Jontxu Martinez: «Beti gura izan dot antzerkitik edo aktore lanetik bizi»
Jontxu Martinez, aktorea
BINKE / 2020ko otsaila
«Beti gura izan dot antzerkitik edo aktore lanetik bizi»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Gotzon Almaraz
Arazoak esperientzia eta lezio positibo bilakatzean omen dago norbere bizitzaren gakoa. Eta «motxiladun ume» izanda 21 urte eman baditu ere, indar zein sufrimendu guzti horiek ondo bideratzen jakin ditu hilabeteko protagonista nagusiak: oholtzara modu profesionalean eramaten hasi da barruan duen talentu guztia, eta ametsa bete berritan batu gara berarekin Usansoloko plazan.
Usansolotar peto-peto bat Galdakaon Olentzero. Zelan daramazu hori? Oso ondo eta oso harro, egia esanda. Plazerra da Olentzero izatea, oso gustagarria da egun horretan bizitzen dana. Umeen ilusioa eta etxera txupeteekaz bueltatzea. Lau urte dira Olentzero oso on baten lekukoa jaso nebana, eta uste dot ezin dala Keparen lana hobetu, baina behintzat bardintzen ahalegintzen naz!
Zure herrikideen ahotik kritikaren bat jaso izan duzu? Ez, egia esan. Gurasoek, bromatan, lotsarik ez daukadan galdetu izan deustie inoz, baina herrikideek ez. Aurtengoa uste dot Usansoloko Olentzeroren azken urtea izan dala, eta ez dakit zer pasauko dan datorrenean, igual hor etorriko dira kritikak. Gabonak baino lehen beragaz gurutzatu nintzan Usansolon eta irribarre batek urten eustan, bi Olentzero batera!
Baina egiari zor, Galdakaori oso lotuta egon zara beti, ezta? Eguzkibegin ikasi dot eta kuadrila Galdakon daukat, baita beste lagun asko be. Hainbat ekitaldi eta taldetan aktiboki parte hartu dot. Oso ezaguna naz kuadrila txapelketan be! 2007an hasi nintzan parte hartzen Zizpan, eta 2018an Patxiku kuadrilara batu nintzan; eta jaietan jo ta fuego ibilten naz! Ezin dot esan barik itxi: azken bi urteetako txapelketa irabazi dogu Patxikugaz Galdakon!
Usansoloren alde ere lan egin duzu, ezta? Ni usansolotarra naz, harro ganera. Jai Batzordean hasi nintzan, bertatik Lamintxu Gazte Asanblada sortu genduan. Eta urte batzuetan bietan lanean ibili nintzan Usansolo Herria sortu zan arte, gitxi gora behera. Usansolo Herriaren hasieran be aktiboki parte hartu neban, zerrendetan joan nintzan eta egin genduan galdeketan be hauteskunde-mahaian egon nintzan. Astiro-astiro aldentzen joan naz, bizitza holan da, baina beti Usansolon pasatzen danaren inguruan adi egoten naz.
Batzorde Mistoa sortu eta Usansolon galdeketa loteslea egitea ahalbidetuko duen mozioa onartu zuen urtarrileko udalbatzak. Zelan hartu zenuen berria? Urrun, pozik eta esperantzaz. Ezin izan neban udalbatzara joan, eta horrek apur bat penatu ninduan, baina aurrera goazala ikusita poztasun handia sortu jatan! Orain esperantza handia daukat etorkizunean —Bizkaiko Foru Aldundiak eta EAJk ez badabe oztoporik jartzen—, Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izango dalako.
Usurbilen bizi zara orain. Bozkatu ahal izango duzu? Galdeketarako gogo handia daukat. Eta egin kontu, Usurbilen bizi banaz be, oraindio ez naz han erroldatu, Usansoloren etorkizunean erabaki nahi dodalako! Beraz bai, bozkatu ahal izango dot! (irribarretsu)
Zer irabaziko duzu pertsonalki Usansolo udalerri izanda? Pertsonalki, urteetako borroka baten garaipena izango da. Txikitatik borrokatu izan dot Usansolo udalerri izatearen alde, uste dodalako Usansolok berak asko irabaziko dauala.
