Borja Artime: «Gu 1 Formularen harrobia garela esatera ausartuko nintzateke»
Borja Artime, Formula Student-eko ingeniaria
BINKE / 2021eko urria
«Gure lana zuzenean inspiratuta dago 1 Formulako ekipo profesionaletan»
Borja Guillermo Diez Artime
1998, Galdakao
Gandasegi ikastetxetik Colegio Vizcayara egin zuen salto Borja Artime izenez deitzen duten galdakoztarrak. Hortik EHUra egin zuen, Bilboko Ingeniaritza Eskolan Industria Elektronikoaren eta Automatikoaren gradua egiteko. Bertan ikasketa-espediente onenaren IDOM saria irabazi zuen Artimek, eta behin amaituta hasi zuen Kontrol, Automatizazio eta Robotikako masterra, gaur egun burutzen ari dena Formula Student-eko parte izatearekin batera.
ARGAZKIAK: Jabi Rojo
TESTUA: Jon Gomez Garai
Kontraste polita da, ziztu bizian joango diren ibilgailuen atzean nolako pertsona lasai eta isilak dauden ikustea. Baina beharrezko dute izaera hori, eta lasaitasun horren bila gerturatu gara Bilboko Ingeniaritza Eskolako tailerretariko batera. Bertan fabrikatzen ditu, beste 59 kiderekin batera, Formula Student motako ibilgailuak Borja Artime galdakoztarrak.
Egiten duzuena, 1 Formularen harrobi bezala hartu daiteke? Ausartuko nintzateke esatera bagarela 1 Formularen harrobia. Berba potoloak dira, baina egia da horrela deitzen gaituztela askotan. Gainera, Formula Student proiektuan parte hartzen duten askok Motorsport edo F1ean amaitzen dute lanean.
Hain azkar joan gabe, kontaiguzu zer den Formula Student! Formula Student nazioarteko lehiaketa bat da, non mundu osoko unibertsitate-ikasleek F1 motako monoplazak diseinatu, fabrikatu eta muntatzen ditugun. Estatu Batuetan du jatorria eta gaur egun 5000 ikasle baino gehiago aritzen gara urtero, mundu osoko 816 taldetan banatuta, F1 eta Motorsport munduko 19 zirkuitutan lehiatzen, Montmeló edo Silverstone bezalako udako zirkuituetan, esaterako.
Formula Student lehiaketa erreala da, beraz? Bai, noski. Jende askok oso serio hartzen du, eta ekimena gora egiten ari da, gero eta unibertsitate gehiagok ulertzen dute beren zentroetan Formula Student-eko taldeak izatearen garrantzia. Ross Brawn, Mercedes AMG F1 taldeko zuzendaria izan zenaren hitzetan: «Oraindik bi modu berritzaile daude lehiaketako automobilgintzan: 1 Formula eta Formula Student».
Eta zuen azterketak dira karrerak? Ez zehazki. Jende askok nahastu ohi du Formula Student lasterketa-lehiaketa bat bezala, non helburu bakarra autoa eta pilotu azkarrena nork dituen ikustea den. Hori ez da horrela, Formula Student ingeniaritzako lehiaketa bat da, eta bertan taldearen diseinu-eta ezagutza-erabakiak baloratzen dira, alde batetik, eta plaza bakarreko gaitasun dinamikoak, bestetik.
Ez da ba ulertzeko erraza! Formula Student-eko ekitaldi bakoitza bi proba motatan banatuta dago, funtsean gure azterketa estatikoak direnak: estatikoak, non F1 eta automobilgintzako adituek epaile-lanak egiten dituzten eta gure negozio-plana baloratzen duten, monoplazaren diseinua eta fabrikazio-prozesuak ezagututa —aurkezpen edo hitzaldi formatuan egiten dugu—; eta proba dinamikoak, non plaza bakarrak, pilotuarekin batera, bere abiadako gaitasuna, bira, erresistentzia… eta abiadura bera frogatu behar dituen. Orekarik onena lortzen duen taldeak irabazten du. Ez du zentzurik 200 kilometro orduko abiadurara iritsi daitekeen auto bat diseinatzeak, gero pistan ezin baduzu 120 kilometro orduko abiaduran jarri.
