Mireia de Diego: «Udalak berdegune gehiago exijitu beharko leukez»
Mireia de Diego, enpresari eraikitzailea
BINKE / 2016ko uztaila
«Udalak berdegune gehiago exijitu beharko leukez»
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Gotzon Almaraz
Zenbatean kritikatuko genuen zerbait edo norbait, alde horretako bertsio edo iritzia jakin barik… Esaterako: nork eragin zuen krisia? Edo nori leporatzen zaio erru nagusia? Erakundeei? Politikariei? Ala eraikuntzen munduan negozioa egiten ari diren horiei, akaso? Sarri konnotazio negatiboak jartzen ditugu inguruan entzuten dugunagatik. Baina goazen gutxitan entzuteko aukera izaten dugun aldea entzutera!
Kontraste kuriosoa da dotore eta koloretsu jantzitako emakume fin baten ondoan obrako kaskoa, txalekoa eta segurtasun bota batzuk ikustea. Beretzako eguneroko errutina da, baina emakume izateagatik errutina gogorragoak bizi izan zituen Mireia de Diego (Usansolo, 1976) enpresari eraikitzaileak bere ogibidearen hastapenetan. Historian lizentziatua bada ere, gaur egun Excavaciones y Obras de Diego enpresako burua da, Euskadiko Eraikuntzaren Klusterreko presidentea eta oraintsu urteko enpresari emakume onena izendatu dute, Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak banatzen dituen sarien arabera.
Ezin galdera saihestu: zer egiten du historialari batek eraikuntzaren munduan? Enpresa aitak sortu eban eta seme-alaboi esaten euskun: “ikasten zabilzen bitartean ikasi, baina gero behar egin behar da”. Behin unibertsitateko ikasketak amaitu eta eraikuntzaren munduan gorakada etorrela ikusita, aitari laguntako sartu nintzan enpresan. Gaur arte!
Zenbat urterekin hasi zinen enpresaren kargu hartzen? 23 urtegaz bulegoan hasi nintzan, administrazio lanak egiten, eta orduantxe be obrako langileakaz kontaktu zuzena neukan eta ardura batzuk baneukazan, baina hortik lau-bost urtera aitek erretiroa hartu gura ebanez seme-alabak alkartu eta negozioaren gidaritza neure esku uztea proposatu eban. 27 urtegaz hasi nintzan gerente lanetan.
Gaztea, emakumea… Ez ziren ba ardura makalak izango! Eta asko sufritu izan dot! Pentsa gure enpresea kaleko obragaz estu-estu lotuta dagoala, kamioi, traktore eta hondeatzaileen artean. Lan honeitan gizonezkoa da nagusi. Gizonezkoa, eta formakuntza bakoa! Holako askok uste dabe emakume batek ezin dauala ezer jakin obren inguruan eta eurak barriz, jakinda jaio dirala! Askok ez eben onartzen emakume batek eurei agintzea!
Bizitako estutasunen bat bereziki gogoratzen duzu? Gogoan dot kaleratu behar izan neban lehenengo langilea. Bulegoan bakarrik nengoan, neuk 23 urte, eta 47 urte inguruko gizon handikote bat kaleratu behar neban bere ardurakaz kunplitzen ez ebalako. Gizon hark botatako irain eta oihuak ez ziran normalak… amorrurik gehien emoten eutsana, duda barik, ni emakumea izatea zan. Emagaldu bat izatea edo nagoan lekuan egoteko danakaz oheratu izana da entzun behar izan dodazan berbarik suabeenak. Emakume izateagatik jaso dodazan mespretxuak mila izan dira.
Zeuk bizikoak enpresaren munduan berdintasunaren aldeko ekintzak egitera eraman zaitu, ezta? Bizkaiko Induskari Elkartean 70 enpresa inguru gagoz eta emakume gerente bakarra neu naz. Baina horrek bakarrik asko laguntzen dau berdintasun kontuetan, emakume bat goi-kargu baten egoteak bidea errazten deutsielako atzetik datozan gainontzeko emakumeei. Halanda be, orain dala hiru urte Bardintasun Plan bat sortu gendun zeineri Emakundek be bere aitortza emon eutsan. Guztiz gizonezkoena dan munduan be ia bardintasuna lortzen dogun!
