EGITARAUA | Hamaika ekintza antolatuko dira Galdakaon Euskararen Eguna ospatzeko
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Urtero moduan, Euskararen Eguna ospatuko da abenduaren 3an eta Galdakaok bat egingo du hitzorduarekin. Ekitaldi nagusia egun horretan izango da Torrezabal Kultur Etxean baina horren aurretik hainbat ekintza antolatuko dituzte Udalak eta eragileek. Hemen batu dugu egitarau osoa.
Euskaltzaindiak eta Eusko Ikaskuntzak adostuta, abenduaren 3an ospatzen da urtero Euskararen Eguna 1995tik. Euskal Herria osoan ospatzen den jaia da eta Galdakaok ere bat egiten du honekin.
Egitarau zabala antolatu dute horretarako eta gaur aurkeztu dute Izaskun Barbarias Euskara zinegotziak, Monika Bailon Sustapen Ekonomikorako zinegotziak, Gaizka Uriarte BINKEko kideak eta Maria Jose Arriandiaga Bagabiz Euskara Elkarteko kideak.
«Euskarak 365 egun behar ditu eta gu prest gaude 365 egun horiek emateko», adierazi du Barbariasek, Galdakaon «euskararen aldeko lan handia» egiten dela nabarmenduz. «Honen erakusle da aurten Euskararen Eguna ospatzeko prestatu dugun egitaraua, adin eta zaletasun guztiei zuzendua», azaldu du Euskara zinegotziak.
Ekitaldi nagusia abenduaren 3an bertan egingo da Torrezabal Kultur Etxean. Honetan, Galdakaok euskararen alde egiteko hartzen dituen konpromisoak azalduko dira eta Izaskun Rekalderi omenaldia egingo da. Usansolotarrak lan handia egin zuen euskararen alde eta besteak beste, Arnas Dezagun eta Pantailak Euskaraz proiektuen sortzaileetako bat izan zen, baita BINKErena ere.
«Merezitako omenaldia egingo diogu, egin zuen lan handiagatik. Izaskunek egindako lana abiapuntu hartuz bide horretan jarraitu behar dugu euskararen alde», adierazi du Uriartek, BINKEren izenean. Omenaldian Pantxoa musikaria, Arkaitz Estiballes bertsolaria eta beste hainbatek parte hartuko dute.
Halaber, euskara erabiltzeko eskubidea bermatzeko helburua duen ‘Hauspotu’ egitasmoa aurkeztuko da abenduaren 3ko hitzorduan. «Duela hilabete batzuk azterketa egin genuen Galdakaon euskarak zuen egoeraren inguruan eta ondorietako bat izan zen euskara erabiltzeko eskubidea urratzen dela hainbatetan. Honen harira sortu da ‘Hauspotu’», azaldu du Arriandiagak.
Ekitaldi honen aurretik aldiz hainbat ekintza izango dira Galdakaon Euskararen Egunaren harira eta hemen batu ditugu egunez egun:
Azaroak 29, eguena
10:30 Mintzodromoa Euskaltegietako ikasle, Berbalaguneko kide eta ikastetxeekin Kurtzeko frontoian
18:30 Kalejira musikala Maximo Moreno Musika Eskolatik Urreta auzora Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunaren harira
Abenduak 1, barikua
20:00 Gazteen berbodromoa Gangureneko rokodromoan
Abenduak 2, zapatua
12:00 eta 17:00 Beldurrezko ihesgelak 12-18 urte bitarteko nerabeentzat, Plazakoetxen
Abenduak 3, domeka (Euskararen Eguna)
12:00 Ekitaldi nagusia eta Izaskun Rekalderi omenaldia Torrezabal Kultur Etxean: Pantxoa musikariaren emanaldia, Arkaitz Estiballesen bertsoa, dantza…
13:30 Talo eta sagardo dastaketa eta musika Agirre Lehendakariaren plazan
Bestalde, Urreta auzoan euskararen erabilera sustatu eta ostalaritza bultzatzeko helburuz dinaminazio ekintza egingo da tabernetan. Asteburuan izango da eta tabernek pintxo bat oparituko diete euskaraz eskatzen duten herritarrei. Hizkuntza ez dakitenek ere jardueran parte hartzeko, kartelak eta esaldi ohikoak jarriko dira euskaraz.