Beste karrera mota batez ari garela, unibertsitatekoaz, noiz erabaki zenuen Formula Student Bizkaian —FSB aurrerantzean— sartzea? Karrerako bigarren mailan nengoela, 2018an. Batxilergoko lehenengo mailatik ezagutzen nuen FSB, nire ikastetxean egin zuten hitzaldi batengatik. Ordurako, nire ikaskide askok bezala, frustrazio handia sentitzen nuen ikasketekin, ikasketen erdia eginda izan arren, ez bainekien paperean ikusten nuena errealitatera eramaten, eta zerbait praktikoa behar nuen, alferrikako ingeniaria sentitzen bainintzen. Horrek bultzatu ninduen FSBko atea jotzera.
Beraz, hemen ikasten hasteko, beste ikasketa batzuk egin behar dituzu lehenik? Hori da, bai. Formula Student-en araudiaren baldintzetako bat da taldeetako kide guztiak unibertsitateko ikasleak izatea eta denbora batez ingeniari profesional gisa lan egin ez izana. FSBko kide izateko, zehatzago esanda, Bilboko Ingeniaritza Eskolako graduren bateko ikasle izan behar duzu.
Eta nola uztartzen dira ingeniaritzako ohiko ikasketak FSBrekin? Ba, egia esan, zaila da. Hemen ez dago tailerrera etorri behar izateko ordutegi finko bat. Zuk erabaki behar duzu zenbat denbora inbertitu nahi duzun, eta hori oso zaila da ingeniaritza bezalako karrera zorrotzarekin uztartzea. Baina noski, denboraldiaren araberakoa da. Adibidez, plaza bakarreko sistemaren baten arduraduna bazara, edozein ezusteko baduzu ibilgailua martxan egon aurreko egunean, ba gau eta egun geratuko zara ibilgailua puntuan jartzen. Eta ez duzu derrigortuta egingo. Hori bai, hurrengo goizean agian korrika eta gosaltzen duzun bitartean amaituko duzu beste edozein irakasgairako entregatu behar duzun lana! (barreka)
Argi dago makina hauek egiten ari zaretenak «makina» hutsak ere izan behar duzuela! Bai zera! Gura bai! (barreka) Hori bai, ezin dut ukatu FSBko kide garen pertsonak oso gai eta konprometituak garela, sakrifiziorako gaitasun eta zentzu handia dugunak. Denetariko jendea dago, baina gehien definitzen gaituena eta batzen gaituena ikasteko eta eskuak zikindu nahi izateko gogoa da. Azken finean, hori da proiektuaren benetako helburua. Lehiaketako autoa egitea gure ikasketak osatzeko aitzakia besterik ez da.
Zelako ekipoa duzue? Mota guztietako jendea dugu, karrerako bigarren mailatik masterreko bigarren mailara arte, eta ia Eskolako maila guztietakoak, hainbat talde edo sailetan banatuta. Egitura hierarkikoa dugu, non ikasle beteranoenek «goitik» kudeatzen dituzten hasi berriak, Eskolako lau irakasleren laguntzarekin. Hasi berriak talde mekanikoetan, elektrikoetan, antolaketakoetan edo kontrolekoetan banatuta daude, euren interesen, trebetasunen eta ezagutzen arabera.
Automobilismoaren mundua, publikoki sikiera, oso lotuta dago gizonarekin. Ba al dago emakumerik zuen taldean? Zoritxarrez, hala da, eta hori aldatzeko ari gara lanean. Gaur egun, guztira 60 pertsonako taldean hamar neska ditugu. Gutxi dirudi, baina oso pozik gaude, batez ere jakinda eskolako ingeniaritza-graduetan dagoen nesken ehunekoa %10etik beherakoa ere izaten dela batzuetan.