Badakigu zeuk porlanarekin egiten duzula lan, baina Galdakaon eta Usansolon hemendik urte batzuetara izango dugu berdegunerik? Espero dot, beharrezko doguz eta! Halanda be gauzak nahastu egiten doguz. Eraikuntzak ez dau zertan porlana ekarri behar, sarri paisaia-berreskuratzeak, irisgarritasun obrak eta uren tratamenduak, ur-horniketa, saneamenduak… egiten doguzalako, esaterako. Guk gainera kota zerotik behera egiten dogu lan, eta beraz ez doguz etxebizitzak altxatzen, dagoana mantentzen jarduten dogulako bereziki.
Baina ez diguzu ukatuko zuen gremioa lotzen dela berdegune faltarekin… Bai, egia da. Baina guk ez dogu ezer erabakitzen! Esan gura dot, hori ez da eraikuntza enpresaren ardurea, kontratatzen dauan promotorearen edo udalaren ardurea da. Hiri-antolamenduko plan orokorra (HAPO) indarrean zeozertarako jarri da. Plan honek ez dau bakarrik porlanagaz zer ikusia daukana arautzen, orokorrean paisaiagaz lotuta doana arautzen daualako.
HAPO-a errespetatzen ez dala esan gura duzu? Ez dinot hori. Baina esaterako, laster Lapurdin, Torrezabal Kultur Etxearen atzeko berdegunean egingo daben obraren proiektua ikusi dozue? Ez dabe lorategi ziztrin bat be utziko! Oso eraikin gogorrak izango dira, grisak. Niri ez jat proiektua bape gustatzen. Udalak berdegune gehiago exijitu beharko leukez eraikuntzako lizitazioetan.
Galdera arriskutsuegia agian: zelan baloratuko zenuke beraz herriko plan urbanistikoa? Orain egiten edo aldatzen dabilzan aipatutako plan orokorragaz gauzak aldatuko dabezala espero dot. Bada, argi dago udalak eraikitzeko lizentziak emon behar dauzana, etxebizitzak erosteko eskaria dagoalako. Baina egia da estetika ez dala askorik jagon eta horri garrantzia gehiago emon beharko deutsiela uste dot, eta eraikitzerako orduan berdegune bat kentzen badabe, inguruan beste nonon egongo dala ziurtatu. Horretan herritarrok be badaukagu ardurea, sarri udalak herritarren parte-hartzea eskatzen daualako baina erantzun askorik ez daualako jasotzen. Jendeak berdegune gehiago gura doguzala eskatuko baleu, udalak horri kasu egingo leuskiola pentsatu gurako neuke.
Gure inguruan gauza asko aldatuko zenituzkela nabaritzen zaizu… Bereziki kontu bi aldatuko neukez. Batetik, natura eta azpiegiturakaz daukagun oreka gehiago zaintzea, mendi eta berdeguneak bota baino, azpiegiturak horreitara moldatuz, esaterako. Eta bestetik, obrak enkantean ateratzea debekatuko neuke, enkante mota honeitan egiten diran adjudikazioak prezioari bakarrik erreparatzen deutsalako.
Zein kalte dakar obrak prezio merkeena duen proiektuari esleitzea? Obrak egiteko proiektuak aurkezterako orduan, txosten honen %50 estudioa izaten da -kontratatutako enpresak eta langileen baldintzak, jasangarritasuna, erabiliko diran materialak eta honein ezaugarriak…- eta beste %50 aurrekontua bera, prezioa. Bada, udal batzuek enkante bitarte egiten dabez adjudikazioak, eta enkanteetan proiektuaren esleipen-kriterioa aurrekontuan bakarrik oinarritzen da.