Zer esango zenioke Usansolo udalerri izatea nahi ez duen galdakoztar edo usansolotarrari? Usansolotarrei, ondo pentsatzeko Usansolok irabaziko dauanaz. Eta galdakoztarrak bi taldetan banatuko neunkez: batetik erabakitzeko eskubidearen alde dagozanak. Honei gogoraraziko neuskie Usansolok, Euskal Herriak edo Kataluniak lez, erabakitzeko eskubidea be badaukala. Eta bestetik, erabakitzeko eskubidearen kontra dagozanei, ez neuskie ezer esango…
Lehen lotuta aritzeaz aritu gara, bertsolaritzara ere oso lotuta egon zara txikitatik, ezta? Hamar edo hamaika urtegaz hasi nintzan bertsotan ikastolan, Josu Telletxeagaz. Gero DBHra pasa eta Juanjo Respaldizagaz jarraitu neban. Zornotzako bertso eskolan be Etxahun Lekuegaz ibili nintzan, baita bertso udalekuetara joan eta eskolarteko batzuetan parte hartu be. Baina Galdakon berton ez neban bertso eskolarik izan, eta ez neban garatzeko aukerarik izan. Orain urte batzuk, Erduzie irratia sortzeko ahaleginagaz batera, Asier Martineri bertso eskola barriro sortzea okurritu jakon, Galdakaon bertso zaletasuna egon baegoalako.
Bide batez, zelan dago Galdakaoko Bertso Eskolaren egoera? Desagertzearen mugan beti. Momentu honetan taldetxu bat dago, bertsozaleak diren kuadrila bateko kideak bertsotan ikasten animatu dira. Azken urteotan ikasleak be izan doguz, orain dagozanak baino gazteagoak, eskolaz kanpoko ekintza lez bertso eskolara etortea erabaki ebenak. Aldiz, 2018an Bizkaiko txapelketara aurkeztu nintzenean, Asier eta biok bakarrik ibili ginan bertsotan. Ni orain Usurbilen nabil, baina hemen nagoanean bertso eskolara batzen naz. Badakigu bertsozale asko dagoala Galdakon, plazak beteta egoten dira, eta tabernetan be sasi-bertsolariak entzuten dira… Baina bertso eskola txikitzen dabil.
Eta zuk, baduzu bertso txapelketetan parte hartzen jarraitzeko asmorik? Aurton aurkeztu naz, eta lanak ixten badeusta kantetako asmoa daukat. 2018an aurkeztu nintzan lehenengoz, eta arantza bat geratu jatan barruan, saioa oso urduri pasa nebalako.
Jontxu urduri oholtzan? Ba bai, baina ikuspuntua ikusita uste dot ez nebala hain saio txarra egin. Arantza hori kentzeko asmotan bueltatuko naz aurton, ez udazkeneko fasera klasifikatzeko. Urte bi barru ez neuke kantatu gura, beste lan batzuk egin gura dodazalako, gai-jartzaile edo epaile, probatzearren, baina beti bertso-saltsan!
Zurekin lotura handia duen beste esparru bat: antzerkia. Hemen ez duzu ba amaitzeko asmorik izango! Ezetz espero! Oholtza gainean antzerkia egiten aitite hiltzea baino gauza hoberik ez dagoala uste dot!
Zelan hasi zinen ba? Zazpi urtegaz hasi nintzan ikastolako eskolaz kanpoko ekintza batean, eta ordutik hona urtero-urtero egin dot antzerkia. DBHn Ekhia antzerki taldera batu nintzan, eta gero La Fundicion aretoko gazteentzako antzerki eskolan jarraitu. Unibertsitate urteetan, Anima eskolako antzerki tailerretan egon nintzan, eta ikasketen azken urtean, karrera albo batera itxi eta antzerki ikasketak serio hartzea erabaki neban. Gaur arte.
Noiz esan daiteke hasi zinela aktore semiprofesional izaten? Semiprofesional ez, profesional! Gaur egun antzerkiaz bizi naz-eta! Beti gura izan dot antzerkitik edo aktore lanetik bizi. Baina profesionala nintzala antzerki ikasketak egiten ibili nintzanean konturatu nintzan, Hamlet bezalako antzezlan bat Campos Eliseos antzokian eskaini genduanean, eta Triesteko antzerki festibalean munduko beste antzerki taldeekaz lanean ari nintzala.
Hamlet izan zen, beraz, zure lehenengo antzezlan profesionala? Ez. Ikasketak amaitu eta Pabellon 6-eko gazte konpainiako kastinera aurkeztu nintzan, eta aukeratu egin ninduen. Berton «¿Qué fue de Ana Garcia?» antzezlana egin genduan arrakasta handiz, eta hauxe izan zan nire lehenengo antzezlan profesionala. Bertan, desberdinenganako biolentzia ezberdinen inguruan berba egiten dogu. Eta gaur egun biran jarraitzen dogu. Martxoaren 28an, esaterako, Pabelloira bueltatuko gara, hilabetez astebururo.
Dena dela, otsailaren 19an bertan, obra berria estreinatu zenuten. Zer duzue orain esku artean ba? «Harri orri ar, el patio de mi casa» estreinatu barri dogu. Euskadiko dramaturgia barrien saria irabazi eban, eta saria oholtzan jartzea zan saria. Berton Euskal gatazkaren inguruan berba egiten dogu, esan ez doguzan kontuen, aurreiritzien edota min ezberdinen inguruan egiten dogu berba. Polita da Martxelo Rubio edo Iñake Iraztorza bezalako aktore ezagunak ni bezalako aktore ezezagunekaz batera ikustea! Horrek freskotasuna emoten deutso antzezlanari!
