Markel Ealo eta Aitor Llamazares, Frantziako galdakoztarrak
BINKE / 2020ko azaroa

«Guganako daukiezan iritziak desmitifikatzen saiatzen gara»

Sortzez: Galdakao, Urki eta Zabalgane ingurukoak.
Gaur egun: Cosne Cours sur Loire, Frantziako herritxoan.
Jaiotza urtea: 1996.
Ikasketak: Biak fisioterapian ikasitakoak.
Zertan dabiltza: gaur egun berreziketa funtzionaleko zentro batean ari dira fisioterapeuta lanean.

Zerk eraman zintuen herritik alde egitera? Arrazoi pertsonalek nahiz profesionalek bultzatu gintuela esan ahal dogu: alde batetik, gaztaroa mundua ezagutzeko aukera itzela dalako, eta honegaz hizkuntza barri bat ikasteko eta hobetzeko aukera daukagulako; eta beste alde batetik, Frantzian dagoan fisioterapiaren inguruko kulturaz ikasteko. Dagoaneko egindako lanagaz alderatuta ez dauka zerikusirik; bai baliabideen eta inbertsio aldetik, eta bai lan-baldintzen aldetik be.

Zer du zuen oraingo herriak, Galdakaok ez duena? Eta alderantziz? Parisek era askotako ekintza desbardinak eskaintzen deutsuz: kulturalak, sozialak, gastronomikoak, etab. Hemen Cosne Cours sur Loiren barriz, giroa askoz lasaiagoa da eta herritik ez oso urrun erdi-aroko hainbat gaztelu topatu ahal dozuz. Galdakok barriz, berotasun eta hurbiltasuna eskaintzen deutsuz hiri handien estresetik kanpo. Horrez gain, ezin dogu ahaztu etxeko mendiez eta kostaldeaz asko gozatzen doguna urtean zehar, eta orain arte lan egindako lekuetan ez da egon horrelakorik.

Zeren falta sumatzen duzue han? Topikoa emoten dauan arren, familia ta lagunak faltan doguz, ta eurekaz daukaguzan ohiturak ez partekatzea be faltan daukagu. Etxekoakaz jan-orduek partekatzea, lagunekaz aste bukaeran garagardoren bat hartzea eta alkarregaz kirola egitea aipatuko genduzan. Ganera, herrian zauzenean beti izango dozu planen bat edo beste, eta horren falta badago hemen.

Zer gomendatuko zenieke zuen herritar bati, han bisitatzeko? Egia esan, konfinamendu barri honek ez deusku inguruko bazter asko ezagutzen utzi, hala ere, inguruetako landa-herriak, gazteluak, Loira ibaiaren ibilbidea eta bertako ardoa dastatzeko upeltegiak gomendatuko geunkez. Parisen, haatik, txoko eta ekintza ezagunenak ez errepikatzearren: Saint Martin kanaleko gaueko giroa, Sena ibai ertzean ilunabarraz gozatzea eta Tuillerieseko lorategietako jarlekuetan lo-kuluxka bat egitea. Kontuan hartzeko gomendio bezala: Parisek eskaintzen dituen ekintza asko doanik dira 26 urte baino gazteagoak diranentzako! 

Zer dakite gure herriaz? Gure lanaren ondorioz, egunean jende askogaz egiten dogu berba eta egia da askok hizkuntzaz eta gure nortasunaz badakiela, baita Frantziar estatuko hego-mendebaldean euskeraz be berba egiten dala. Halanda be, gure iritziz Euskal Herriaz asko jakin ez arren, orain dala gutxiko historiari buruzko ezagutzak badekiez. Guganako daukiezan aurre-iritziak be entzun doguz, baina horreek desmitifikatzen saiatzen gara…

Zeintzuk dira zure etorkizunerako asmoak? Birusak uzten badeusku Frantziak Hego Ameriketan eta Afrikan sakabanaturik daukazan koloniak ezagutzeko asmoa daukagu; bertan lan egiteko eta aldi berean uharte horiek eta inguruek ezagutzeko gogo itzelak daukaguz. Nork daki zer etorriko dan ostean, baina biharko egonkortasuna Galdakon izatea espero dogu!