Egurbideen garrantzia gurean
Eduren pasarte historikoak
BINKE / 2021eko ekaina
Egurbideen garrantzia gurean
TESTUA: Edu Madina Etxebarria
ARGAZKIA: Edu Madinaren artxiboa
Herri-lurren inguruan idatzi neban aurreko batean, eta oraingoan egurbideen inguruan berba egitera nator Binkeren bidez. Aurrekoan be esandako moduan —binke.eus webguneko erreportajeen atalean irakurgai dagoz nik argitaratutako atal guztiak—, Galdakaoren sostengu-ekonomiko nagusia bere mendi zuhaizti komunak ziran; herri-lur eta egurbideen artean banatutakoak. Herri-lurrak herriaren beharrizanak asetzeko baliatzen ziran —aurreko kolaborazioan esan legez— eta egurbideak auzokideen etxeen beharrak asetzeko. Egurbideak —«suegurra», «egurças», «usa» edo «uesa» izenez be deitutakoak—, altuerako herri-lurren magaletan egoten ziran eta gorde egiten ziran sueteetako sugarri lez edo etxeetako obretarako. Estanislao J. Labayruren arabera, «egurza» berbak «leñero» esan gura dau —etxeetarako gordetzen dan egurra— eta izen honegaz ezagutu ziran Bizkaian helburu horietarako erabiltzen ziran mendiak. Juan Nuñez Larak bere 1342ko Koaderno Penaleko 31. artikuluan, «egurbide» berbari «usa» deitzen deutso: «En razón de los montes usas que ayan los fixos dalgo con el señor (…) para se aprovechar de ellos, para cortar madera, para façer sus casas quando las obieren de façer e para cortar leña para quemar».
Berbak alde batera utzita, eta herri-lurrekaz gertatu zan moduan, egurbideak asko murriztu zirean itxikeria, ardurabakotasun, udalaren kudeaketa txarra, interes partikular edo dana dalakoagaitik. Erdia baino gehiago desagertu egin ziran. Horregaitik, Santiago Abendaño abadeak auzitara eroan eban 1607. urtean garaiko Udala eta bere aurreko 30 urteetako agintariak korrejidorearen aurrera, berak egurbideen galtzearen arduradun izendatzeko eta berriz ez gertatzeko. Epaia Santiago Abendañoren aldekoa izan zan, eta horregaitik asko daukotso Galdakaoko herriak gizon honi eskertzeko; berari esker mantendu izan ebalako herri honek eta bere auzokideek bere ekonomia.
Holan ba, egurraren sostengua sustatzeko, mendi komunalak 10 herri-lur eta 10 egurbidetan zatitu ziren Galdakaon. Kontuan hartuta, gainera, mendi hauetako arbolak hamar urterik behin ebagitzen zirala, urtero bati egokitzen jakon urte horretako ebaketea. Hamar egurbideak hauek izan ziran, eta ordena hau jarraitzen ebagitzen ziran:
Lehenengoa «Olajaunbaso» izan zan, geroago «Careobieta» eta «Padarrola celai» gehitu jakozana, Padrola eta Erletxe artean. Bigarrena «Artola» izan zan, izen bereko auzoan. Hirugarrena Urgoitin egon zan, Burtotza mendiaren eta Erletxe artean. Laugarrena Uriburu inguruan egoan, Jugorarte. Bosgarrena «Obicorta» izenekoa, beranduago «Lupuola erreca y Olaran» eta «Gastelusolo» egurbideak gehitu jakozana. Seigarrena «Gaibe», «Arecha arroaga» eta «Garbe buru» gehituta, Lekubason. Zazpigarrena be Lekubason, «Sapoegui y Ossagaray». Zortzigarrena «Sapoegui» aurrekoan ondoan. Azkenaurrea «Pinoaga» Lekubason, «Ortuburu y Urrestui» gehituta. Eta azkena «Pagaza», «Lope Igartu, Olaeta y Aurlesa» gehituta ostean Zuhatzu eta Arteta artean, gaurko Maxam lehergaien enpresaren lurretan.