Azken denboraldi honetan Team Leader izateko ohorea izan duzu. Zer moduz joan da eta nolako esperientzia izan da zuretzat? Egia esan behar badizut, oso gogorra izan da. Urteko une batzuetan itota nengoela sentitzen nuen, batez ere pandemiaren zailtasun gehigarriarekin. Halaere, zalantzarik gabe errepikatuko nukeen zerbait da, maila pertsonalean zein profesionalean asko ikasi dudalako. Gauetik egunera, eztainuzko soldagailuarekin egunero erretzetik eta mikrotxipak programatzetik, 80 kideko talde bat kudeatzera igaro nintzen. Erokeria bat izan zen. Erokeria bat, nire adinean beste inola ere sentituko ez nukeena.
Eta zerekin amesten duzue, 1 Formulako ingeniariak izatearekin edo lehiaketa bereko pilotu izatearekin? Uste dut taldean zauden bitartean ez duzula amets egiteko astirik ere, lo egitea luxua da! (barreka) Serio jarrita, nire esperientziaren arabera, uste dut jendeak nahiago duela F1ean edo Motorsport munduarekin lotutako zerbaitetan edo automobilgintzako enpresa ezagun batean amaitu. Hala ere, FSBn jende gutxik egiten du bere ibilbidea Motorsport adarretik jarraituta, normalean ohiko industriarako joera dugu.
Baina txarto ulertu ez badut, bolidoak ere zuek gidatzen dituzue, ezta? Bai, lehiaketak halaxe eskatzen duelako, ikasleak eta taldeko kideak izatea gidari. Oso erraza izango litzateke pilotu profesional bat kontratatu ahal izango balitz, baina ez da hala, hori lehiaketa «zikintzea» litzatekeelako. Eta, gainera, gure monoplazak guk gidatu ahal izatea sari handia da guretzat!
Ene! Edozeinek gidatu ditzake entrenamendu barik? Ez, ez! Edozein kidek ere ez ditu gidatzen, gure sponsor-en eta beteranoen laguntzarekin urte osoan gogor entrenatzen duten pilotuen talde bat dugu, eta pilotu bakoitzak proba zehatz baterako edo birako entrenatzen du. Eta gero, jakina, ekitaldiak eta ekitaldiak daude. Ekitaldi garrantzitsu bat badago, ez dugu hasi berri den kidea jarriko, piloturik onena behar dugulako. «Driving Bilbao» ekitaldian, non gure azken monoplaza Bilboko kaleetara ateratzen dugun, gidaririk onena aukeratzen dugu, hiri erdian edozein arazo balego…
Hainbesteko abiaduran, giza akats bat katastrofikoa izan daiteke, imajinatzen dut… Hala da. Horregatik, auto hauek segurtasun-sistema ugari dituzte. Are gehiago, proba dinamikoetan parte hartu ahal izateko, auto guztiek pasa behar dute «Scrutineering» izeneko proba bat. Ibilgailuen Azterketa Tekniko oso gogorra da. Bertan zure ibilgailuak lehiaketaren araudiaren puntu guztiak betetzen dituela erakutsi behar duzu. Lehiaketetan istripu larriak izan dira, bai, baina zorionez 40 urtean ez da inor hil, Formula Student autoen fidagarritasunaren seinale.
Abiaduraz ari garela, zein abiadura har dezakete zuen monoplazek? Ideia bat egin dezazun, munduko azelerazio errekorra 0tik 100 kilometro ordura Formula Student batek du, AMZ-k: 1.513 segundokoa. Jakina, lehiaketetan monoplazen potentzia 80 kW-era mugatzen da —108 zaldi inguru—, baina 200 kilo inguruko ibilgailuei ezarrita… imajina dezakezu, batzuek hegan ere egiten dute. Normalean, 110 kilometro orduko puntako abiadura izaten dugu, eta 0-100 kilometro orduko azelerazioa hiru segundotan.
