Antsietatea, etsai ikusezin eta ohikoa
BINKE / 2023ko martxoa
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: O. Smith eta Jon Gomez Garai
Sentipen negatiboak, etengabeko kezka, lo egiteko arazoak… hainbat dira antsietatearen sintomak, askotan antzeman ezin daitezkeenak. Gero eta pertsona gehiagok sufritzen duten gaitza da eta horregatik sakonago ezagutu nahi izan du Binkek. Horretarako, sufritu duten pertsona bi eta psikologo bi batu ditu.
Ez ditugu ikusten, baina hor daude. Osasun mentalean eragina duten gaitzak gero eta ohikoagoak dira ume, gazte eta nagusien artean. Horrela gertatzen da ere euskaldunen kasuan.
Euskal Estatistika Erakundearen arabera, 2015 eta 2019 urteen artean %5,2 igo zen Euskadiko Osasun Mentaleko Sarean tratamendua jaso zuten pertsonen kopurua. Pandemiaren ostean datua askoz gehiago hazi zela adierazi dute aditu gehienek, zehaztasunez ezartzea zaila bada ere. Mota askotako gaitzak sufritzen dituzte eta antsietatea da ohikoenetakoa.
Lehen pertsonan. Hain zuzen, antsietatea sufritzen du 27 urteko gazte usansolotar batek. Lo egiteko arazo handiak ditu eta hartu behar duen erabaki bakoitzaren aurrean bularrean bola moduko bat duela sentitzen du. «Ez naiz ondo sentitzen, ondo arnasteko arazoak ditut», esan zion duela bost urte amari.
Harrituta begiratu zion orduan amak, irribarra ahoan, pozik bizi den gaztea baitirudi. «Laguntza behar dut. Ez dakit nire emozioak kudeatzen eta egunerokoan eragiten hasi da», nabarmendu zion.
Psikologoarenera joatea erabaki zuen orduan eta honek berehala esan zion barruan zuen hori antsietatea zela. «Oso neska urduria naiz, emozioak mugaraino eramaten ditut beti, hortaz, hori zela pentsatu dut beti», azaldu du gazteak. Arazoa ordea, txikitatik zetorren: «Ikastolan nengoenean ere horrela sentitzen nintzen. Azterketa baten edo partida baten aurretik adibidez hainbat egun ematen nituen lo egin gabe. Normala zela pentsatzen nuen».
Haratago. Jada heldutasunean ordea, sakonagoa egin da arazoa. «Lanean norbaitekin haserretzen nintzenean kalera irten behar nintzen, jendearen aurrean lehertuko nintzela sentitzen nuelako. Lagunekin ere, hainbatetan gertatu zait eta izena jarri diodan arte nire izaeraren parte zela pentsatzen zuten haiek, eta baita nik ere», aitortu du.
Medikazioa hartzen hasi zen eta lau urteren ostean hau gabe bizitzea lortu du. «Oraindik psikologoarenera noa eta egoera zehatzetan mugak jartzea zaila egiten zaidan arren, askoz hobeto nago», adierazi du. Hala ere, antsietatea berarekin betirako biziko dela argi du: «Nire izaeraren zati bat da jada, eta horrekin bizitzen ikasi dut. Atzera begiratzen dudanean irakaspen prozesu baten moduan ikusten dut, gaur naizena eraikitzen lagundu didana».
Beste gaitzen ondorio. Berdina pentsatzen du 43 urteko emakume galdakoztar batek. «Nik gaur egun dudan bizitzeko moduan eta nire seme-alabei transmititzen diedanean eragin handia du nik txikitan bizitakoa».
Hamalau urte zituela gurasoei esan zien «txarto, ezer egiteko gogorik gabe» sentitzen zela. Profesionalen laguntza jaso zuten orduan baina ez zuten erantzuna aurkitzen. «Bartzelonara joan behar izan ziren nire gurasoak eta hango psikologo batek esan zien nik sufritzen nuena mugako nortasun nahasmena zela. Horren ondorioz antsietatearekin bizi nintzen».
Medikazioa hartzen hasi zen eta urte asko eman zituen prozesu «oso zail batean murgilduta»: «Zaila da sentitzen nuena hitzekin azaltzea. Bularrean eta eztarrian korapilo moduko bat nuela uste nuen. Nire gurasoei esaten nien, mesedez kendu hemen dudan harri hau».
«Hilabete asko eta asko ez ditut gogoratzen. Espazio txuri baten modukoa dut buruan», aitortu du. «Click» egin zuen arte. «Ez dakit nola eta zergatik baina ni bakarrik konturatu nintzen ez nuela horrela jarraitu nahi. Medikazioak lokartuta uzten ninduen eta bat-batean pentsatu nuen hori ez zela nik nahi nuen bizitza», azaldu du.
Normaltasunera. Medikazioa eta psikologoa utzi eta pixkanaka-pixkanaka «normaltasunera» bidaia egin zuen. «Guztiok dugun garapen prozesuaren moduan, nik uste beste aro batean sartzeak asko lagundu ninduela», adierazi du emakumeak. «Irakasle batek esan zidan ez nuela eskola amaituko eta begira. Lan egiten nabil duela hogei urtetatik eta ni bakarrik, nire ingurukoen laguntzarekin noski, atera naiz», azpimarratu du.
