Asun Matilla, goian bego
BINKE / 2020ko urria

Beste euskaltzale amorratu bat hartuko du gure zeruak

TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: lagunek utzitakoa

Salamankan jaio zen 1961ean Asun Matilla, eta bere familiako baten hileta bat zela medio etorri zen lehen aldiz Bizkaira, oraindik txikia zela. Jatorrizko herrira itzuli bezain laster erabaki zuen familiak hemen aurkitu zutela haien lekua, eta hortik gutxira sorterria utzi eta Basaurin bizitzea erabaki zuten. Galdakaora bizitzera 18 urte zituela etorri zen, ezkondu eta berehala. Bi seme ere izan zituen.

Itsasoaren maitalea zen Asun, eta maiz joan ohi zen Algortako portura kosta eta honen kresala gertu sentitzera. Nabarmentzekoa da ere bai, «kinka larrian diruz justu ibili ohi bazen ere, beti zegoela gainontzekoak laguntzeko prest, irrifarrarekin soinean», hala akordatzen da bere ahizpa Vicen berataz. 

AEK-ko kideekin ere batu zen Binke Asunen inguruan hitz egiteko. «Euskararen bueltako giroan mugitu ohi zen beti», esanez gogoratu zuten lehenik. Talde honetako kideen oroimenaren arabera, maiztasun handiz parte hartzen zuen Asunek euskararekin zer ikusia zuen edozein ekintzetan, «eta euskal dantzen zein kanten maitale sutsua zen; are gehiago, bera izan zen Galdakao Kantari taldea proposatzen lehena». AEK-k koordinatzen duen Berbalagun ekimeneko talde baten lehen gidaritza izan zuen berak, eta «euskaraz mintzatzen traketsa bazen ere, hau beti defendatu eta erabili zezakeen aldiro zen euskaraz mintzo», diote bere kide ohiek. Galdakaoko AEK euskaltegiak gidatzen duen bertso-eskolan ere hartu zuen parte, bera izan zen lehen kidea eta ikaslea sortu berria zen eskolan. Talde honetako kide diren askok osatzen zuten Erduzieko partaidea ere izan zen.

Elkarlaguntza Sarearen esanetan, garrantzia handiko kidea izan zen Asun haien artean. Taldearen sorreran eta lehen ekimenetan parte hartu ez bazuen ere, duela bi urte bertako partaide egin zen, eta hala kontatzen dute sare horretako kideek: «Hasiera batean asanbladetan parte hartzera eta erosketen arlora mugatzen zen bere jarduna, baina denborak aurrera egin ahala ekoizpenaren lantaldean sartu eta ordutik auzolanetara hurbildu ohi zen ostegunero». «Zerbait egin behar izanez gero, beti prest zegon emakume» bezala gogoratzen dute taldeko kideek, eta gaineratu: «Kotxerik ez izan arren edonola moldatu ohi zen ortura joateko, mila saltsetan sartuta egon eta berandu iristen bazen ere». 

Joan den uztailean utzi gintuen Asun Matillak, eta bere oroimenez esker oneko ekitaldia ospatu zuten irailean bere gertuko zirenek Gandasegiko arkupeetan. Gugan bego, Asun.