Eduren pasarte historikoak
BINKE / 2021eko urria

Artzaintzaren ganadurako Kortak

TESTUA: Edu Madina Etxebarria
ARGAZKIA: MCU-PARES-ARCHV-Planos, dibujos desglosados 482

Abeltzaintza funtsezko oinarria izan da Euskal Herrian, esan dezakegu bere jatorria artzaintzaren ekonomiarekin lotuta egon zela Neolitikoaren transhumantziatik, duela 5.000 urte baino gehiagotik. Horri eusten oso zehatzak izan gara, kontserbaziorako espazio eta ordenantzak sortuz. Artikulu honetan korta edo kortabasoei buruz arituko gara, gurean XII. mendetik dokumentatuta dauden eremuei buruz.

«Korta», «kortabaso», «uesea», «uesa» edo «usa» izenekin ezagutzen zen Bizkaian zirkuluan mugatutako lur-eremua, behi-aziendaren bazkarako erabiltzen zena. Denboraren poderioz, gure burdingintzarako beharrezkoa zen ikatza egiteko edota zura aprobetxatzeko ere erabili izan ziren. Gipuzkoan «sarobe» izenez ezagutu izan da, eta Araban, Bizkaian eta Nafarroan orokortuena «korta» izan da. Gaztelaniaz «sel» edo «cubilar».

Bi motatan banatzen ziren: udakoa, «kortaerdia» edo txikiagoa, mendialdean kokatua; eta negukoa, «kortaosoa» edo handiagoa, ibarretan. Horrek egungo transhumantziara garamatza, ganadua mendietan aurkitzen dugunean, udan, eta neguan haranetan biltzen denean.

Kortaren elementu nagusia «austarri» edo «errauts-harria» zen, Austerritza, Artamugarri eta Kortarri izenez ere ezagutzen zena, lekuaren edo probintziaren arabera. Kortaren erdian zegoen harri hau, eta artzaina bere artaldea zaintzeko egokitzen zen tokia zen, non bere otorduak prestatzeko eta hotzetik gordetzeko sutarako erabiltzen zuten. Kasu puntual batzuetan, austarri lana zuhaitz batek egiten zuenean, honi Austarriaretxa deitzen zitzaion, 1700-03-11an hasi zen auzi batean batu zuten bezala: «…Llegaron los susodichos a un roble grande, que era de mojón o que llaman Austarriarecha, de donde se miden los seles, para efecto de cortarle (…) conforme a lo dispuesto por las leyes del fuero de este Señorío los que ejecutan semejantes cortas deben ser desterrados por dos años de el y pagar el daño con el cuatro tanto, y por haber quitado dicho mojón en seiscientos maravedis» (AFB – JCR0719/008).

Kortak herri-lurretan zeuden eta bizilagunen artean banatu ziren, zuten ganadu kopuruaren araberakoak eskainita auzokide bakoitzari. Durangoko Foruan honela dio: «…Los que hobieren casería que vayan a la junta de Guerediaga e que demanden a los fijosdalgo y labradores y alcaldes que les den seles para mantenimiento de su ganado, e si este que demanda sel hobier fasta veinticuatro bacas suyas a este tal que dende cada jus dos homes buenos, el uno fijodalgo y el otro labrador y estos homes buenos que bayan ante el prestamero e con el merino para los montes de Durango e que le den tres seles, el uno de ellos que sea ybernal y los dos veranales e que le den en lugares convenientes…».

Hauen neurriak 252 estatukoak ziren negukoetan, eta 126 udakoetan. Jabetza zatigarria zen. Askotan erdia, laurdena, zortzikoa eta abar bezala agertzen dira, Kortaerdi, Kortalaurena eta abar ere deituak. Batzuetan Austarriko goiko erdialdea gurutzean edo izarrean banatuta egoten zen, lerro bakoitzetik partzero bakoitzari zegokion zatia neurtzeko.

Gumuzio mendiko kortak

1- Aitaonensemekorta. 2- Alarragorta. 3- Arrigiaga. 4- Artola. 5- Auspolaozaga. 6- Bideastibide. 7- Kortabarri. 8- Kortaederra. 9- Kortatxo. 10- Fistiagorta. 11- Gumuziozar beaskoa. 12- Gumuziozar gogeaskoa. 13- Hijosdalgoen korta. 14- Jaurola. 15- Lemoniaga. 16- Mikolaeta barria. 17- Mikolaeta zaharra. 18- Mikolaeta nagusia. 19- Mikolaeta txikia. 20- Mimerueta. 21- Pardo. 22- Peru Balzagagorta. 23- Tozubarrokorta. 24- Urtisabel.

Lekuebasoko kortak

1- Atxarola. 2- Aunsesieta. 3- Azaola. 4- Azarola. 5- Elorregi. 6- Emendarte. 7- Erriartadui. 8- Ertibai. 9- Eskaien. 10- Gomensola. 11- Gortatxi. 12- Isuskiza. 13- Isuskizaondo. 14- Osagaraiondo (Otzagaraiondo). 15- Uesea. 16- Umagortazaga. 17- Unsurbe. 18- Upo. 19- Urdaola.

Gangureneko kortak

1- Uraburu.

Kokatu bako Galdakaoko beste korta batzuk 

1- Artuzaurre. 2- Belaostegi. 3- Induspe. 4- Zubisondo.