«Honekin ez dut esan nahi psikologoen laguntza behar ez denik, alderantziz. Oso beharrezkoa da profesionalen papera, dugun arazoa kudeatzeko tresnak ematen dizkigutelako. Baina nabarmendu nahi dut gakoetako bat, nire kasuan gertatu zen bezala, gure buruan dagoela», dio.
Adituen iritzia. Hain zuzen, pertsona berak duen garrantzia azpimarratu du Lorena Mendezek, Bizkaiko Psikolgia Elkargoaren kide den psikologo galdakoztarrak: «Garrantzitsua da momentuan egoten ikastea, ez aurreratzen eta oraindik gertatu ez den eta gerta ez daitekeen horretaz larritzen ikastea. Gelditu gure barne-ahotsa entzuten. Zer nahi dut? Zer behar dut? Pentsamendu katastrofista horiek zalantzan jarri behar dira, errealitatera egokitzen diren horiek lehenetsiz».
Janire Madariaga psikologo galdakoztarraren hitzetan, ingurukoen laguntza ere beharrezkoa da. «Askotan antsietatea ez da kanpotik ikusten eta sufritzen dutenei ez zaie behar beste kasu egiten. Izan ere, sufritzen ez duenak errazegi ikusten du arazo honen konponbidea edo kasu batzuetan ez du uste arazoa denik ere», azaldu du.
Mezu desegokiak. «Irten zaitez kalera!», «Ez emon hainbesteko garrantziarik!», «Ez zaitez hainbeste arduratu!» edo «Zure aldetik gehiago jarri behar duzu! Arazoa zuk daukazu!» bezalako mezuak jasotzen dituzte askotan antsietatea sufritzen dutenek eta intentzio onenarakin ematen badira ere, konturatu gabe «kalte handiago» egiten dietela nabarmendu du Madariagak. «Errudun sentitzen dira», adierazi du.
Mota honetako mezuekin batera, aurreiritziek egiten duten kaltea aipatu du psikologoak. «Gaixotasun mental gehienak zentzudunek pairatzen dituzte. Nork ez du ezagutzen fobia bat duen norbait? Edo elikadurari lotutako gaixotasunen bat? Depresioa? Gaur egun minbiziaren eta kotxezko istripuen atzetik suizidioa da hirugarren heriotz kausa nagusiena. Hau oso larria da eta osasun publikoak dituen faltak agerian uzten ditu», azaldu du, ideia bat nabarmenduz: «Gaixoak ez dira gaiztoak. Batzuetan gaixoen poblazio txiki batek gaiztakeriak egiten ditu, baina ez dira gehiengoa».
Pedagogia, gakoetako bat. Hau aldatzeko, pedagogia da gakoetako bat adituen esanetan, bai sufritzen dutenenentzat eta baita gizartearentzat ere. Erreza da hanka apurtu eta etxean gaudela esatea baina antsietatearen ondorioz dela aitortzea zailagoa da. «Uste dugu gure kabuz moldatu behar garela eta laguntza eskatzea ahuleziaren seinale dela, guztia edozein preziotan irentsi behar dugula», adierazi du Mendezek.
Bizi ez dutenen kasuan askotan osasun mentalaren inguruan aritzea «oso zaila» dela aitortu du Madariagak eta arreta enpatian jartzen du: «Hori da emozioak ezagutu eta kudeatu ahal izateko bide bakarra. Ez du askor balio urdina tristuraren kolorea dela irakastea, gero triste dagoen ume edo gazteari poztu zaitez, ez emon hainbesteko garrantziarik, edo ez zaitez triste egon esaten badiegu. Horrek ez du ezertarako balio». «Zoriontsu izatera bultzatzen gaituen pseudopedagogia honeri aurre egiteko bide bakarra erreferente ona izatea da. Errespetuzko eta enpatiazko erreferentea izatea», dio.
Prebentzioa sendagai gisa. Guzti honek gure osasun mentala zaintzeko beste gakoetako batera eramaten gaitu: prebentzioa. Baina honetara heltzeko aurretik pausoak eman behar dira, kausak ezagutuz. Bi adituen arabera, hiru dira ohikoenak: estresa, lan gehiegi izatea eta autoexigentzia gehiegi jartzea.
Honen ostean, hauek ekiditzea da hartu beharreko erabakia. «Beharrezkoa da ulertzea gizakiok ugaztunak garela eta taldeetan bizi garela. Beharrezkoa da gure artean ondo tratatzea», azpimarratu du Madariagak.
Ohiturak hartzea, oso osasungarria. Berarekin bat dator Mendez eta gomendio batzuk gehitzen ditu: «Norberaren zaintzara bideratutako ohitura osasungarriak gauzatu behar ditugu, hala nola, kirola edo meditazioa bezalako praktika. Gure egunerokoan gelditzeko eta gure gorputzarekin eta buruarekin lotzeko aukera ematen digutenak».
Pandemiak gure osasun mentalean izan duen eragina ere kontuan izatea eskatzen du Madariagak: «Beldur mezuak entzun ditugu egunero hainbat hilabeteetan zehar. Ezin ginela jendearekin batu, estalita joan behar ginela… Nahiz eta covid-ari aurre egiteko beharrezkoak izan, kalte handia egin du jendearen osasun mentalean». «Zaindu gaitezen», nabarmendu du. •