
Hiri Antolaketa Plana berrikusteko lanetan parte hartzeko aukera dute galdakoztarrek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
Galdakaoko Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorra eguneratuko du eta prozesu honetan parte hartzeko aukera eskainiko die herritarrei. Interesa duten pertsonek ekainaren 8ra bitarte eman dezakete izena.
Galdakaoko udalbatzak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikustea onartu zuen 2021ean eta orain epea ireki du Udal Plangintzako Aholku Batzordeko kide izatea eskatzeko. Herritarrek eskatu ahal dute ekainaren 8ra bitarte eta Udalaren webgunean egin daiteke, edo 688830479 telefonoa, Telegram zein WhatsApp bidez mezua bidalita edo zenbaki horretara deituta.
Plaza kopurua mugatua denez —sei titular plaza eta sei ordezko— ekainaren 24an 18:00etan, bilera bat egingo da Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan izena eman duten pertsona guztiekin, kideen hautaketa adosteko, aniztasunaren irizpideei jarraiki.
Erreglamenduak ezartzen duenez, alkatea, Hirigintza arloko arduradun politikoa, Udaleko teknikariak eta herritarren ordezkariak izango dira Kontseiluko kide. Azkenekoen kasuan, zehazki, auzotarren gizarte sarekoa (titular bat eta ordezko bat), ingurumenekoa (titular bat eta ordezko bat), ekonomiakoa (titular bat eta ordezko bat), dibertsitate funtzionala duena (titular bat eta ordezko bat), kulturakoa, gazteriakoa edo kirolekoa (titular bat eta ordezko bat) eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren arlokoa (titular bat eta ordezko bat) izango dira kide.
Udalak adierazi duenez, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra «udalerriaren etorkizuna definitzeko garrantzi handiko dokumentua da». Bertan, Galdakaoko hazkundeari, naturguneen babesari, mugikortasunari, ekipamenduei, jarduera ekonomikoei eta abarri buruzko estrategiak eta zehaztapenak ezartzen dira.