
Gazte galdakoztarren eta frantsesen arteko elkar trukea abiatu da
TESTUA ETA IRUDIAK: Irati Alonso García
Argizai Eskaut Taldeak gazte trukea egin du aurten ere, kasu honetan Frantziarekin. Hango gazteak aste honetan heldu ziren Galdakaora eta gaur harrera egin diete udaletxean. Galdakoztarrak uztailaren 8tik 14ra joango dira Frantziara.
Duela hamar urte inguru hasi zen ekimenarekin eta aurten ere Argizai Eskaut Taldeak gazte trukea antolatu du. Oraingoan Frantziarekin egin dute eta hango gazteak hilaren 2an heldu ziren Galdakaora. Harrera egin diete gaur udaletxean, ongi etorria emanez.
Iñigo Hernando alkateak ongi etorria eman die ikasleei eta Galdakaori buruzko informazioa eskaini die. «Ondo erakutsi gure ohiturak, haien etxera joan daitezen ezagutuz nora etorri diren», azpimarratu die hitzorduan izan diren ikasle galdakoztarrei.
«Eskerrak eman nahi dizkiogu Argizai Eskaut Taldeari beste urte batez ekimen hau antolatzeagatik. Programazio luze eta dibertigarria duzue aurretik, disfrutatu!», adierazi die Amets Iturbe zinegotziak ikasle frantsesei.
Ikasle galdakoztarrek ere hartu dute «ondo pasatzeko, hizkuntza berriak ikasteko eta lagun berriak egiteko» asmoa dutela nabarmenduz. «Eskerrik asko, oso pozik kultura berria bat deskubritzeagatik eta lagun berriak egiteagatik», azaldu dute ikasle frantsesek.
Hilaren 8ra arte izango dira Galdakaon Roubaixeko hamahiru gazteak eta egun hauetan zehar euskal lurraldea eta tradizioak ezagutzeko hainbat ekintza egingo dituzte. Besteak beste, Gaztelugatxe eta Bilbo ezagutzeko aukera izango dute, eta baita Espainiako Gerra Zibilak Euskal Herrian izandako eragina.
Etxera bueltatzen diren egunean ikasle galdakoztarrak ere abiatuko dira haiekin eta hilaren 14ra arte izango dira Roubaixen, hango kultura eta ohitura ezagutuz.
Hemen Idoia Esteban Argizai Eskaut Taldeko arduradunaren eta Nicole Altuna ikasle galdakoztarraren hitzak, trukearen inguruan: