Egin planto, eta kalera salto!
Martxoak 8
BINKE / 2019ko otsaila
Egin planto, eta kaleetara salto!
TESTUAK ETA ARGAZKIA: Ixone Muñiz Arana
Gertakizun historikoa izan zen iazko martxoaren 8an bizitakoa: mendez mende inposatutako jazarpenak irauli eta euren eskubideengatik irmo borrokatzeko prest zeuden emakumez bete ziren kaleak. Historia berridazten jarraitu behar da oraindik, eta horregatik, aurten ere planto egiteko deialdia zabaldu da. Greba honen eta kontu gehiagoren inguruan solasean ibili gara Galdakao eta Usansoloko talde feminista eta emakume talde gehienetako kideekin.
Etengabeko borroka batean bizi izan dira emakumeak historian zehar, inoiz zalantzan jarri beharko ez liratekeen eskubideak aldarrikatzen, bidegabekeriei erantzun ausartak ematen, baimenik gabe ostu dieten lekua errebeldiaz berreskuratzen, jasotako kolpe bakoitzaren ostean errautsetatik eraberritzen. Emakume adoretsu batzuen borrokaren fruitu dira egindako lorpenetako asko, eta oraindik aldatzeko asko badago ere, eurei zor zaie historiaren oinarriak dantzan jarri izana. Azken batean, duintasunez biziraun izana. Baina gutxi batzuek egindako aldarriak nekez izaten duenez oihartzuna, emakumeek, zalantzarik gabe, kolektibo gisa batutako indarrei esker lortu dute aurrera egitea. Denak norabide berean joanda. Denak batean.
Indarrak batuz eta gizartea mobilizatuz lortzen dira, beraz, iraultzak, eta hori bera da aurtengo martxoaren 8ko grebarako Euskal Herriko Mugimendu Feministak eskatzen duena: egun honetan emakume guztiek —edo kategorizazio hertsiak saihestuz, «heteropatriarkatuak zapaldutako subjektuak, hau da, emakumeak, bollerak eta transak»— kolektiboki hiri eta herrietan deitutako mobilizazioetan parte hartzea. Beste era batera esanda, eguneroko lanak utzi, kaleak hartu eta emakumeak erdigunean jarriz, planto egitea. Izan ere, egungo sistema haustu eta paktu sozial berri bat lortzea da greba honen helburu nagusia.
Grebarako hilabete baino gutxiago geratzen dela, Galdakao zein Usansoloko talde feminista eta emakume talde ia guztietako ordezkariekin bildu gara —talde bakarrak ez du Binkeren batzeko gonbidapena onartu—, egun horretako nondik norakoak kontatu eta emakumeek oraindik jasan beharreko desberdintasunak zelan bizi dituzten mahai gainean jartzeko. Itxaso Mimenza aritu da Usansoloko Talde Feministako ordezkari, eta Jasone de Dios eta Lidia Gonzalez galdakoztarrak Momoak Talde Feministatik. Bestalde, elkartutako emakume taldeetatik, Miren Alapont eta Itziar Isasi izan dira Erabide taldeko ordezkariak, Maite Viteri Aperribaiko Basandere elkartekoa, eta Antonia Gonzalez Usansoloko Mirari taldekoa. Dudarik ez da hausnarketarako, eta aldi berean, erraiak husteko bide ematen duten solasaldi horietako bat izan dela. Errebeldia zapore itxaropentsua uzten duten horietakoa.
Bi ildo garrantzitsu. Mahai-inguran bildutako zazpikoteak zalantza izpirik ez du greba feminista hau egitea ezinbestekoa dela oraindik emakumeei eragiten dieten eta agerikoak diren bidegabekeriei aurre egiteko: «Emakume izateagatik bizi doguzan ezbardintasunak ikusarazteko egin behar dogu greba», dio Itziarrek, eta Antoniak gaineratu, iaz greba deialdia indartsua izan bazen ere, aurten are indartsuagoa behar duela izan. Indar horiek batuz bakarrik lortuko baita gizartean dagoen desparekotasunarekin amaitzea, eta azken batean, hori da feminismoaren beraren zeregina: «Batek behin esan eustan moduan, feminismoa gizartea oinarritik aldatu behar dauan proiektu politikoa da», adierazten du Mirenek. Jasonek, bestalde, grebaren garrantzia zein den azpimarratzen du: «Emakumeok gelditzen bagara, mundua gelditzen da, eta orduan ikusiko da benetan zenbaterainoko eragina dogun gizartean». Halere, zazpiek aitatzen dute inpaktu hori benetan igartzeko nahitaezkoa dela emakume guztiek egitea planto, soldatapean lan egiten dutenek zein alor pribatuan —etxeko beharretan edo zaintzan— dabiltzanek, alegia.
