Luis Mari Bizkarra: «Ogia dendetan egiteko Estatuko lehenengo laba Usansolora ekarri neban»
Luis Mari Bizkarra, okina
BINKE / 2020ko azaroa
«Kontrakoa emoten badau be, inon baino ogi gutxiago kontsumitzen da gurean»
Luis Mari Bizkarra Artetxe
1940, Usansolo
Bere aita Estebanek transmititutako ogibide baten ostean, Bizkarra okindegi eta gozotegien kate ezagunaren aitzindaria da Luis Mari; Abadiñoko Muntzarazen jaioa baina gaztetxotatik Usansolon errotua —usansolotartzat ere badauka bere burua—. Bere ibilbideak eta ekinak hainbat sari eman dizkio Bizkarrari, besteak beste: 2007an Ibarretxe lehendakariak Euskal Merkataritzako Berrikuntza Saria eman zion, 2015ean Urkullu lehendakariak Ibilbide Profesionalaren Saria eta 2017an Bilbao Dendak elkarteak Denda Enblematikoaren Saria.
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Aitzol Zamalloa
Aurkezpen handirik behar ez duen horietarikoa da Bizkarra marka. Baina marka guztien atzean pertsonak daude. Horregatik, Usansolon hasi, Galdakaon handitu eta Bizkaia osora arrakastaz eraman duen negozioaren atzeko pertsona ezagutu gura izan dugu. Luis Mari Bizkarraz ari gara, eta ondorengo lerroak ditugu Eduardo bere semearekin batera izandako
solasaldiaren laburpena.
Ikusten denagatik, ogiaz aparte, sikiera eramateko kafea eta janaria zerbitzatzen ari zarete… Eta eskerrak horri, guk ez daukagulako langileak aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean —gaztelaniaz ERTEan— sartzeko aukerarik, ogia premiazko elikagai legez aitortuta dagoalako.
Nork esango zizun zuri, lehenengo okindegia zabaldu zenuenean, horrelakorik sufritu beharko zenuketenik… Buf! Eta sufritu doguz garai gogorrak eh! Estaduak ogiaren prezioa jartzen ebanekoa, krisi orokorrak, domeketan okindegiak zarratzera derrigortu euskuenekoa,.. Baina holakorik ez dogu sufridu, ez, hau terriblea da; taberna, jatetxe eta hotel askoren hornitzaileak garalako geu, eta ezin saldu gabilzalako.
Zer ikasi zenuten krisi horien eraginez? Krisi bakotxak pentsatzeko beste modu bat irakasten deutsu, aurrera egiteko beharrak konponbideak bilatzera daroatsulako.
Ikasteaz ari garela, Alemanian ikasi zenuen ba zerbait, Luis Mari! Bai! (irribarretsu) Orain dala berrogei urte be asko mugitzen nintzan batera eta bestera, eta mundu mailako azokatara joaten nintzan. Holako bidaia batean, 1979aren bueltan Alemanian, Euskal Herrian eta estatu osoan be ikusten ez zan labe bat ikusi neban, dendetan bertan jartzeko labea.
Eta zuk ekarri? Orduantxe pentsatu neban: «Holakorik ez dogu guk han ezagutzen, baina sistema barri hau gurera heltzen bada eta kontrako hankeagaz harrapatzen banau, akabo, nik eroango dot lehenengoa!». Eta holan, lehenengo labea Usansolora ekarri neban. Estatuko lehenengo labea izan zan Usansolokoa!
Produkzioan sartu beharreko orduak ere asko jaitsi ziren horrela? Ordu gutxiago sartzeak baino, labeak dendetan jartzeak produkzioa egiteko modua aldatu eban, modu horretan beharlekua edo obradorea Usansolon izaten jarraitzen gendualako ogi diferenteak egiteko, baina azken labekadea dendetan emoten geuntsielako.
Imajinatu ere ez dut egin nahi zenbat ordu sartzen zenituzten hasieran! Buf! Iluntzeko zortziretan ogia egitera sartu, goizeko zazpirak arte, eta ordutik aurrera dendaz denda banatzen hasten ginan, eguerdira arte!
Zelan iritsi zen Bizkarra Usansolora? Ni jaiotzez Abadiñoko Muntzarazekoa naz baina Usansolora 1956ko zezeilean heldu ginan, nik 16 urte neukazala, horregaitik usansolotarra be sentitzen naz. Estaziñoko auzora heldu ginan lehenengo, eta horregaitik hortik gertu be zabaldu genduan Bizkarra kateko lehenengo dendea.
Orduan txikia izango zen ba herria… Tren geltokiaren inguruan egozan hogei etxeak baino ez!
Nondik datorkizue ogiarekiko maitasuna? Aitagandik. Abenturero handia zan eta gaztetatik Ameriketako Estatu Batuetara joan zan. Han ibili zan beharrean bategaz eta besteagaz, Idahon, Chicagon… Al Capone ezagunarentzako be beharrean ibili zan alkohola banatzen!
Baina ogiarekin ez? 1930eko udan etxera bueltatu zan, baina diru barik! Traje bat baino ez eban ekarri, eta Ameriketara bueltatuko zala uste baeban be, azkenean familiak konbentzitu egin eban hemen geratzeko. Holan ba, bere anaiaren andreak okindegi bat eukanez, 32 urtegaz bertan hasi zan beharren.
