Zerdiñozu kuadrila @zerdinozu
BINKE / 2021eko urria

«Galdakao edonork bizi nahiko lukeen herria da; herri perfektua»

GALDERAK: Lukainkulero kuadrila @lukainkulero

Nortzuk zarete eta nondik dator kuadrilaren izena? Galdakaoko gazte talde bat gara. Gehienak txikitan Gandasegin ezagutu genuen elkar, baina beste batzuk denborarekin elkartu dira gurekin. Kuadrilako izenari dagokionez, gutariko batek bere amari errepikatu ohi dizkion bi hitz dira, «ama, ezetz» hitzekin batera.

Zein da zuen kuadrilarik gustukoena? Gustukoena aukeratzea zaila da… Galdakaoko kuadrila bakoitzak bere berezitasunak dituelako eta hori da gure iritziz Galdakao ezberdin egiten duena. Hala ere, lasai egon kuadrila, zuek argi eta garbi ranking horretako «top 3»-an zaudete-eta.

Galdakaoko zein taberna gustatzen zaizue gehien? Argi dago Oñarte taberna gure bigarren etxea dela, oso gustora sentitzen baikara bertan eta Iñigo gutariko bat dela esan dezakegu.

Zerk identifikatzen zaituzte kuadrila bezala? Gure ustez kuadrila bezala juergazale apartak garela eta saltseoak identifikatzen gaituela. Bestalde, gure izaerak oso desberdinak dira eta hala ere puzzle bat bezala bat gatoz denon artean; eta horrek ere moduren batean identifikatzen gaituela uste dugu.

Gure herrian zerbait botatzen duzue faltan? Gure ustez Galdakao edonork bizi nahiko lukeen herria da; herri perfektua. Bertan denetarik daukagula uste dugu eta horregatik ez dugu ezer faltan somatzen.

Galdakaoko zein kuadrilarekin ligatu duzue gehien? Ligatzea betidanik gure ahalmenik gogorrena izan da, eta galdera honi zuen kuadrilaren izenarekin erantzutea gustatuko litzaiguke egia esan. Hala ere, guri isilpeko ligotea gustatzen zaigu, eta hori bai, mago batek ez ditu inoiz bere trikimailuak azaleratzen.

Txosnak ala diskoteka? Bizi izan dugun pandemia honen ostean ez gaude eskakizun berezietarako, dantza egin daitekeen edozein gune edo toki beti izango dira ongi etorriak guretzako!

Zein da zuen Santakurtzetako frogarik gustukoena? Kukaina edo playback-a dira gure frogarik gustukoenetarikoak baina besteetan ere oso ondo pasatzen dugula ukaezina da. Gainera, gure kuadrilako bi kide txikitan makina batzuk ziren goitibeheretan, ezin dugu ahaztu urte pare bat jarraian podiumean gelditu zirela.

Covid-arekin gehiago ala gutxiago ligatzen da? Argi dago Covid-aren ondorioz gutxiago ligatu dugula guztiok, juergak oso desberdinak izan direlako. Jesarrita, ordu jakin batera arte, musukoarekin… ligatu bakarrik txapeldun peto-petoek egin dute.

Zein iritzi duzue Galdakaoko gazteriari buruz? Galdakaoko gazteria oso juergazalea dela uste dugu eta hori herriko gauza onenetarikoa da. Hortaz gain, gazte eta kuadrila desberdinen arteko giro ona aipatzekoa dela uste dugu.