Ez da alferrikakoa kontuan izatea greba-deialdi honek bost ardatz izango dituela: zaintza, pentsionistak, ikasleak, enplegua eta kontsumoa. Nahia alor guzti horietan eragitea bada ere, lehengo biek garrantzi berezia izango dute aurtengo deialdian. Usansoloko talde feministako kide den Itxasok argi du emakumeek zaintza-lanak beren gain hartzea txikitatik hasten den sozializazio prozesu baten ondorio dela, eta nagusitzean, horren eraginak ikusten jarraitzen direla. Gainera, elkarrizketatuek adierazten dutenez, kontuan hartu behar da zaintza lanak —gehien bat emakumeei egozten zaizkienak— nahiko prekarioak direla, eta askotan kontratu gabekoak: «Horri, gainera, emakume horietako asko imigranteak dirala gehitzen bajako, lan baldintzak oraindik prekarizatuagoak izaten dira», zehazten dute Momoakeko ordezkariek.
Zaintza-lanetan dabiltzan emakumeak ez ezik, pentsiodunak ere grebaren erdigunera eramango dira; izan ere, sektore honek nahiko egoera ahula bizi du. Euskal Herriko Mugimendu Feministak grebarako dossierrean azaltzen duenez, emakumeek gizonezkoek baino erretiro pentsio baxuagoa jasotzen dute (%37,38). Honen aurrean, hausnarketa argia egiten du Aperribaiko Basandere taldeko kide den Maitek: «Oraingo generazioetako emakumeek lan egin eta kotizatzen dabe, baina beste hainbat eta hainbat emakumek bere bizi osoan zehar lan egin arren, ez dabe kotizatu eta, ondorioz, ez daukie pentsiorik». Kasu horietan, beraz, emakumeenganako desparekotasun oraindik handiagoa nabari da. Gainera, Lidiak dio etxean lan egiteagatik kotizatu ez duten emakume horietako askok ez dutela uste bizitzan zehar benetan lan egin dutenik: «Zaila bada be, holan pentsatzen daben emakumeei hori egia ez dala ikusarazi behar jake, eta greban parte hartzera animatu».
Grebaren zehaztasunak. Martxoaren 8an greba orokorra egiteko deialdia zabalduta dago, eta aurten ere, iazko formatu antzekoa jarraitzea erabaki da; hau da, goizean herriz herri egingo diren ekitaldietan parte hartzea, eta arratsaldean, aldiz, denak hiriburuetan egingo diren mobilizazioetara batzea. Iazko geldialdiarekin alderatuz, hori bai, aurten 24 orduko greba egitea erabaki da, horrek dakarren guztiarekin: «Oraingoan, grebaren ardatzetako bat kontsumoa dala kontuan hartuz, helburuetako bat saltokiak itxi eta egun horretan zehar ez kontsumitzea be izango da», argitzen dute emakume elkarteetako eta talde feministetako kideek. Hortaz, herri-bazkariak egitekotan, adibidez, jan eta edango dena etxetik eramatea proposatzen da, egun horretan bertan saltokietan kontsumitzea saihesteko.
Aipatu ditugu dagoeneko grebaren ardatz nagusietako batzuk eta honen nondik norakoak zeintzuk izango diren. Horrez gain, ordea, garrantzitsua da gizonezkoek greba feminista honetan duten papera zein den aztertu eta argitzea. Elkarrizketatuek diotenez, gizonezkoek, lehenik eta behin, greba babestu eta inguruan dituzten emakumezkoei mobilizazioetan parte hartzea ahalbidetu beharko liekete, azken hauek bihur daitezen grebaren erdigune. Honek esan nahi du, beraz, gizonezkoen lehentasuna mobilizazioetan parte hartzea baino, zaintzak eta etxeko ardura guztiak bere gain hartzea izango dela: «Hori eginda dagoala, halere, gizonezkoren batek ez badauko etxeko ardura edo zaintzarik eta mobilizazioetara joan gura badau, bigarren plano batean egin dagiala, hau da, agindurik emon barik eta emakumeoi geure aldarrikapenak egiten utzita», gaineratzen du Jasonek.
