Memoria Astea
BINKE / 2022ko maiatza

Galdakaoko bonbardaketaren 85. urteurrena oroituko da 16tik 22ra

TESTUA ETA ARGAZKIA: Binke

Tropa faxistek Galdakao bonbardatu zutenetik 85 urte beteko dira maiatzaren 19an, eta sarraski haren gaineko «memoria ariketa sakona» egiteko Memoria Astea antolatu dute datorren astelehenetik aurrera Galdakao Gogorak, Aranzadik eta Udalak.

Data esanguratsua beteko da tropa faxistek Galdakao bonbardatu zutenetik, 85 urte. «Eta daukan garrantzia emoteko urteurren berezia» antolatu du Galdakaoko Udalak, Iñigo Hernando alkateak bariku honetan aurkeztu dan Memoria Asteko prentsaurrean esan duen bezala.

Prentsaurre horretan protagonismoa hartu dute Galdakao Gogora elkarteko Yolanda Larreak eta Edu Madinak, Ander Aperribai historialariak, Xabi Ealo «1937: Udaberri bako urtea» dokumentalaren egileak eta Bego Larrea bonbardaketako biktimen senideak.

«Egia, justizia eta erreparazioa exijitu aurretik, memoria ariketa sakona» egiteko beharra aldarrikatu du Hernandok gaurko aurkezpenean, eta bide horretan «Memoria Astea oso garrantzitsua» dela azpimarratu. Horregatik, eskerrak eman dizkie aurkezpenean izan diren pertsona eta elkarteei, baita bertan egon ezin izan den baina Memoria Astearen parte ere baden Aranzadi Zientzia Elkarteari ere.

Alkatearen esker oneko berben ostean Ander Aperribaiek hartu du hitza, maiatzaren 16tik 22ra bitarte Galdakaon antolatuko den Memoria Asteko ekintzen berri emateko.

Hauek dira, egunez egun, datorren astelehenetik aurrera Galdakao orain 85 urte bonbardatu egin zutela inoiz ez ahazteko antolatutakoak:

Memoria Astea 2022

Maiatzak 16, astelehena
19:00
. Erakusketaren aurkezpena Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa aretoan.

Maiatzak 17, martitzena
19:00
. Ione Zuloagaren hitzaldia Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa aretoan.
«Emakumeen aurkako errepresio frankista gerra garaian eta gerra ostean».

Maiatzak 19, eguena
Galdakaoko bonbardaketaren 85.urteurrena
12:00. Omenaldirako ekitaldia Plazakoetxen
19:00. 1937: Dokumentalaren emanaldia Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa aretoan Xabi Ealoren eskutik.
«1937: Udaberri bako urtea»

Maiatzak 20, barikua
18:00
. Bisita gidatua Herri Barneko Memoriaren Ibilbidetik Kurtzeko plazatik hasita.

Maiatzak 21, zapatua
09:00
. Bisita gidatua Burdin Hesitik Kurtzeko plazatik hasita.

Maiatzak 16tik 22ra
«Gerra Zibila Galdakaon» erakusketa Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa aretoan.