», dio Saizek: «Militarrak daude, bertako suhiltzaileak ere bai, Guadia Zibilak eta Poliziak euren lana egiten ari dira eta Gurutze Gorria karpa baten azpian dago». Larrialdietarako Unitate Militarra, UME delakoa, inguruetan dabilela, baina Alvarok salatzen duenez, «ez du askorik egiten, beharbada jabego pribatuetan eskurik ez sartzeko agindua edukiko dute».
Laguntza horren ezean, auzolana ezinbesteko bihurtzen da horrelako hondamendietan eta horregatik, hainbat lekutako jendea apuntatu da Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartearen egitasmora eta elkartea izan da lan-tresnak, ostatua eta abarrak eskaintzen.
La Palmako bizilagunek, El Pasokoek gehienbat, «euskaldunen koadrila» moduan ezagutzen dituzte bolondresak. «Bermeoko, Bilboko, Gasteizko, Donostiako… leku guztietako jendea dago, gehienak euskaldunak», azaldu du Saizek Binkerekin izandako solasaldian.

Arrastoa lagako duen esperientzia. Argi dago sumendiaren erupzioaren kaltetutakoek ez dutela ahazteko bizitakoa. Eta seguru aski, laguntzera joan direnek ere ez dute erraz ahantziko La Palmako bizipena. Kike Garciak, esaterako, dio berarengan «mugarria izan den esperientzia» izan dela. Gaineratzen du «naturaren indarraren aurrean zein txikiak» diren pertsonak, baina txikitasun horretan, «pertsonak zein handiak» izan daitezkeen ere konturatu dela.
Izan ere, harremana eratu dute bolondresek eta kaltetuek. Jonay Perezek, El Pasoko zinegotziak, adierazi duenez, «harremana oso ona da eta hala izaten jarraituko du». Eta hain zuzen ere, Jonay eta Kike sarri askotan egon ziren batera errautsa garbitzen: «Jonayk kontatu zidan bere etxea labaren azpian zegoela, eta baita bere gurasoena eta izeko-osabena ere, baina auzokideak laguntzen ari zen». Azken horrek «pentsarazten du munduan bihotz handiko jendea» dagoela, dio Kike Garciak eta «palmatarrak hori erakutsi dute: jende atsegina, xumea eta esker onekoa».
Harremanak harremana, Kike eta Alvaro bat datoz: naturaren erakustaldia sekula bizitako esperientziarik harrigarriena izan dela, baina horrek eragindako hondamendia eta drama ez dutela ahazteko: «Naturaren ikuskizun moduan ikarragarria den drama da, baina azpian dagoena eta inoiz baino hobeto esanda, sekulakoa da».

Palmatarrak, eskertuta. Euskal Herritik joandakoei «harrera ikusgarria» egin zieten, Kike Garciak dioenez: «Jendea txundituta zegoen pertsona talde bat hain urrutitik modu altruistan joan zelako laguntzera». Gainera, bolondres galdakoztarrak dio «eztarrian eta bihotzean korapiloa» egiten zitzaiela bertako bizilagunek euren etxeetarako sarbideak eta teilatuak garbitzen laguntzeagatik eskerrak ematen zizkietenean.
Izan ere, palmatarrek «benetako poza» sentitu zuten euskaldunak bertan ikustean: «Hain urrutitik datozen pertsonez inguratuta egotea, edozein zereginetan laguntzeko, trukean ezer espero gabe, mirestekoa da», esan dio telefonoz Jonay Perezek hedabide honi.
Eta horregatik, La Palmako eta bereziki El Paso udalerriko bizilagunak eta udaletxea ere bai, erabat eskertuta agertu dira. Euren izenean, Perezek hauxe esan nahi die laguntzen egon diren bolondresei: «Eskerrik asko guztioi guregatik egindako guztiagatik! Gurekin batera egoteko eta laguntzeko, dena atzean uzteko gai izan diren pertsonak dira. Horregatik, egoera honetatik irteten laguntzeagatik, merezi dute gure esker ona». Gaineratzen du El Pasoko herriak ez dituela «sekula ahaztuko Galdakaoko euskaldunak».
Bada, hein handi batean «Galdakaoko euskaldunek» egindako auzolanari esker, El Paso eta La Palma badoaz pixkanaka-pixkanaka belztura hori atzean uzten eta lehen zeukaten kolorea berreskuratzen, baina oraindik ere lan eskerga dago egiteke inguru horietan. Seguru aski hilabeteak eta urteak luze joango dira normaltasuna guztiz bueltatzeko; eta denbora guzti horretan palmatarrek ezinbestekoa izango dute orotariko laguntza eta elkar-zaintza naturaren indarrak utzitako lorratzari aurre egiteko. •