Konbustiokoak ala elektrikoak dira? Bi motatakoak daude, baita hibridoak ere, edo modu autonomoan gidatzekoak ere—«driverless» izenez ezagunak—! Ekipo gehienok elektrikoak aukeratzen ditugu; mugitzen garen pistetan emaitza hobeak ematen dizkigutelako, eta automobilgintzaren industriaren etorkizuneko joera ere badelako.
Edonork pentsa dezake ibilgailu hauek asko kutsatzen dutela… Gure kontra esanda bada ere, automobilgintzaren sektorea munduko kutsatzaileenetako bat da, bai. Zorionez, joera hori aldatzen ari da, eta gero eta gehiago dira elektrifikazioaren esparruan trebatutako ingeniariak. Urrutira joan gabe, guk oso serio hartzen dugu gaia: FSB bat dator IKDi3 Estrategiarekin eta EHU Agenda 2030arekin, eta erreferente da EHUren bitartez nazioartean.
Baina trakzio-sistema ez da izango kutsatzen duen bakarra, ezta? Ez, eta horretara joan gura dut. Automobilgintzaren barruan etorkizunerako erronka garrantzitsuagoak daude, autoek eramango duten trakzio-sistema baino. Izan ere, oraindik asko dago egiteko bateriekin sortzen diren hondakin elektrikoen kudeaketan edo autoa fabrikatzeko prozesuen eraginkortasuna hobetzean. Gehiago kutsatzen du auto baten fabrikazioak, auto horrek bere bizitza osoan atmosferara isuriko duen CO2 guztiak baino.
Galdera inozo bat: zuen autoek motor bakarra dute? Ez da galdera inozoa. Talde bakoitzak erabakitzen du nola diseinatu bere trakzio-sistema. Gure kasuan, gure azken monoplazak bi motor elektriko eta 140 kW-eko atzeko trakzio-sistema bat ditu. Aurten, gainera, lau motor elektriko txertatuko ditugu ibilgailu berrian, bakoitza gurpilari zuzenean lotuta.
F1eko mila lasterketa «irentsiko» dituzu, ezta? Baliteke! (barreka) Tailerrean geundenean kideek telebistan jartzen zituzten F1eko lasterketak, nire borondatearen kontra. Taldean sartu nintzenean ez zitzaizkidan autoak batere gustatzen, baina orain, nahi barik bada ere, maitasuna hartu diet! (irribarretsu)
Urtero bolido bat eraikitzen baduzue, zer egiten duzue aurreko guztiekin? Talde bakoitzak ibilgailu berria aurkeztu behar du urtero lehiaketara, baina jakina, horrek kostu ekonomiko handia dakar baliabide gutxiko taldeentzat. Beraz, berrerabil daitezkeen atal asko daude, motorrak adibidez. Guk 2006tik egiten ditugu monoplazak, 2008tik urtero bat egiten dugu, eta 2012an egin genuen elektrikorako aldaketa. Nahiz eta urtero hutsetik monoplaza berri bat diseinatu, iazkoek uzten diguten ezagutzan eta materialean oinarritzen gara. Gero, denboraldi berezietan izan ezik, atal asko daude gutxieneko aldaketak jasaten dituztenak edo zuzenean berrerabiltzen direnak, dirurik ez dugulako, denborarik ez dugulako, edo gehiago hobetu ezin direlako… Zorionez, azken denboraldi honetako plaza bakarra martxan utzi ahal izango dugu, FSBren etorkizuneko auto autonomoaren oinarria izango delarik, probetarako eta pilotuentzako entrenamendu gisa baliatzeaz gain.
Imajina dezagun: autoetako bat Galdakaora ekarriko duzu, zein zirkuitu proposatuko zenuke herrian zehar? Ufa! Zaila egiten zait imajinatzea! Autoa lurrera hain itsatsita joanda eta herrian hainbeste oztopo eta sakangune izanda… Nascar motako pista zirkular bat egin dezakegu Elexaldeko atletismo-pistan, buelta ta buelta! (barreka)