Eta zelako harrera izan zuen estreinaldiak? Harrera ona izan dau. Baina oindino Gasteizen bakarrik ikusi dabe, eta bi emanaldi bakarrik egin doguz. Sentsazino onak dira. Ingurukoei behintzat gustatu jakie eta ez da gitxi, kritiko handienak etxean izaten doguz-eta! Hautsak harrotuko dauz antzezlanak, eta ez da danon gustokoa izango, baina hori gauzak ondo egiten gabilzenaren seinale izango da.
Zure barnean, harrera are bereziagoa izango du antzerki honek, ezta? Jakina. Gaiak zuzenean ikutzen nau. Maira Goiricelayak, zuzendari eta idazleak, proiektuan parte hartzeko deitu ninduanean, poztasunez hartu neban barria. Ez bakarrik lana neukalako, gai hau lantzeko gogoa be baneukalako. Aurreko antzezlana oso soziala zan, eta oraingoa oso politikoa da. Biak batera egin ahal izatea luxu bat da!
«Euskal gatazka» deitzen dioten hori, tabua da oraindik? Ez neuke esango berbea tabua danik. Oraindino aurreiritzi asko dagoz eta bestea entzutea kostatzen jaku, bai. Agian ez behar beste eta beharko zan terminoetan, baina gatazkaz berba egin egiten da. Kontuan hartu behar da ETAk 2011n emon ebala bere borroka armatuaren amaieraren barri, eta belaunaldi bat dagoala gatazkaren gordina pairatu ez dauana.
Zer gelditzen zaigu onartzeko? Ez dakit onartzea dan berbea be. Lan egin behar dala uste dot, gatazka ez dalako amaitu. Oraindik 250 euskal preso politiko dagoz Espainia eta Frantziako kartzeletan, Euskal Herria espainiar poliziaz beteta dago eta ikusi da ezin dala erabaki, ez dagoalako erabakitzeko eskubiderik. Horregaitik uste dot euskal gizarteak aurrerapauso handiak egin dauzala, eta onartzeko daukienak aurrean dagozan bi estatuak dirala.
Zuk orain antzerkiaren zaletasun hori hobeto garatu ahal izango duzu asteburuak libre izanda? Orain asteburuetan Euskal Herritik nabil bidaian. Euskal Herriko oholtzen gainean, gorputza libre da. Baina burua askotan izaten dot Espainiako errepideetan, eta ez nire oroitzapenengaitik, gaur egun errepideetan dabiltzan senideengaitik baino. Eta batez be nik bezala gurasoren bat preso daukien umeengatik. Gorputza oholtzan eta burua motxila batean izaten dot…
Bada, 21 urte eman dituzu motxiladun ume. Zelan gogoratzen duzu hurbileko garai hura? Oso normal gogoratzen dot dana, egia esan. Ohiturak eta egunerokotasunak egoera anormal bat normalizatzen dau.
Normal gogoratuko duzu, baina ez goxo… Ez, jakina. Bidaiak oso nekezak ziran, txikitan barikuetako klaseak galtzen nebazan eta nerabezaroan lagunekaz egoteko denborea be. Asteburu osoa bidaian, asteburu osoa errepidean galduta, gehien jota ordu eta erdiko bisita bat egiteko, eta aita inoz ez ikutzeko. Baina ume zoriontsua izan naz beti, eta amak horretan zerikusia daukala uste dot.
Aita aske gelditu zenean harrera beroa egin zioten Galdakaon, suziriak ere tarteko. Horren berri eman zuten hedabide espainiar askok. Zelan hartu zenuten oihartzun hura? Harreraren eguna eta ondorengoak nahiko ondo, hurbilekoen berotasun handiagaz. Txarrena hurrengo hilabetea izan zan. El Correokoek aitaren irudi bat argitaratu eben, kalean satsa botatzen egoala. Ezkutuan atzetik ibili jakuzan, segika. Beste batean, El Mundoko kazetari bat etorri jakun ate joka, baina ez portaleko atera, etxeko atera baino. Horrek beldur handia sortu euskun. Kazetaria ez bada, hurrengoa edozer egin gura deuskun zoro bat bada?
Euskal presoei egiten zaizkien ongi etorriek eztabaida sortzen dute azken aldion. Zure aitari egindakoak norbait mindu zezakeela uste duzu? Mina oso subjektiboa. Ni mintzen nauanak bestea alaitu leike. Seguru nago herriko jaiek baten bati mina eragiten deutsiela, ezin daualako lorik egin. Ongi etorriak horixe baino ez dira: jai bat. Lagunek aspaldian aske ikusi ez daben pertsona bat babesteko baino ez. Ez dira erasoak eta ez dira inor mintzeko egiten. •