Estudioa kontutan hartzen ez denez, prezioak «bota» egingo dituzte askok… Horretara noa! Enpresa askok prezioak lurretik botatzen dauz. Noski, prezioak bota bai, baina langileen soldatak eta baldintzak murriztuz, material eskasak erabiliz, espaloiak edo hormak egiteko behar dan porlanaren lodiera ez errespetatuz… holan dator gero prekariedadea eta gure azpiegiturak behin eta barriro konpontzen ibili behar izatea! Guk duintsuna bermatzen ez daben prezio horrein kontra ezin dogu ezer egin. Erakundeek badakie hori, baina askok lizitazioak enkante bidez egiten jarraitzen dabe. Soldata eta baldintzak hobetzea gura badabe, udalek ez leukiez eskaintza horreik onartu beharko. Galdakon bertan enpresa askok obrak amaitu barik utzi dabez negozioa zarratu egin dabelako…
Eta zenbat langile kaleratu diren krisiaren aitzakian! Piloa… Espainian 2007an hasi bazan krisia Euskal Herrira ez zan 2011ra arte heldu. Beranduago eta motelago sartu jaku, baina beranduago eta motelago urtengo dogu honetatik, nire ustez. Krisia gurera etorriko zala sumatu gendunean, bertoko enpresa gehienak pribatuentzat barik erakunde publikoentzako hasi ginan lanean, baina krisiagaz batera erakundeen diru-sarrerak be murriztu egin ziran eta euren diru-partidak gitxitu. Etxebizitzen eraikuntzek eta obra zibilek behera egin eben eta lan asko galdu gendun. Hori dala-eta, enpresako 40 langileak alkartu eta batzar bat egin gendun, danon soldatak murriztu edo lanera sartu ziran azken zazpi pertsonak kaleratzea erabakitzeko. Danon artean erabaki eben azken zazpirek kontua eskatu eta kalera joan behar ebela. Lan gehiago izan eta jende barria kontratatzeko esperantzan gagoz, baina krisitik oraindik ez dogu urten, ez behintzat eraikuntzaren munduan.
Eraikuntza krisitik irten ez dela diozu. Krisia ez du ba eraikuntzak sortu? Hori ba! Badago inor konstruktore bat baino txarragorik? (ironiaz) Ez, seriotan. Askok usteko dau eguna sobreak banatzen emoten dogula, azken baten korrupzio kasurik handienak eraikuntzen munduagaz lotuta dagozalako. Baina nik sikiera, nire bizitza osoan ez dot sobrerik ikusi. Jendeak ezin dau pentsatu eraikitzaile guztiak espekulatzaile batzuk garanik. Eta krisia sortu bada, fondo publikoak bidegabe erabiltzeagaitik izan da. Hori ez dago gure esku…
Tira, baina Euskadiko Eraikuntzaren Klusterreko presidente zaren neurrian, zure esku ere badago egoera hau hobetzen laguntzea, ezta? Eta horretan gabilz. Orain hiru urte presidente izendatu ninduenetik eta zuzendari galdakoztar bat dagoanetik, aldaketak eskatzen gabilz eraikuntzaren munduan. Aurreko batzordea barriztu egin gendun eta eraikuntzaren munduko kate guztia alkartu gendun, unibertsitateak, erakunde publikoak eta gure esparruko gremioak barne. Klusterraren helburuak ikerkuntzan, berrikuntzan, internazionalizazioan, jasangarritasunean, enpresen prestakuntzan eta aliantzetan markatu doguz, besteak beste.
Baina krisia baretzeko erakundeei proposatutako aldaketa zehatzik aipatzerik bai? Hainbat gauza eskatu gura deutsagu euskal erakunde publikoei, esaterako, Lurzoruaren Legea garai honetara egokitzea 2004. urtekoa dalako eta etxebizitzen eskaintza-eskaria desbardina dalako. Bestetik, lehen aipatutako proiektu eskasak ez onartzea eta azpikontratazio liburuak kontrolatzea. Liburu honetan agertzen dira proiektu batean kontratatuta dagozan enpresa guztiak, eta udalek kontrolatu beharko leukie danon diruagaz enpresa nagusiari ordaindu orduko, azpikontratautako danen baldintzak bete eta euren langileek kobratu dagiela. Liburu hau ikuskapen laboralak egiteko erabiltzen dabe, baina ez ikuskapen ekonomikoak egiteko. Orain aipatutako kontu guztietan zorrotzak ez izateak obretan irregulartasun izugarriak egotea dakar. San Mames barria begiratzea besterik ez dago, ia esklabu moduan kontratatutako langile atzerritarrak, eta behin amaituta datoz kexak. Non egon dira sindikatuak eta erakundeen ikerketak ordura arte? Edo Abiadura Handiko Trena, hortxe dago, geldirik; noski, prezioak lurretik bota ostean orain ez dalako bideragarria. Gainera tristeena da guk horretan Klusterretik ezin dogula eskua sartu, Espainiako enpresek egiten dabelako AHTa. Autzaganeko obratan be zer gertatu zan? Prezio merkeena eukan proiektua aukeratzeagatik, gero bidean aurreikusita ez egozan ezustekoak aurkitu eta aurrekontuan obrarekin jarraitzeko dirurik ez. Gainera, Euskal Herritik kanpoko enpresak ekartzen dira baina ez dabez bertako konbenioak onartzen. Holan ez dago zer eginik!