Gure kulturan ogiak garrantzia handia dauka, baina beste herrialde askotan ez da ogirik apenas jaten bazkalorduan. Globalizazioak ogia jateko ohitura desagerrarazi dezake? Geldi geldi! Kontrakoa emoten badau be, gurean inon baino ogi gutxiago kontsumitzen da! Ez da hain kulturala ogia jatea. Ni hasi nintzanean 124 kilo inguru jaten ebazan hemen, bataz beste, pertsona bakotxak urtean, gaur laurden bat inguru!
Arrazoia eman didazu, beraz. Ez, horrekin esan gura dot Europan gurean baino gehiago kontsumitzen dala ogia, eta globalizazioagatik sikieran ez dala ohitura hori galduko. Italian jateko gehiena ogiagaz egiten da eta Alemanian, esaterako, 98 kilo ogi jaten dauz urtean pertsona bakotxak. Gurean, krisi honen aurretik 64 kilotan ibili ginan, eta orain 32 kilo kontsumitzen dogu bakotxak urtean, bataz beste.
Baina Europan ez da jatorduetan hainbeste ogirik ikusten mahaian, ezta? Ez, hori egia da. Baina gehiago kontsumitzen dabe ogia elikagai lez, eta ez hainbeste lagungarri legez. Gehiago jaten dabe bokatetan, armozuetan… gehiago oraindik, txorizo bati be zapore gehiago atarako deutsazu ogi artean, ogia zapore-indartzaile oso ona dalako!
Orduan zein da, globalizazioa ez bada, hainbeste ogi ez jatearen arrazoia? Hainbat arrazoi dagozala esango neuke: medikuek ogia ez jatea gomendatzea, gure sektorearen erruz ogi industrialak egitea, industrializazioa bera…
Gaia aldatuz, jaso dituzun sari guztietatik zein gogoratzen duzu maitasun handiagorekin? Sari guztiak dira ondo etorriak! (barreka) Asko emon deuskuez egia esan, dendengatik, barrikuntzagatik, urteurrenengaitik… Baina niretzako berezienak Ibarretxe eta Urkullu lehendakariek emon eustiezanak izan ziran, biak sari pertsonalak izan ziran —nire ibilbideagaitik jasotakoak—, eta horrek bihotza ikutzen dau… (irribarretsu)
Hala ere, sari gehienak okintza mundura berrikuntzak ekartzeagatik jaso ditu Bizkarrak. Zenbateko garrantzia du horrek enpresa batean? Barrikuntzak beti dira inportanteak, beti aurrera begira egon behar dalako. Eta aurrera begira egon ahal izateko inportantea da ondo inguratuta egotea. Ni beti dedikatu izan naz lan egin eta denbora galdu barik ibiltzen. Gainetiko kontuei bueltak emon eta denbora gauzak zelan egin pentsatzera inbertitzeko izan dodaz beti aholkulari onak. Baina, dendetan gure izenean aurpegia emoten dabenetatik aparte, ekipoan nitzako pertsonarik garrantzitsuena nire emaztea izan da: Mari Angeles Azkueta.
Semeek hartu dute zure lekukoa. Zer transmititu diezu? Heziketa aldetik ahal izan dodan dana, baina profesionalki ezebez. Eurengan konfiantza handia daukat. Baina ganera, eurek txiki-txikitatik barneratu izan dabe ogibidea. Txikitan ogia egiten laguntzen eustien bakotxean be emoten neutsien ogorlekoren bat, lana eta esfortzua zer dan jakin dagien.
Orain urte batzuk Bizkarrak asko laguntzen zituen Usansoloko eta Galdakaoko elkarte eta kirol jarduera asko. Zenbaterako garrantzia dute herri hauek zuentzat? Dana, gu bertako herritarrei esker gagoz hemen eta guretzako inportantzia daukielako jarraitzen dogu gure obradorea eta denda nagusiek hemen izaten; lehenengo denda be Usansolon jarri genduan horregaitik. Eta klubetan? Milioi batzuk itxi dodaz nik klub eta lasterketatan, hainbat urtetan herri bietako kirolaren %85 nik babestu izan dot. Beste urte batzuk ziran eta, horretarako aukera genduanez, egin genduan. Baina ez bakarrik Usansolon eta Galdakaon eh! (irribarretsu)
Hemendik kanpo ere lagundu dituzu klubak ala? Klubak ez, baina ogia gura beste banatu dot krisi garaietan debalde. Akorduan daukat 1983ko uriolak bizi izan genduzanean… Motor txiker bat neukan, eta haregaz ibiltzen nintzan gure inguruko herrietatik be ogia debalde banatzen. Basauriko alkate zanak be deitu eustan: «Bizkarra, banatu dozun ogiaren faktura bialdu behar deustazu», eta nik ezetz erantzun neutsan, diru hori bere herriko pobreen artean banatzeko eskatuz.
Galdakaon ere izan zenuen horrelako pasarterik… Bai, Gardeazabal alkateorde zanean bera etorri jatan, herrian hainbat etorkin egozala eta zer janik emoteko ez eukiela. Ezin neban onartu herrian jendea gosea pasatzen ibiltzea, eta horregaitik eroan neutsiezan etorkin harei hainbat jaki eta ogi. Norberak ahal dauanean ondokoari lagundu behar deutsala sinisten dot. •