
Astrologia kontsulta bat dauka lehenengoz Galdakaok, Fran Sierraren eskutik
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaok astrologia kontsulta bat dauka lehenengoz pasa den hilabetetik, Fran Sierraren eskutik. Bizkai kalean kokatuta dago eta «giro seguru eta hurbilean bakoitza bere buruarekin konektatzeko aukera eskaintzen duen» espazioa da.
Autoezagutzarako tresna bat da astrologia, psikologia, hizkuntza sinbolikoa eta gure kontzientziaren erritmoekiko lotura sakona biltzen dituena. Horrela definitzen du Fran Sierrak, Galdakaon astrologia kontsulta bat ireki berri duenak, herriko lehenengoa.
Espazioa Bizkai kalean kokatuta dago, eta «giro seguru eta hurbilean bakoitza bere buruarekin konektatzeko aukera» eskaintzen du. «Argitasuna eta autoezagutza lortzen dute kontsultara etortzen direnek. Askotan zalantzekin etortzen dira, blokeoekin edo galduta egotearen sentsazioarekin, eta astrologiak laguntzen du argia jartzen lehen nahastea baino ez zegoen tokian», azaldu dio BINKEri Sierrak. Horretarako nazio-gutunarekin lan egiten du, «azaletik haratago nor zaren islatzen duen mapa energetiko bakarrarekin».
Nor den eta munduan bere lekua zein den galdetu dio bere buruari betidanik Sierrak eta kezka honek eragin duen bilaketa horrek astrologiako ikastaro batean izena ematera eraman zuen. Geroztik, «etengabe ikasi, ikertu eta lagundu ditut beste pertsona batzuk hain bide eraldatzaile honetan», eta orain Galdakaoko kontsultan ere egiten du.