Eguneroko ogi. Martxoaren 8an greba egiteko arrazoi asko dituzte emakumeek; izan ere, oso nabariak dira egungo gizartearen egituraketak eragiten dituen gizonezkoen eta emakumezkoen arteko desberdintasunak. Egun oroz jasotzen eta pairatzen dituzte emakumeek bereizketa eta bidegabekeria horien ondorioak. Modu nabariagoan edo lausoagoan, baina emakumeen egunerokotasunaren parte dira. Eguneroko ogi. Itziarrek adierazten duen bezala, hizkuntzaren osaketan bertan oso nabaria da ezberdintasun hori: «Hizkuntza bezalako kontu hain sinple batean, «cojonudo» eta «coñazo» berben esanahiekaz, adibidez, zergatik egon behar da desparekotasun hori?», adierazten du ulertu ezinik. Gainera, hizkuntza adierazpen horiek txikitatik barneratzea berezko joera da, Maitek dioen bezala, jaiotzetik entzuten ditugun esamoldeak baitira.
Erabide Emakume Elkartean Itziarren kide den Mirenek, bestalde, generoen arteko ezberdintasun hori oraindik gizartean oso nabaria dela dio, baina aitortzen du belaunaldiz belaunaldi bide hobe baterantz garamatzaten aldaketak behintzat igartzen direla. Hala ere, denek adierazten dute oraindik asko dagoela egiteko. Itxasok, adibidez, argi du gizartean dagoen matxismoaren isla esanguratsua gazteen artean ikusten diren jarrerak direla: «Larria da gizonezko batzuek bikoteari zelan jantzi behar diran esatea, edo emakumeak objektu moduan zelan tratatzen dabezan ikustea… eta hau oraindino asko egiten da gazteen artean».
Gizartean gizon eta emakumeen arteko desberdintasun handia egon dela eta dagoela ezin da ukatu, beraz. Eta horren beste adierazle bat da etxeko zereginen ardura, antzinatik, etxean aginduak ematen zituena gizonezkoa bazen ere, emakumea baitzen beharrez arduratzen zena. Hala ere, elkarrizketatuei euren etxeetan ardurak banatzearen kontua zelan daramaten galdegitean, nahiz eta batzuek urteetan zehar landu beharreko kontu bat izan den aitortu, orokorrean denek egiten dute bat esanez, euren kasuan behintzat, etxean zereginak egiterako orduan oreka bat mantentzen dutela: «Gurean beti banatu ditugu etxeko lanak, semeak etxean izan ditugunean ere, eta orduantxe izaten da lan gehien egin behar izaten denean», dio Antoniak.
«Iceberga» apurtzeko garaia. Aste gutxitan gure kaleak grinez lepo dauden emakumez beteko dira, aipatutako —eta aipatu barik utzitako— bidegabekeria eta desberdintasun guzti horiekin errotik amaitzeko.
Gure emakume arbasoek egindako indar eta kemen berarekin jarraitu behar da eurek hasitako borroka hau, berdintasunerako bidea eraikitzen egunez egun, eta batez ere, eskutik helduta: «Gugandik, emakumeongandik, hasi behar dira aldaketak, beldur barik egin behar dogu aurrera, kolektibo bat izan behar dogu», adierazten du irmo Lidiak. Horri gaineratzen dio, komunikabideetan ikusten ditugun emakumeek sufritzen dituzten bidegabekeriak —erasoak, bortxaketak, hilketak…— icebergaren puntatxoa baino ez direla, eta horren azpian ikusten ez diren beste hainbat gehiegikeri daudela.
Horiek guztiak ere gizarte osoari ikustarazi eta denok elkarrekin aldatu behar ditugula diote argi eta garbi zazpi elkarrizketatuek.
Emakume bakoitzak bizi dituen sufrimendu apurrez osatutako «iceberg» hori suntsitzeko garaia da, ikusten eta ikusten ez diren desberdintasun bidegabeekin amaitzeko ordua. Eta horretarako, emakumeak izango dira martxoaren 8an sendotasunez pauso bat aurrera eman eta euren aldarria ozen lau haizetara zabalduko dutenak, erdigunera salto egingo dutenak, guztizko protagonistak.
Baina hori ezin da kontu «anekdotiko» batean soilik geratu, hurrengo eguneko egunkarietako portadak bete bai, baina bi egunen bueltan ahaztu egiten den horietakoan. Ez. Ondorioak izan behar ditu, ageriko ondorioak. Eta horra heltzeko, gizarte parekide bat eraikitzeko, denon ekarpenak izango dira beharrezko. Izan ere, emakume, gizon edo euren buruak bikotasun horretatik at kokatzen dituzten pertsonenak izan, mundu honek kolore morez zipriztindutako bihotzak behar ditu: bihurri, aske… eta geldigaitzak.
Martxoaren zortzian, kalean batuko gara! •